Docutec Card

Arrasto digitala, gure informazioa besteen esku

Internet eta sare sozialetan nabigatuz edo parte hartuz, uste baino informazio handiagoa ematen dugu gutaz. Gure e-posta kontuko mezuak ezabatzen baditugu ere, ez dira desagertzen. Sakelako telefonoan ere gauza bera gertatzen da; teknikari batek bertako informazio guztia atera eta zabaldu dezake. Hortaz, gaur egun ez daukagu intimitaterik? Gure datu guztiak eskuragarri daude batzuentzat? Ezin dugu horren aurka ezer egin? Irakurri ondoko artikulua eta ikusiko duzu badagoela irtenbiderik.

Aparatu digital, Internet eta sare sozialetan nabigatuz edo parte hartuz uzten ditugun datu pribatuen arrastoak gure oroimenak baino informazio handiagoa ematen du gutaz. Horren erruz batutako guztia, norbanakoen ohitura, joera eta lehentasunen gaineko informazioa, XXI. mendeko lehengai preziatuenetakoa bilakatu da.

Gure e-posta kontuko mezuak ezabatzen ditugunean ez dira desagertzen, eduki hori ordenagailu edo tresna digitalean barruan gelditzeaz gain, gure e-posta kudeatzen duen enpresak ere gordetzen du. Sakelako telefonoan ere gauza bera gertatzen da; teknikari batek bertako informazio guztia atera eta zabaldu dezake. Ohiko beste egoera bat da sare sozialetara argazki edo esanak igo, eta gerora horretaz damututa, kentzen saiatzea. Izan ere, ezabatu nahi duzun hori Interneteko bilatzaileek bertan argitaratzen den guztia erregistratuta eta gordeta baitute.

Hortaz, gaur egun ez daukagu intimitaterik? Gure datu guztiak eskuragarri daude batzuentzat? Ezin dugu horren aurka ezer egin? Hauek eta beste zalantza batzuk argitzeko, Iratxe Esnaola Informatika-ingeniariarengana jo dugu.

Modu anonimoan nabigatzeko tresnak
Esnaolak argitu digu neurririk hartzen ez badugu, gure nabigazioko aktibitate guztia erregistratuta geratzen dela, eta berau gerora prozesatu eta analizatu egiten dela. Horren aurrean, proposatzen du “dokumentuak guztiz eta betirako ezabatzeko, horretarako espresuki sortutako programa edo komando bereziak erabiltzea”. Eta, baita ere, nabigazio segurua eta anonimoa ahalbidetzen duten http://anonymouse.org bezalako tresnak erabiltzea.

Guri buruzko informazioaren kudeaketari dagokionez, Esnaolak azaldu digu hainbat enpresak gutako bakoitzak Interneten egiten duen aktibitatearen “erregistro osoa” jasotzen dutela. Eta horri esker, “gure profil osoa diseinatuko dute”. Hain zuzen ere, erabiltzaileok egiten dugun “edozer gauza da informazioa eta informazio hori ondo baino hobeto sailkatuta dago, sailkatze hori delako bere balio erantsia”. Datu horrek erabateko garrantzia dauka, “historian gutako bakoitzaren gainean gaur adina informazio ez delako inoiz izan”. Gizabanakoen arteko informazio gehien bildu eta prozesatzen dutenen artean, Google eta Facebook dira nagusi, tamainari erreparatuz gero.

Era berean, Iratxe Esnaolak bi aholku eman dizkigu sarean norberaren intimitatea ahalik eta gehiena zaintzeko: tresna zehatzak erabiliz nabigazioa ahalik eta seguruena egitea, eta sarean publikatzen dugun informazioa neurtzea. Horretarako, adibide esanguratsuagorik ezin izan du aurkitu: “Kalean bezala, inork jakitea edo zabaltzea nahi ez duzuna, ez igo Internet sare publikora”.

Facebook-en mugak
Bada mito bat gaur egun hain hedatuta dagoen Facebook sare sozialari lotutakoa. Bertara igotako edozein artxibo edo informazio edozeinek ikusteko moduan zabalduta daudela. Esnaolak argitu du kontua dela “zer kontatzen dugun eta nori edo zenbati kontatzen diogun”. Horrez gain, gu geu gara Facebook-eko gure profila kudeatzen dugunok, eta hor intimitatea mantentzea edo ez gure esku dago.

Facebook-ekin jarraituta, zabalduta dago erabiltzailea hil ondoren sare sozialetan bere profila galtzen ez delako ustea. Horretarako, Facebook-era idatzi eta profila ezabatzea eska daitekeela azaldu du Esnaolak. “Profila hilabete batzuetan oroigarri gisa mantentzen dute, baina hildakoaren gertuko familiak, hildakoarekin duen lotura hori behin ziurtatuta, eska dezake betiko ixtea”.

Testua: Iker Barandiaran Zubiate (Arteman Komunikazioa)

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment