Docutec Card

Batzuetan ez naiz neure iritzikoa

Bernardo Atxaga idazlearen irratiko gogoeta pasartea. Gure kontraesanetan erortzeko joera du hizpide.

Ikuspegi horretatik begiratzen dio Bizkaiko zahar-etxeetan luze irauten ari den zaintzaileen grebari.

Transcription:[+] Transcription:[-]

Bernardo Atxaga. Batzuetan ez naiz nire iritzikoa. Gure herriko plazan egun batez samariar onaren parabola entzun genuen. Garai hartan ume edo nerabe ginen batzuok. Ez dakit parabola gogoratuko duzuen. Entzun bestela Polikarpo Iraizozek kasuari buruz idatzitako soneto moduko hau, eta ikasi. Idatzi zuen sonetoa eta dio: “Judutar gizon bat bidez bide zoan, eta hara, lapurrak atera zaizkio, soildu dute murritz, biluztu, gogor jo, eta zauriz josirik utzi bide ondoan, eta nahiz aunintz jende dabilen gero han, aberats, handiki, apez eta herriko, guziek ikusi eta aurrera igaro, gaizo hura inork ez hartu gogoan. Arrotz bat zitzaion azkenik aurkeztu, hark zauriak xahutu, lotu, eta ostatura darama poliki bere aberean, eta gero deus ere kupidetsi ez du asti, diru, neke, lanik, gizon hura oso eta sendorik ikusi artean.” Hau dio sonetoak, Polikarpo Irazoizenak, samariar onaren kasuari buruz.   
Esataria. Bai.
Bernardo Atxaga. Ba behin eta berriro famatu zuen apaizak arrotzaren, samariarraren jokaera, eta miserikordia aipatu zuen, gupida, lagun hurkoari zor zitzaion maitasuna. Eta gertatu zen hurrengo egunean edo hurrenagokoan neska-mutil batzuk azaldu zirela herrian, biderik bide zebiltzanak bere zaku eta kanpadendarekin. Eta gertatu zen, hau ere bai, oso eguraldi hotza eta txarra egiten zuela, eta neska-mutil haiek erretore-etxera jo zutela baimen eske, gaua hango teilatupean pasa nahian.
Esataria. Bai. Eta pentsatu dezakegu apaizak ez ziela eman aterperik.
Bernardo Atxaga. Hori da. Hori gertatu zen hondarrean apaizak ez ziela ez babesik ez laguntzarik eman nahi izan. Samariar onaren predikua oso bizirik geneukanez buruan, gertatutakoa jakin eta gure gazte modura eskandalizatu egin ginen. Luze gabe berarengana jo eta kargu hartu genion: zergatik ez zituen hartu neska-mutilak etxean, hain eredugarria iruditzen baitzitzaion? Zergatik ez zuen samariar onak bezala jokatu?  Apaiza begira gelditu zitzaigun zalantzan: “Badakizue, batzuetan ez naiz nire iritzikoa”.
Ez dakit zenbat aldiz gogoratu zaidan nire bizitzan gertaera hura, eta apaizaren erantzuna. Izan ere, etengabe ikusten dut, ikusten dugu denok, esanaren eta izanaren artean dagoen tartea. Hitzak alde batetik doazela eta ekintzak bestetik. Ideologia batek aldarrikatzen duena aitzakia dela maiz ideologiak dioenaren kontrakoa juxtu egiteko. Milaka adibideren artean politena,  nolabait esaterako, asko gustatzen zait, Cromwell militar protestanteari zor diogu. Badakizue ze inskripzio zeramaten bere armadaren kanoiek, kanoiek?:
Esataria. Nik ez.
Bernardo Atxaga. God is love: Jainkoa maitasuna da.
Esataria. Kanoietan.
Bernardo Atxaga. Kanoietan. Horrelako maitasunarekin ez da gorrotorik behar, noski! Askotan pentsatzen dut bai, hitzen eta ekintzen arteko distantziaz, eta azkeneko, atzo bertan. Izan ere, Bilbon izan nintzen, Garirekin…
Esataria. Ikusi zaitugu. Horregatik jarri dizugu musika…
Bernardo Atxaga. A, oso ondo. Eta Bizkaiko erresidentzia edo zahar egoitzetako langileekin hitz egin nuen. Jakingo duzuenez, gehienak emakumezkoak dira, eta  urtebete daramate borrokan, 110 egun greba gordinean. Pertsonalaren eskandaluzko eskasia salatzen dute, zerbitzuak erlojuz kontra egin beharra, gainera, erkinduta bukatzeko moduko lan-saioak, disponibilitatea aste-egun zein jaietan, lanaldi zatitua, mila euro eskaseko soldatak. Hitz batean, prekarietatea eta zain, zainketa-zerbitzu on bat eskaini-ezina salatzen dute gutxi gorabehera lehen  hitz egiten duten lagunek bezalaxe. Eta patronalaren egoerari buruz zer diote langileek? Ba gogoan hartu hemen ere azpi-kontratak daudela, ez? Ba diote ba oso errealitate bestelakoan bizi direla, milioitako etekinak dituztela, are eta handiagoak noski, greba boladetan eta Aldundiaren babes osoa.
Zuzen esanda, nik erabat sinesten diet erresidentzietako langileei, zintzo ari direla. Zintzo arituko ez balira ez lituzkete greba luze baten minak bere gain hartuko. Eta gauzka hola, galdera da: zergatik ez du Bizkaiko Aldundiak amore ematen? Zergatik ez du interbentzio bat egiten  bake sozialaren eta justiziaren alde?  Zerbitzu minimoak, minimoak, ezartzeko orduan bere esku sendoa luzea luzatu duenak luza dezake konponbidearen mesedetan ere, ez? Aldundiak, alegia.
Galdera egokia da nik uste, egokia da autoritateari, Bizkaian eta Euskal Herrian agintzen dutenei apelazio hori egitea. Izan ere, autoritate horrek asmo onak aitortzen ditu maiz: aurrera egin behar dugu inor atzean utzi gabe, babes ekonomiko eta sozialik ez dutenen bizimodu duina bermatuko duen laguntza sozialeko sarea mantendu eta hobetu nahi dugu. Gure agintariek, ez omen dute, gainera, prekarietaterik nahi, desberdintasun sozial nabarmenik ere ez, gizarte integratzaile bat nahi omen dute. Gauzak hola, bigarren galdera da: era horretan pentsatzen eta sentitzen badute, zergatik ez diote soluziorik ematen hain eskura, ildo-ildoan datorkien arazo horri? Zergatik behartzen dituzte 5.000 langile, emakume eta gizon, egoera anker batera?
“Batzuetan ez naiz niri iritzikoa”, esan zuen gure herriko apaizak. Agian gure agintariek beste horrenbeste esango ligukete bere ideario kristau-demokrata, humanista gogoratuko bagenie. Batzuetan ez direla bere iritzikoak. Horregatik ez dituztela aintzat hartzen erresidentzietako langileen protesta eta aldarrikapenak.                      

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1
Jun 14, 2017
Number: 13162882
Source:
Number of visits: 2201