Docutec Card

Beheraino iritsi al da etxeen prezioa?

Itxaron edo ausartu, horixe da galdera etxe bila dabiltzanentzat. Gaur-gaurkoz esan daitekeena da milaka euro behintzat merkatu direla azken urteetan.

Demagun norbaitek 90 metro koadroko etxe bat erosi nahi duela eta azken 90 hilabeteetan —zazpi urte eta erdian— hileroko soldata osoa gorde duela horretarako. Hau da, hilabete bakoitzean metro koadroa erosteko adina aurreztu du. Zenbateko soldata izan du pertsona horrek? Ezer gutxitarako balio duen ariketa da hori asmatzea, kontuan hartu behar baita etxe bat erosteak etxearen prezioaz gain bestelako gastu batzuk ere sortzen dituela, hala nola hipotekarenak, eskriturak egitearenak... Alabaina, erantzun erraza du: 2.320 euro, Espainiako Sustapen Ministerioaren arabera batez beste hala balio baitu metro koadroak gaur egun Hego Euskal Herrian. Eragiketa horretan ageri da azken urteotan etxebizitza merkatuan gehien sortu den zalantza bat: zer komeni da aurreztea eta erosketa ahalik eta gehien atzeratzea ala jaitsi behar zuten beste jaitsi dira prezioak jadanik? Denborak emango dio erantzuna galdera horri; gaur-gaurkoz esan daitekeena da zer gertatu den azken urteetan.

Zein egoera islatzen dute datuek?

Hego Euskal Herrian, prezioei dagokienez, 2008ko lehen hiruhilekoan jo zuen goia etxebizitzen merkatuak. Tarte horretan, 5.842 etxe saldu ziren, eta, batez beste, 2.764 euroan tasatu zen metro koadroa. Espainiako Sustapen Ministerioak emandako datuak dira, eta etxebizitza berriak nahiz bigarren eskukoak hartzen ditu kontuan, merkatu librekoak bakarrik.

Erakunde horrek berak argitaratutako azken txostenari begiratuta, argi eta garbi ikusten da merkatuak zenbateko atzeraldia izan duen. Iazko hirugarren hiruhilekokoak dira kopuruak. 2.197 etxe saldu ziren, eta tasazio etxeek 2.320 euroko balioa eman zioten metro koadroari. Hau da, salmentak 2008ko urte hasieran baino %62 txikiagoak izan ziren, eta tasazio prezioak, %16 inguru merkeagoak. Herrialdeetakoak ez ezik, 25.000 biztanletik gorako herrien datuak ere ematen ditu Sustapen Ministerioak. Horietan are handiagoa da jaitsiera. Tuteran, esaterako, %38tik gora merkatu da metro koadroaren tasazioa, eta hiririk garestienean ere, Donostian, %16 baino gehiago.

 

 

Posible da tasatutakoaren eta salerosketako azken prezioaren artean ezberdintasunak egotea. Horregatik, Sustapen Ministerioaren datuak baino fidagarriagoak izan daitezke INE Espainiako Estatistika Institutuak emandakoak, nahiz eta biek joera berbera erakutsi ohi duten. Notarioaren aurrean egindako eskriturak hartzen ditu kontuan INEk. Ez du metro koadroaren prezio konkreturik ematen, aurreko hiruhilekoarekiko eta aurreko urtearekiko aldea soilik baizik. Zeinu negatiboa da nagusi. 2008tik ez da salbuespenik izan; hiruhileko guztietan aurreko urtean baino merkeago zeuden prezioak. Hori bai, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, azken sei hilabeteetan zertxobait garestitu dira prezioak.

Zein egoera ikusten dute saltzaileek?

Zifrek esaten dutena eta norberak ikusten duena ez dira beti bat etortzen. Kasu honetan, ordea, sektorean lan egiten dutenen iritziak ez daude inkestetatik oso aparte. Tamaina eta kokapen ezberdinetako herriak dira Donostia, Laudio (Araba) eta Elizondo (Nafarroa). Ados daude, ordea, Etxe Bila, Etxaurre eta Anzabal agentzietako arduradunak: asko jaitsi dira prezioak.

