Docutec Card

Etxeko zapatilak

Etxeko zapatilak hizpide hartuta, hemen duzue Unai Elizasuk Hitzan idatzitako artikulua. Baina, nolakoak dira zureak? ala oinutsik ibiltzea gustatzen zaizu?

Gogoan dut neure burua, hamar urtera iristeko nintzela, lehoi itxurako etxeko zapatila haiekin. Jartzeko lanak ematen zituen. Ia galtzerdiak jartzea bezain zail egiten zitzaidan zapatila haiek jartzea. Baina behin jarrita, etxeko lehoia gisara ez, baina lehoi bat etxean bezela sentitzen nintzen. Goxo eta bero.

Urteak aurrera joan ahala, ardi larru itxurako barrukaldea zuten zapatila goxo haiek etorri ziren nire oinetara. Pentsatze hutsak, berotu egiten dizkit hanka barrenak. Jartzeko errezak izan arren, irristakorrak izatearen oroitzapena dut. Adina ere halakoxea izango zen. Goxoa bezain irristakorra.

Gogoan ditut nerabe garaiko eskoziar kolore-laukidun haiek. Nerabeentzako zapatilarik ez zegoen eta egun ere, ez dut uste badenik. Atzetik irekiak ziren, eroso gisara saltzen zituzten, baina erosoak ez ziren. Behatzekin indarra egin behar hori, zapatilek hegan egin ez dezaten. Arranoak bere presa heltzen duen bezela heldu behar genituen zapatilak hanketatik hegan joan ez zitezen.

Alpargatak ere izan nituen. Bere zola lakar eta lehor hori sentitzeak, ustezko erostasun horretan, gustora geundela disimulatzen genuen.

Izan dut ere, etxean zapatilarik gabeko garaia. Libre, huts eta hotz. Behatzak airean. Azkazalen itsusiaz ohitzeraino.

Txankletak ere izan ditut etxean ibiltzeko oinetako. Behatz lodi eta luzearen artean, helduleku txiki bati eusten pasatakoak. Helduta baina dena bistan, dena airean, dena libre.

Etxeko zapatilak begiratzen ari naizen honetan etorri zaizkit idea guzti hauek burura. Kolore bizitakoak edo kolore ilunekoak… atzetik irekiak edo itxiak… zaharrenak diruditenak edo katu aurpegia dutenak… beroak edo hotzak.¿¿ Norbere unean uneko egoerak, eta etxean janzten dugun zapatilak, lotura handia duela esango nuke.  Begiratu zer janzten duzun etxean ibiltzeko, eta zure egoerarekin parekotasunik duen ikusi. Akaso, bat datoz… akaso, ez; baina, etxeko zapatilek hainbesteraino ematen zutenik!

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment