Docutec Card

Ramon Labaien: "Txikitan bihurria omen nintzen"

"1928an jaio nintzen, Tolosan, jendea orduan jaiotzen zen bezala, sukaldeko mahai gainean. Bi anaia gara eta ni naiz zaharrena. Anaia baino errazago hazi omen ninduten. Hura garaia baino lehen jaio zen eta medikuak pentsatzen zuen ez zela biziko. Baina, nire ama gogotik saiatu zen. Haurra guata artean jarri, eta ekonomikako labean edukitzen zuen epel-epel. Horrela atera zuen amak aurrera. Nire amaren asmaketa izan zen hura".

“Ikastolan ikasi nuen. Tolosan garai hartan bi ikastola zeuden, gela bakarrekoak. Denak batera egoten ginen, neskak eta mutilak eta adin guztietakoak nahasian. Gela hura ikasgela eta jolasleku ere bazen, baita pilotalekua ere. Akordatzen naiz gabardinak zintzilikatzeko gakoen gainean marra bat zegoela. Hura zen gure txapa. Hantxe ibiltzen ginen pilotan. Ikasi ere zerbait ikasi genuen. <<Xabiertxo>> zen gure liburu nagusia, edo bakarra. Lehengo ikastoletan hori erabiltzen zen”.

Ihesi

Aita, Antonio Maria Labaien, industri gizona zen, baita Tolosako alkate ere, gerra piztu zenean. Horregatik, Ramonek, zortzi urterekin, Tolosa utzi beharko du. Lehenengo, Zarautzera. Handik Loiolako Eusko Gudarostearen koartel jeneralera, eta, laster, Oñatira. Aitak ihes egin behar izan zuen, familia Oñatin utzita. Ez ziren hilabete gozoak izan haiek, falangistaz inguratuak: “Nire amak, seguritate-piska bat izateko, beti arazoak izaten genituen eta, falangean sartu ninduen. (…) Ez, ez dut orduko argazkirik. Instrukzio militarra eta egiten genuen (barrez)”.

“Beste aldera ihes egin genuen laster, aitarengana. Ziburun egon ginen bi edo hiru hilabetetan, angulak jan eta jan. Garai horretan janaririk merkeena Donibanen angula zen, haiek ez zuten jaten eta. Angula goizean, angula arratsaldean”.

Saran prefekturaren etxea alokatuko dute. Eta hantxe egingo dute zenbait urte, osaba-izeba, eta Hegoaldeko beste zenbait iheslarirekin batera: “Etxe txiki honetan babesten ginen guztiak –dio argazkia erakutsiz-. Denak xentimorik gabe, baina ondo bizi ginen, batez ere haurrak”.

“Zortzi urte nituen bertako eskolan hasi nintzenean. Jendeak euskaraz bakarrik egiten zuen eta zigortuta egoten ginen egun guztian horregatik. Bi edo hiru urtetan egon nintzen Saran eta ez nuen tutik ere ikasi frantsesez. Liburuak ez genituen ulertzen eta La Marsellesa zer esaten genuen jakin gabe kantatzen genuen. Giroa zeharo euskalduna zen”.

Ume bihurria omen zen Ramon. Ez omen zuen esandakoa egiten. Agian, bi gerratan ezagututako gorroto eta gatazka-giroak izango zuen eraginik. Izan ere Hegoaldeko gerra bukatu eta Munduko Bigarren Gerratean murgilduko dira Iparraldean. Armada frantsesaren eta poloniarraren atzetik, alemaniarrak azalduko dira. Ordurako, Sara utzita, Donibane-Lohizunen zegoen Ramon batxilerra egiten: “Alemanek, nire ikuspuntutik, bi gauza zuzen egin zituzten. Aurrenekoa, oporretan aurkitu genuen geure burua. Eta, bigarrena, sartu zirenean, udaletxearen parean jarri ziren motoziklistak, eta akordatzen naiz nola hango batek hurbiltzeko keinua egin zidan. Beldurrak aidean hurbildu nintzen eta hark <<Zigaretten>>  erosteko esan. Korrika joan nintzen tabakodendara. Soldaduak hogei liberatako eskupekoa eman zidan. Nik ez nituen hogei franko batean ikusi nire bizian. Geroztikan germanofilo nintzen”.

“Donibanen hasi nintzen marrazten. Ordurako soldadutxoak marrazten nituen kartoiaren gainean eta gero guraizeekin mozten. Segurasko, gerra artean bizi izan nintzelako. Giroa zeharo militarista zen. Bestalde, Frantziako historia, eskolan erakusten zen bezala, bataila gora, bataila behera… beste konturik ez zegoen”.

Hegoaldera berriz

1942an gurasoek, Ramonen ustez, okerreko erabaki bat hartu zuten, semea Donostiara bidaltzea, batxilerra egitera, hango batxilerrak ez bait zuen Hegoaldean balio. Urte latzak izan ziren haiek, gurasoengandik banatuta, Hegoaldeko kultur giro eskasean murgildu beharra eta nazionalkatolizismoa… Eskerrak batxilerreko azken urteetan politikarekin arnasa berria hartzen hasi zen!: “Gaztedi Abertzalea bultzatzen hasi ginen. Gogoratzen naiz nola biltzen ginen Alvarez Enparantzaren inprentan, goardiazibilen koartelaren ondo-ondoan. Euskara ikasten genuen, <<Euskaldunak>> liburua irakurtzen genuen eta euskal historia ikasi. Geure teoria politikoak genituen, askotan sinple samarrak. Guk pentsatzen genuen, aliatuen garaipenaren ondoren, Franco eroriko zela eta berriz ere Eusko Gudarostea sortu beharko zela, boterea hartzeko. 1946-47-48 urte-inguruan zen. Profeta txarrak izan ginen!”.

San Adriango kontserba-lantegian piperrak minak ote ziren jakiteko, dozenerdi bat atso egoten ziren, piperrei kosk egiteko

Kimika-ikasketak aukeratuko ditu, berez, zientzietarako baino letretarako joera handiagoa bazuen ere. Osabaren gomendioa izan zen, etorkizun handia omen zuen eta zientzia horrek. Madrilen egin zituen ikasketak eta, ondoren, Britainia Handira jo, jaki izoztuei buruzko ikastaroak egitera. Handik itzulita, San Adriango kontserba-lantegi batean hasiko da lanean: “Babak, alkatxofak eta mertxikak izozten genituen, Ingalaterrara bidaltzeko. Sekulako aldea ikusi nuen hemen Ingalaterrako lantegi garbiekin gonbaratuta. Han bai sinismena laborategietan eta zientzian! Hemen, berriz, zer arraio! Piperrak minak ote ziren jakiteko, dozenerdi bat atso egoten ziren, piperrei kosk egiteko. Hura zen hura! Bi denboraldi egin nituen han”.

Hotel Londresen soldadugile eta “enbaxadore”


Eta handik Donostiako Hotel Londresera. Sukaldean hasi, jan izoztuekin eta aprobak egiten, eta handik hiruzpalau urtera hoteleko zuzendari. Garai horretakoak dira Ramonen berunezko lehen soldaduak. Haurtzaroko soldaduen marrazkietatik berunezko soldaduak egitera pasa zen eta izugarri zaletu. Ehundaka liburu bilduak ditu gai horren ingurukoak. Bere soldadutxoak mundu guztian sakabanatuta daude. Dirudienez, Kissingerrek berak ere baditu batzuk.

Ramonen berunezko soldadutxoak mundu guztian sakabanatuta daude

Zuzendari-lanetan denetik jakin behar da piska bat, baina batez ere giza harremanetarako erraztasuna izan behar. Eta Ramonek bazuen horretarako dohaina. Euskadiko “enbaxadore” ere izan zen garai hartan. Francok, oporretan Donostiara etortzen zenean, berekin ekartzen zituen beste herrialde askotako enbaxadoreak. Horietako asko Hotel Londresen egoten ziren. Ramonek Ollaurira eraman eta han “euskal errealitatea” erakusten zien. Txinako enbaxadorea, Amerikakoa, Hegoafrikakoa, Holandakoa eta beste zenbait ere izan ziren berekin. Hoteleko lana eskola ona izan zen nonbait politikara salto egiteko. Donostiako alkate-orde izan ondoren, Eusko Jaurlaritzako Kultur Sailburu izendatuko dute. Bere garaikoak dira HABE, EITB, Euskadiko Orkestra Nazionala, Antzerti eta abar: “Ez genekien zenbat denbora iraungo zuen Estatutuak, zenbat Kontzertu Ekonomikoak. Pentsatzen genuen denbora laburra genuela eta egitekoak asko. Dirua gastatzeko momentua zen hura. Zorrak gelditzen baziren ere, ez zuela batere inporta, kontua gauzak egitea zela, baimenarekin edo baimenik gabe, presupuestoarekin edo presuposturik gabe. ETBk, esate baterako, lehen emanaldia 1982-83ko muga horretan egin zuen, abenduan. Presupostuak, berriz, beranduago onartu ziren Legebiltzarrean”.

Donostiako alkate, gero, eta, bukatzeko, egun, EAJeko parlamentari Eusko Legebiltzarrean, bizibide nagusia Andoainen badu ere, Sapa kainoi-lantegian.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Feb 15, 1990
Number: 1489066
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 2357