Zenbait kasutan %50eko kopurua ere izan dela esan du Itziar Goienetxeak, Donostiako Etxe Bila agentziako arduradunak. "Amaran, Felipe IV.aren etorbidean, 407.000 euroan saldu zen etxe bat prezioek goia jo zutenean. Orain, 200.000 euroan dago". Sustapen Ministerioaren datuek diote Donostian, batez beste, %16 inguruko jaitsiera izan dutela salneurriek. "Ez, gehiago jaitsi dira", baieztatu du Goienetxeak, batez ere bigarren eskukoak.

Araia bailaran ere heren bat inguruko jaitsiera izan dela dio Etxaurre agentziako Iera Garaiok. «Gutxi gorabehera, %30 merkatu dira prezioak Laudion». Donostian ez bezala, jaitsiera batez ere etxe berrietan izan dela kontatu du. "Etxeak saldu ahal izateko, sustatzaileek prezioak egokitu dituzte, eta, ondorioz, eraikuntza berrien prezioa bigarren eskukoena baino merkeagoa da. Bigarren eskuko etxeen merkatua geratu egin da, stock hori amaitu arte". Hori bai, berritzeko premian dauden etxeen salmenta  ere suspertu da, "merkeagoak baitira, nahiz eta gero konponketetan dirua gastatu behar".

Garaiorekin bat datoz Anzabal etxe agentzian. "Proportzioan gehiago merkatu dira etxe berriak". Herri txikia izaki, aukera ere neurrikoa da Elizondon, eta horrek ere baldintzatzen du prezioa. "Saltzeko premian dagoenak jaisten du prezioa, baina premiarik ez duenak iraun egiten du. Jendea nahiko kontserbatzaile ikusten dut; prezio eskaintza apalagoei ezetz esaten die".

Zer gertatuko dela diote azterketek?

Etxebizitza merkatuaren burbuila lehertu zenetik zenbatezinak dira prezioa gehiago merkatuko den edo ez erakutsi nahian egindako azterketak, errealak baino gehiago, atzean interes asko dituztenak ere bai batzuk. Azken egunotan argitaratu dituzte euren usteak Caixa eta Bankinter bankuek. Espainiari buruzkoak izan arren, Hego Euskal Herriko bilakaera ere antzekoa izan daiteke. "Prezioen egonkortasuna gerturatzen ari da", adierazi du Caixak. Hurrengo hiruhilekoetan oraindik ere salneurriak merkatzea espero du, nahiz eta ez duen baztertu «unean uneko gorakadarik».

Joera aldaketa azkarrago etor daitekeela dio Bankinterrek. "Bost urte eta erdian lehen aldiz, etxebizitza sektoreak suspertze zantzuak erakusten ditu. Egoerak lurra jo du, eta orain egonkortze fase bat etorriko da. Haren ostean hasi beharko du susperraldi mantsoago batek". Adierazi du aurten bertan hasiko direla salmentak igotzen. Pisos.com atariak ere eman du bere aurreikuspenen berri: "Errentagarritasuna bermatuta dagoen guneetan eta balizko erosle kopuru bat dagoen tokietan, prezioak mantendu egingo dira; igoera txikiak ere ez dira baztertzen", adierazi du Miguel Angel Alemany zuzendari nagusiak.

Urrunagotik begiratu dio egoerari Londresko The Economist astekari ekonomikoak. Esan du, familietako soldatak kontuan hartuta, etxeen prezioak %10 gainbaloratuta daudela Espainian. Etorkizuneko alokairuen eta soldaten aurreikuspenak kontuan hartuta egin ditu kalkuluak. Iaz, %20ko gehiegizko balioa zutela esan zuen. Europako beste hainbat herrialdetan are handiagoa da aldea: Belgika (%49), Erresuma Batua (%26) eta Herbehereak (%19) dira adibideetako batzuk.

Zer gertatuko dela uste dute saltzaileek?

