Docutec Card

Amy Winehouse

Amy Winehouse 27 urte zituela hil zen; orain biziko balitz, 33 urte izango lituzke. Abeslariaren heriotzaren ondoren, musika-munduak ahots preziatu bat galdu zuen, baina horrekin batera mito berri bat sortu zen.

Bere ibilbideari argazkia atera nahi izan diote Euskadi Irratiko Amarauna irratsaioan.

Transcription:[+] Transcription:[-]

ESATARIA 1. Gaur bizi balitz 30 urte beteko lituzke; 27rekin hil zen duela 2 urte uztailean.

ESATARIA 2. Musikarako zaletasuna txiki-txikitatik garatu zuen Amy Winehouse-k. Jazz estiloko doinuak nagusi ziren bere etxean, eta Frank Sinatraren abestiak kantatzen orduak eta orduak ematen zituen Amyk umetan. Eskolan ez zen ongiegi moldatu, egia esan: ikastetxe batetik bestera ibili zen hainbat urtetan. Deigarria, 10 urte zituela, Sweet ‘n’ Sour rap banda bat osatu zuen klasekide batzuekin. Nerabezarora iristean, berriz, gitarra bat oparitu zioten etxekoek, eta horrekin batera bere lehendabiziko kantuak konposatzen hasi zen. Handik Londreseko tabernetara egin zuen salto. Eta konturatzerako bere lehenengo kontratua sinatu zuen disketxe batekin; 16 urte zituen. 2003an bere estiloko lehendabiziko diskoa argitaratu zen; Frank izeneko lan horretan jazz eta soul doinuak nagusi ziren.  Abesti gehienak Amyk berak elkarlanean idatzi zituen, eta diskoak harrera bikaina eskuratu zuen, batez ere bere herrialdean, Erresuma Batuan. Glastonbury–ko musika-jaialdi erraldoian estreinakoz jotzeko aukera ere izan zuen, marka ezin hobea abeslari gazte eta hasiberri batentzat. Nazioarteko arrakasta, berriz, bere bigarren lanarekin iritsi zitzaion. 2006ko urria zen, orduan argitaratu zuen Amy Winehousek Back to Black. Rehab  izan zen disko horretako bere lehendabiziko single-a. Aspaldiko soul doinuak ekarri zizkigun gogora, baina aldi berean baita ere oso garaikidea zen. Eta ez-ohizko nahasketa horrek muga guztiak hautsi zituen. Sentimenduz betetako bere ahots beltz eta hautsi horrekin irrati-formuletako erregina berria genuen Amy. Tabloide eta aldizkariei esker, bestalde, irudi berezia, eta batez ere neurriz gaineko orrazkera hori ezagutu genituen. Eta garrantzitsuena, kritika eta musikazaleak, denak bat zetozen abeslariaren kalitatea goraipatzerakoan. Musika-sariak ere berehala iritsi ziren, eta horrekin batera, salmenta itzelak. Konturatzerako XXI. Mendeko diskorik salduena genuen Back to Black, eta Amy Winehouse modako abeslaria.

Baina arrakastarekin batera arazoak ere iritsi ziren abeslariaren bizitza pertsonalera. Lehendik ere alkoholarekin eta drogarekin gehiegikeria bat baino gehiago eginak zituen Amyk. Baina menpekotasun hori areagotu egin zen, eta neurriz kanpoko hainbat gertaeratako protagonista bihurtu zen abeslaria. Bere gurasoek okerrenerako prest zeudela onartu zuten; hitz gogorrak, zalantzarik gabe, baina pisu handikoak; arrazoirik ez zitzaien falta. Musikari zegokionez, Back to Black-en ondorengoa prestatzea erronka handia zen, handiegia akaso. Eta …  abestiren bat grabatu arren, jarraitzaileek hainbeste desio zuten, edo genuen, estudioko diskoa ez zen iristen. Zola gainean, ordea, bai. Tarteka zuzenean ikusi ahal izan genuen Winehouse. 2011ko udan Europan zehar kontzertu-bira eskaini behar zuen abeslariak. Bilbao BBK Live-era etortzekoa zen, baina Belgradon kontzertu negargarri bat eman ostean, bira osoa bertan behera utzi behar izan zuen. Eta hilabete geroago, uztailaren 23an hilik topatu zuten Londreseko etxean; 27 urte besterik ez zituen Amy Winehousek.

Hainbat hipotesi aztertu ostean, forentsearen azterketa erabakigarria izan zen: odolean alkohol-tasa hilgarria zuen: bere etxean hiru botila vodka topatu zituzten, hutsik hirurak. Heriotzarekin batera Amy Winehouseren ahotsa betirako itzali zen, bai, baina horrekin batera mitoa sortu ere bai.

Amy bizirik zela grabatutako hainbat kantu ineditoz eta bertsioz osatuta, Lioness: Hidden Treasures´               izeneko diskoa plazaratu zen 2011ko urtearen amaieran. Esan beharrik ere ez, arrakasta bat-batekoa izan zen. Eta zorionez musika hilezkorra denez, abeslaria hil ostean ere, bere musikaz gozatzeko aukera izan dugu. Eta hala jarraituko dugu aurrerantzean ere.             

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Sep 24, 2013
Number: 1416537
Duration: 00:04:29
Number of visits: 5316