Docutec Card

Autozaleak eta txirrindulariak

Azken boladan autozaleen eta txirrindularien arteko istripuak albiste triste bihurtu dira.

Triste istripuak ez direlako gutxitzen, tartean hildakoak daudelako, batzuetan gidariak ihes egin duelako… Orain esango dugu zein diren istripurik ohikoenak, eta zer egin behar duen gidariak eta zer txirrindulariak istripuak gutxitzeko edo saihesteko.

Zergatik gertatzen dira istripuak?

Oro har, arreta falta da istripuen arrazoi nagusia. Bigarrena, esperientzia falta errepidean. Eta hirugarrena, alkoholaren edo drogen eragina. Baita nekea ere. Edo abiadura desegokia.

Istripurik ohikoenak

•    Autoaren edo kamioiaren eskuinean doa txirrindularia, ibilgailutik gertuegi. Auto edo kamioiaren gidariak eskuinera biratzeko maniobra egiten du, eta txirrindularia ibilgailuaren puntu itsuan dagoenez, talka egiten dute. Beste kasu batzuetan ere, bihurguneetan, adibidez, auto- edo kamioi-gidariak ez du ondo ikusten txirrindularia non dagoen.
•    Txirrindulariak bere norabidea bat-batean aldatzen du: auto- edo kamioi-gidariak ez du balazta zapaltzeko nahikoa denborarik.
•    Autoa edo kamioia eskuinetik doa, ia bide-bazterretik, eta halako batean, bihurgunea, eta bihurgunearen erdian, txirrindularia. Gidariak askotan ez du frenatzeko denborarik izaten.
•    Txirrindularia aurreratzeko tarte gutxiegi uztea (1,5 metro baino gutxiago).
•    Autoa aparkatzen denean gidariak ez du begiratzen norbait datorren errepidetik edo alboko bidegorritik, eta atea zabaltzean, honen aurka jotzen du txirrindulariak. Estatistikek diote, hala ere, gidariek gehiago begiratzen dutela kopilotuek baino.

Gidarientzako aholkuak

•    Arretaz gidatu: asko ugaldu dira mugikorretik hitz egiteagatik gertatzen diren istripuak.
•    Txirrindularia aurreratzean, ahal bada, 1,5 metroko tartea utzi. Ez aurreratu abiada handiegian: ibilgailuaren aire-zurrunbiloak lurrera bota dezake txirrindularia.
•    Ez aurreratu aurreko autoa kontrako noranzkoan txirrindularia badator. Debekatuta dago.
•    Kontrako noranzkoan inor ez badator, arriskurik ez badago, gidariak txirrindularia aurreratu dezake, nahiz eta errepide-erdiko lerroa etengabea izan. 
•    Gutxi ezagutzen duzun bidean klaxona erabili, besteek entzuteko. Baina txirrindularia hurbil badago ez, beldurtu daiteke-eta. Ez erabili klaxona txirrindulariari presa sartzeko.
•    Egin behar duzun maniobra aurrez adierazi, ez azken unean. Horrela ez duzu balazta zakar sakatu beharko edo bat-batean noranzkoa aldatu beharko.
•    Biratzeko orduan, bidegurutze batean eta biribilgune batean, txirrindulariak du lehentasuna. Txirrindulariak taldean badoaz, taldeko guztiek dute lehentasun hori.
•    Mendateetan kontuz. Txirrindulariek, batzuetan, nahiz bere erreitik jaisten joan, errepide-erdira joan behar izaten dute bihurguneetan.
•    Egun eguzkitsuetan gidatzeko, eguzkitako betaurreko onak erabili. (denontzako gomendioa).
•    Aparkatutakoan, autotik ateratzeko atea ireki baino lehen, begiratu atzetik edo albotik norbait datorren.

Txirrindularientzako aholkuak

•    Kaskoa erabili hiriarteko errepideetan, eta hiribarruan ere saiatu erabiltzen. Babesa ematen du.
•    Zuk besteak ikustea, eta besteek zu ikustea, oso garrantzitsua da. Jantzi kolore biziko arropak, edo islagailuak. Tuneletan aurreko argi zuria erabili, zuk ikusteko eta zu ikus zaitzaten. Hiribarrurako, argiak jarri bizikletari, aurrean eta atzean.
•    Erabili besoak, ezkerrera edo eskuinera biratu nahi duzula adierazteko: garaiz adierazi maniobrak. 
•    Ahal bada, bazterbidetik joan, estuegia ez bada edo kristalez josita ez badago. 
•    Hiri artean, ahal baduzu, taldean joan. Kontuan izan, Hego Euskal Herrian uzten dutela txirrindulariak binaka, elkarren parean joaten; Ipar Euskal Herrian, isuna jartzen diete elkarren parean doazen txirrindulariei. 
•    Zebra-bidean oinezkoak du lehentasuna, ez bizikleta-gainean doanak. Txirrindularia oinezko bihurtzen da bizikleta eskuan badarama.
•    Errespetatu semaforoak.
•    Gogoratu alkoholemia-kontrolak txirrindulariei ere egiten zaizkiela. 
•    Ez ibili sigi-saga autoen artean hiribarruan.
•    Bizikleta gainean zoazela, ez hitz egin mugikorretik eta ez entzun musikarik aurikularrak jantzita.
•    Bizikleta egoera onean eduki.
•    Txirrindularientzako berariazko biderik edo bidegorririk ez badago, errepidetik joan behar du txirrindulariak, ez espaloitik. 
•    Kontuz oinezkoekin, asko sartzen dira bidegorrietan, batzuk nahita, beste batzuk nahi gabe. Jo txirrina, entzun zaitzaten.   
•    Kontuz bidegorrien eta errepideen arteko bidegurutzeetan. Oso arriskutsuak dira. 


 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
May 15, 2017
Number: 12224825
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 3652