Docutec Card

Kuleroak eta tanga

Barruko arropa egokia janztea oso kontu garrantzitsua da. Horregatik norberak hobetsi behar izaten du du erosotasuna edo itxuraren artean. Eibar.org/blog-eko post honetan tangaren eta kuleroen aldeko iritziak aurkituko dituzu. Zein da, ordea, zurea?

 

Historian zehar asko aldatu da emakumeen azpiko arropa. Egia esatera, orain inoiz baino aukera zabalagoa daukagu eta andrazko bakoitzak erabaki lezake zer datorkion ondoen, zein komeni zaion eta zer duen gusturen.

Gure inkestaren arabera erantzundakoen artean %45ek kuleroak nahiago dituzte; %15ek, ordea, tanga. Badago %38 bat egoeraren arabera aukeratzen duena zer jantzi. Hirugarren datu honek harrituta laga nau, uste nuelako batekoak edo bestekoak ginela, baina gutxiago zirela egoeraren arabera aldatzen zutenak. Pentsatzen nuen kulerozaleek beti oihalez hornituta zeramatela ipurdia; eta tangazaleek, berriz, ipurmamiak libre eta solte zeramatzatela beti.

Beraz, kulero eta tangen tiradera aurrean, askok denbora emango dute, jakitearren zer komeni zaien egun konkretu horretarako. Izan ere, barruko arropa egokia janztea oso kontu garrantzitsua da. Ez dute amamek-eta esaten zutenagatik (beti muda garbia eta txukuna erabili behar zela, badaezpada istripua izan eta ospitalera eramaten bagintuzten). Ez, hori baino gehiago da, eroso eta ondo sentitzea barrutik hasten delako.

 

 

Horregatik bakoitzak hobesten du erosotasuna edo dotoreziaren artean. Baita zer itxura emango duen kanpotik begiratuta ere. Ondotxo dakigu kulero polit eta eder horiek, farfailadunak, satinezkoak, ez direla oso erosoak. Labaindu egiten direlako edota tripa eta ipurtaldeari ondo eusten ez dietelako.

Gainera, gero nahi badugu bularretakoarekin konbinatu zer egin? Kuleroa (edo tanga) egunero garbitzen da (edo garbitu beharko litzateke, behintzat). Baina bularretakoa ez. Zenbat kulero erosi behar ditugu bustier batendako, orduan?

Egia esatera, erosoenak eta egunero erabiltzekoak, nire ustez, kotoizko mudak dira. Ez dute glamourrik, baina egunero lanera atzera eta aurrera ibiltzeko, glamourra lozorroan deskantsuan gera liteke, erosotasunaren mesedetan. Ez dago gauza desatseginagorik ipurdi-erretenean sartzen den kuleroa baino (sartu behar ez denean, jakina! Tanga ez denean, alegia) .

Askok sinistuko ez badute ere, barruko arropetan modak agintzen du. Orain 15 bat urte kulero mota bat zegoen altua zena, baina ez zena amamen betiko kulero erraldoi hori, hanka alde horretan ere altua zelako. Nik oso gustuko nituen, dena, girgilo guztiak ondo batzen zituztelako, sabela babestuta. Izan ere, bigarren gauzarik desatseginena da sabel erdian geratzen den pantaloi hori, eta edozein mugimendu eginda, plaf, jaitsi eta tripatxoaren azpian geratzen dena. Gorrotagarria!

Nioen moduan, nire gustuko horiek bat-batean desagertu egin ziren dendetatik, bikini estilokoen mesedetan. Ez nekien zergatik, praken gerria ikusi nuen arte! Gerria oso baxua zenez, kulero horiek jantziz gero ikusi egiten zen kuleroaren zati handia. Horregatik sartu zen indarrez tanga. Hori bai erakuts zitekeelako! (baina kontuz, nahiko demodé dago eta arrunkeria, bulgaritatea da gaur egun). Praken gerria gorago datorrenez, ez dut galdu esperantza, eta nire faboritoak dendetan agertzea espero dut.

Baina ez gaitezen astora, eta guztiz desbideratzen hasi aurretik, egin dezagun berba aukeraketarik garrantzitsuenaz: tanga ala kuleroa. Hau hautatzeko orduan, askok tanga janztea erabakitzen ei dute kuleroak igar ez dakizkien. Bai, oso desatsegina egiten omen zaie atzetik begiratu eta euren kuleroen forma nabarmentzea. Tira, egia esatera, arropa batzuekin ez da polita geratzen, eta tanga erabiltzea aukera ona izan daiteke.

Tanga nabaritzea, ordea, ere ez dakit oso polita den. Esango nuke zatarragoa ere badela! Jakina, atze eder bat izanez gero, ederra da. Baina zenbatek du horrelako ipurdia?

Horregatik, bada, diot itsusia dela. Beste guztioi zatar geratzen zaigulako. Batez ere ibiltzean ipurdi-masailak dingili-dangala badabiltza, udako kotoizko praka zuriekin. Orduan, agian hobea litzateke kuleroak antzematea.
 

Dena dela, gu hain kezkatuta kuleroak igarriko zaizkit, tanga ikusiko zait, eta orain denboratxo bat Japonian modan hauxe jarri:

Barruko arroparen marrazkia kanpoko arropan estanpatuta! Hamaika ikusteko jaio ginen, horratik!


Egilea: Leire Narbaiza
Inkesten harira sortutako posta: Laburtua eta moldatua

http://eibar.org/blogak/antigona/kuleroak-eta-tanga

 

 


 

 

 
 

Comments
Login for comment

B2
Nov 28, 2012
Number: 1176007
Source:
Text genre: Iritzi artikulua
Text genre: Iritzi artikulua
Number of visits: 5299