Docutec Card

Ebaluatu ala kalifikatu?

Ikasle-jendea azterketetan murgilduta dabilen garai honetan, Eli Larrinaga irakasleak gai horrek inguruko hausnarketa egiten du audio honetan.

Ikasleek egindako lana baloratzerakoan, zer alde dagoen lan hori ebaluatzearen eta kalifikatzearen artean azaltzen du Larrinagak. Zuk ikusten al duzu alderik bi hitz horien artean?

Transcription:[+] Transcription:[-]

ELI LARRINAGA. Ebaluatu ala kalifikatu deitu dautsat (diot) gaurkoari, eta kontu honegaz natortzue (natorkizue) azterketa-garaian sartuta gagozelako (gaudelako) bete-betean. Ortuetan bagilean (ekainean) lekak, kalabazinak, letxugak, kipulak eta lehen piper berde goxoak batzen diren antzera, ikasteko sasoian dagozanek (daudenek) uzta etxeratuko dabe (dute) S. Juan edo luze jota S. Pedrotarako. 0tik 10era bitarteko neurria daukan generoa etxeratuko dabe (dute). Zenbakiak berba bihurtuz gero, bikainak, oso ongiak, ez-nahikoak eta konpainia guztia. Horrek (horiek)  notak dira, kalifikazio hutsak; baina gauza bat da kalifikatzea eta beste bat ebaluatzea. Horrexegaitik, izenburuan ala ipini dot (dut) bien artean: ebaluatu ala kalifikatu, azpimarratuta beltzez eta maiuskulaz joan beharko litzatekeen “ala”. Zergaitik? Ebaluatzetik kalifikatzera aldea dagoelako.
Kalifikatzea erraz azaltzeko, ikasle batek egin dauan (duen) ariketa, proba edo azterketari nota, zenbakia ipintzea da; dezimal bakoa edo gura beste dezimal dituena. Azken epaia eta listo! Ebaluatzea, ostera, kontu sakonagoa dogu (dugu), eta serioagoa, eta garrantzitsuagoa eta ondo egiteko gatxagoa (zailagoa); baina, bai ala bai, egin beharrekoa.
Ebaluatzeak ikasle bakoitzak ikasturtean zehar, edo lauhilekoan, edo azken astean edo gura dozuen (duzuen) denboran barruratu dauzan (dituen) ezagutzak, trebetasunak, jarrerak eta balioak jarraitzea dakar; hau da, ikasle bakoitzak zer lorpen egin dauen (duen) jakitea eta baloratzea da ebaluazioa. Prestakuntza-aldiaren hasieran ezarritako helburuak bete dauzan (dituen) ala ez; aurrera egin dauen (duen) ala ez, eta ez badu egin zergaitik gertatu den hori aztertu eta erabakiak hartu beharko dira.
Aspaldi ezagutzen dotan (dudan) pertsona zentzudun batek aurreko batean zioskun ebaluazioa egokia izateko formatiboa izan behar dela; hau da, ikasleari lagundu egin behar dautsola (diola) ikaskuntza-prozesuan. Eta nik zentzudunari gaineratuko neuskio (nioke): ez bakarrik ikasleari, irakasleari laguntzeko be balio behar leuke (luke) ebaluazioak.
Maiatzeko azken barikuan lagun baten mezua heldu jatan (zitzaidan). Hauxe ziostan “Gaur esaldi bat irakurri det (dut) eta zurekin akordatu naiz”. Esaldia ordura arte egundo entzun bako Robert Heinlein idazle estatubatuarrena da. Holantxe dino (dio): When one theaches, two learn; hau da, betek irakasten dauanean (duenean), bik ikasi egiten dabe (dute). Bi horrek badakizu nortzuk diren: bata ikaslea eta bestea irakaslea. “Ze ona!” pentsatu neban (nuen), hori bai hori kiloko egia. Irakasle-zereginetan nabilenetik urtero bizi izan dot eta inoiz zalantza be eragin dausta (dit): ez ete (ote) dodan (dudan) nik ikasleengandik gehiago ikasten, eurak nik azaldukoetatik baino.
Zalantzak zalantza, gatozen mamira. Gurean ebaluazioa aipatzeak azterketak, notak, rankingak, LOMCE, azken probak eta antzekoak dakarz (dakartza) askoren burura. Ez hori bakarrik, gainera automatikoki eragiten dau (du) ezetza, kontrako erantzun sutsua. Hainbat ikastetxetan boikota egiten hasi dira eta aitortu behar dautsuet (dizuet) kostatu egiten jatala (zaidala) jarrera hori ulertzea. Hezkuntzaren esparruan nekez egingo dogu aurrera ez badakigu non eta zelan gagozan (gauden); hori jakiteko, ebaluatu egin behar da. Eta ez bakarrik ikasleak, baita irakasleak be (ere). Ebaluazioa hobekuntza ekarri daikeen (dezakeen) baliabide moduan hartu beharko geunke (genuke), ez derrigor ezarritako gurutzebide moduan. Halan izateko, bi gauza dira derrigorrezko: lehenengo, hezkuntza-komunitate osoak adostutako tresnak eta prozedurak eta, bigarrena, aurrekoagaz (aurrekoarekin) batera, pedagogia; hau da, azaldu egin behar da zer egingo dan, zelan, zergaitik eta zertarako. Esango neuke azalpen aldetik makal gabiltzala.
Eli, amaitzen joateko ordua dozu. Besteak beste, Gabon ostetik hona bitamina-iturri izan dozuzen (dituzun) ikasleen ebaluazioa osatu barik (gabe) daukazulako. Hamarretik lau puntuko balioa dauken (duten) proba idatziak dozuz (dituzu) zuzentzeko, 187 proba guztira eta bakoitzean 8 galdera, beraz atera kontuan. Hori bai: Ikerrek galdera guztiei ondo erantzun badautsa (baditu) ea zelan demontre konpontzen zaren ezarri dozun ebaluazio-sistemaren arabera jagokon (dagokion) 10 eta pikoko nota ipinteko. Ordenagailuak ez dautsu itxiko (dizu utziko); ebaluazioaren eta kalifikazioaren arteko istilua izan daikezu (dezakezu), eta halan bada poztu egingo zara. Asko, gainera.

ESATARIA. Suspentso asko jartzen dituzu, Eli?
ELI LARRINAGA. Hara! Hementxe mahain gainean daukaz azterketak. Carmen Agües entzuten nengoen bitartean, zuzenketari ekin dautsat (diot), eta momentuz, fenomeno noa.
ESATARIA. A, bai. Suspentsorik gabe.
ELI LARRINAGA. Bat, bat bakarra.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1
Jun 7, 2017
Number: 12946015
Source:
Dialect:
  • Bizkaiera
Duration: 00:04:55
Number of visits: 2637