Docutec Card

Agoteak, arraza madarikatua

Ba al dakizu nor ziren agoteak? Nafarroako Bozate auzoan bizi ziren agoteak, baina baztertuak eta gutxituak izan ziren mende luzeetan, arrazoi ezagunik gabe. Entzungai eta testu honetan bilduta dituzu giza talde honen ezaugarri eta gorabeheren xehetasun ugari.

Baztan pelikulak ekarri digu berriz ere gogora agoteen gaia. Baina nor ziren agoteak? Zergatik bizi izan ziren hainbeste urtez baztertuak?

Galdera hauei erantzuteko hemen dituzu batetik Gaztea irratiko entzungai bat: Gari Berasaluzek agoten inguruko xehetasunak ekarri ditu "Ate iluna"ren tartera. Eta, bestetik,  El Pais-eko erreportaje baten zati bat:

 

 

Baina nor ziren agoteak? Zergatik bizi izan ziren hainbeste urtez baztertuak? Badira buztana zutela ziotenak, txikiak zirela, itsusiak, legenarra zutela, belarriko gingila itsatsirik zutela eta antzeko gauza ugari esan izan dituzte. Hala ere, egiaren eta esamesa eta asmakizunaren arteko muga ez da beti argia izaten eta kasu honetan ere, ez da batere garbia.

Xabier Santxotena Arizkunen jaio zen arren, haren guraso eta aiton-amonak bozatarrak ziren, agoteak. Xabierrek duela bost urte Santxotena Museoa ireki zuen Bozateko auzoan eta arraza honi buruzko informazio ugari bildu du bertan. Santxotenak dioenez 'agoteen jatorria ez da batere argia eta hipotesiak ugariak dira. Frantzian, 507. urtean bada lehen erreferentzi bat. Orreagako batailan ere 778. urtean, agoteak aritu omen ziren eta azken tesiaren arabera, agoteak kataroak ziren, trashumanteak eta lurrik gabeak. 1380. urtean ordea, Felipe V.ak herese guztiak Frantziatik kanporatu zituen eta judutarrak, agoteak eta katoliko ez ziren guztiak lurralde hartatik atera behar izan zuten. Agoteek muga zeharkatu eta Pirineotako beste alde honetako lurretara etorri ziren. Bozaten kokatu ziren eta bertan, Ursuako jauntxoarekin egin zuten topo. Jauntxo feudalaren zerbitzutara jarri behar izan zuten eta honek era berean, lagundu eta mesede egin zien'.

Agoteek ez zuten lurrik eta lanbideak ikasi behar izan zituzten: burdina, egurra nahiz beste hainbat material lantzeko trebezia izugarria garatu zuten. Sen berezi bat zuten haien mantenua bermatzeko eta era berean, beharraren ondorioz trebezia ugari bereganatu zituzten.

Buztana zutela, legenarra edo beste gaixotasun arraroren bat zutela dioten arren, agoteak baztertuak izatearen arrazoirik ez da ezagutzen. Bailarako herritarrek ordea, bazuten nagusitza konplexu bat bozatarrak gutxiago zirela pentsatzen baitzuten. Santxotenak dioenez 'gaixotasunik zutela edo bestelako gauza ugari esan izan diren arren, ez da batere segurua. Bazterketa hala ere, modu batera edo bestera ia-ia gaurdaino mantendu da. Nire aita bozatarra izanik nire amarekin ezkondu zenean, bera Arizkungoa zenez gaizki esaka ibili zen jende ugari. Eskolan ere bazterketa zegoen gu gazteak ginenean'.

Xabierren hitzetan 'hasiera batean Bozaten txabolak besterik ez ziren eta gutxinaka-gutxinaka harrizko etxeak egiten hasi ziren. Seme bat ezkontzen zenean, ordea, ez zitzaien etxe osoa egiten uzten, zuhaitz bat ematen zitzaien eta horrekin sendiko etxeari erantsi bat egiten zioten. Bozatarrak otzan mantentzeko neurri bat zen hau, ezberdintasun bat mantentzeko modua zen. Berez animalia eta lurren jabe zenak, garrantzitsuagoa zela pentsatzen zuen, nahiz eta jakituriak eta trebeziak jabetzak baino balio gehiago izan'.

 
 

Comments
Login for comment