Docutec Card

Seme-alabak

Esan ohi didate ez dakidala ama izatea zer den, ezin dudala sentitu ama batek sentitzen duena. Ados, ez naiz ama, baina bai alaba.

Esan ohi didate ez dakidala ama izatea zer den, ezin dudala sentitu ama batek sentitzen duena. Ados, ez naiz ama, baina bai alaba, eta ongi dakit gurasoentzat zer garen seme-alabok: dena emana, baldintza gabeko babesa, maitasun itsua. Ama ez izanagatik, gainera, are gutxiago asma omen dezaket seme-alaba bat galdutakoan sentitzen dena. Atsekaberik latzena omen da, minik handiena, hutsune infinitoa.

Hartara, nola ulertu filizidioa, nola Santiagoko neska horri ustez egin diotena. Ume zelarik Txinan adoptatua, zertarako eta, zera, urte batzuk geroago bizitza errotik mozteko. Gajoa, Endarlatzatik irten zen, Endarlatzagora joateko.

Jakin nahi nuke zer kristo duen buruan alaba hiltzeko gai denak. Zer ezoreka mota, urrundik ekarri, zaindu, hezi eta hazten ikusitako alabatxoa gupidarik gabe akabatzeko.

Neu, alaba izanik, ez nuke sekula usteko amak, aitak edo biek hil nintzaketenik, eta ez dut pentsatu nahi neska horrek bereak halako basakeria egiteko gai ikusiko zituenik.

Auskalo susmorik ote zuen. Litekeena da txikitan kolunpiotik jausi eta belaunetik odola zeriola bertan utzi izana, negarrez eta bakarrik. Beharbada, ikasle bizkor eta artista trebea izateak gurasoak poztu ordez amorratu egingo zituen. Akaso ez zuten jada maite. Edo bai. Asko maiteko zuten agian. Maitatu, zera, zentzuak kale egin zien arte. Behin burua galduta, eromenak erotuta, akabo, bost axola alabak, eta sei haren bizitzak.

Inoiz ama izan nahi izan badut, gaur da eguna. Behar ez zuen tokira eramana izateko zoritxarra izan zuen alaba horren ama nahi nuke izan. Eta huraxe izan zedin ama izatea zer den erakutsiko zidan alaba.

Ane Muñoz

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1
Oct 8, 2013
Number: 1432130
Source:
Number of visits: 4791