Saltzetik bizi denak nekez esango du prezioa epe laburrean jaitsi egingo dela, horrek atzera egitera bultza baitezake balizko eroslea. Espainiako merkatuari buruz hitz egitean, esaterako, maiz esaten da oraindik jaitsieretarako marjina handiak daudela. Bi faktore nabarmentzen dira: alde batetik, etxe berrien stock handia dago, batez ere Mediterraneoan; bestetik, bankuek etxe askoren jabe egin behar izan dute, eta horiek berriro merkatura atera nahian ari dira.

Euskal Herrian, ordea, arazo horiek ez dira hain nabarmenak; saldu gabe dauden etxe berriak ez dira hainbeste, eta finantza erakundeek ez dauzkate etxe gehiegi. Horregatik, lan merkatuaren gainean dauzkate jarrita begiak saltzaileek, uste baitute haren egoerak baldintzatuko dituela salmentak. Prezioak are gehiago jaitsiko diren galdetuta, ezetz ez dute erantzuten. «Salneurrien jaitsiera oraindik ez da geratu, baina aurrerantzean gehiago jaitsiko diren ez dakigu», adierazi du  Etxe Bilako Goienetxeak. "Iaz arte, etxejabeek egunero deitzen ziguten prezioak merkatzeko eskatzeko. Oraingoz, esan dezakeguna da dei horiek gutxitu direla. Era berean, egia da orain prezioak eguneratuago jartzen direla, ez lehen bezain goitik", gaineratu du.

"Laneko egonkortasuna handitzen bada, printzipioz, eskaerak handitu egingo dira, eta prezioak gelditu egingo dira", adierazi du Laudioko Etxaurre agentziako Garaiok. Balizko bezeroak beldurtuta ikusten dituzte Elizondoko Anzabalen. "Erosi nahi izanda ere zalantzak ditu jendeak".

Prezioa al da arazo nagusia?

Egoera ekonomiko txukuna edukitzeaz gain, erosleak kasurik gehienetan daude behartuta dirua utziko dien bazkide bat izatera, gutxiren esku baitago salneurri osoa aurreztua izatea. Saltzaileak zeharo haserretuta daude finantza erakundeekin. "Errudunak eurak dira; salerosteko orduan horma bat jartzen digute aurrean. Ez dute hipotekarik ematen, eta ez badira hortik hasten...", esan dute Anzabalekoek.

Adierazgarriak dira hipotekei buruz emandako datuak. Iazko urrikoak dira azkenak. Hego Euskal Herrian, 1.048 hipoteka sinatu ziren; 2008ko urtarrilean, esaterako, 4.100 eman ziren. Diru kopuruan ere badago alderik. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, esaterako, 162.700 eurokoak izan ziren batez besteko kopuruak orain bost urte. Iazko urrian, berriz, 119.000 eurorenak izan ziren batez besteko maileguak.

"Oso bezero onei bakarrik ematen dizkiete hipotekak, mediku, irakasle, funtzionario eta halakoei", kontatu du Goienetxeak. Zenbait ikerketaren arabera, hasi dira iturria zertxobait irekitzen; alabaina, hipotekak lortzen dituztenek ere lehen aldean baldintza gogorrei aurre egin behar diete. Izan ere, Euriborraz gaineko diferentziala ahalik eta txikiena izateko, bezeroak bankuaren beraren beste hainbat produktu erostera behartzen dituzte.

Zer ari da gertatzen alokairuarekin?

Dirua harrika botatzea iruditzen zaio zenbaiti oraindik alokairua ordaintzea. Halere, eskaera hori handitzen ari dela nabari dute etxe agentzietan. "Batzuek prezioak gehiago jaitsi zain daudelako jotzen dute alokairura; beste batzuek, lanean egonkortasunik ez dutenez etxerik erosterik ez dutelako", azaldu du Garaiok.

Etxe Bilan, eskaintza falta dute alokairurako eskaerari aurre egiteko. "Donostian beti egon izan da eskaera handia, eta orain ere bai", dio Goienetxeak. Merkatu horretan ere nabari da, ordea, prezioen jaitsiera. "Amara auzoan, esaterako, etxe bakoitza 150 euro inguru merkatu da".

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment