Docutec Card

Hizkuntzak ikasi nahi ditut

Hizkuntza baten ikaskuntza izan daiteke, agian, bizi daitekeen abenturarik zirraragarriena. Hizkuntzaren erabileran aurrerapenak egiten diren neurrian, gehiago estimatuko dira hizkuntza horretan hitz egiten dutenak, eta horien kulturaren ulermena garatuko. (Robbins).

Zergatik ikasi hizkuntza berriak?

Edonork ikas ditzake hizkuntzak. Ez dago pertsona zaharregirik, ezta gazteegirik ere, hizkuntza bat ikasteko. Datu hau oso gogoan hartu beharrekoa da.

 

Hizkuntzak nola ikasi? Ikasteko era asko daude
 

Era asko daude hizkuntza bat ikasteko. Hemen horietako batzuk azalduko ditugu:
    - Erabil ezazu auto-heziketa ikastaroa, CD formatuan, bideo-zintan edo kasetean, testu eta ariketa-liburuen laguntzarekin. Ikasleak bere kontura egiten du ikastaroa eta bere aurrerapenak ebaluatzen ditu, aurrera doan heinean. Badaude ikastaro-mota hauek ia hizkuntza guztietarako, eta mailarik gehienak zehazten dira denentzat, hasiberrientzat eta aurreratuentzat. Liburu-denda askotan daude salgai eta maileguan eskura daitezke udal liburutegi batzuetan, baita HABE liburutegian ere.
    - Ikus ezazu telebista! Irrati-telebistako enpresa askok hizkuntza-ikastaroak eskaintzen dituzte telebista-saioetan edo irratietan.
    - Nabiga zaitez sarean! Gero eta gune gehiago daude Interneten hizkuntza atzerritarrak ikasteko, irudiekin eta soinuekin hornituta, sarritan.
    - Ikas ezazu irakasle batekin. Europako herrialderik gehienetan eskaintzen dira helduentzako ikastaroak, maiz arratsaldeko azken orduetan. Beste kide batzuekin ikastearen alde ona da ikasleak elkarrekin animatzen direla, eta irakaslea han dagoela haiek gidatzeko, bakoitzaren behar berezien arabera.
- Lantegian ikasi. Enpresaburuek gero eta gehiago aitortzen dute hizkuntza atzerritarrak ikastea beharrezkoa dela negozioak hobeto gauzatzeko. Enpresa handi askok hizkuntza-ikastaroak eskaintzen dituzte dohainik, edota diru-laguntzarekin. Erabil ditzakezu metodo hauek, baina ikus ezazu ikasketaren maila desberdinetan zein metodo erabili.

Aukera ezazu zeuretzat egokiena gertatzen zaizun metodoa, zeure ikasteko moduaren eta bizimoduaren arabera, kontuan hartuta:

  • -Non bizi zaren, ikastaroak etxetik hurbil eskaintzen diren ala ez ikusita
  • -Zenbateko astia duzun
  • -Zein hizkuntza interesatzen zaizun
  • -Hizkuntza bat ikastera bultzatzen zaituzten arrazoiak


Ondoren, gomendio eta ideia batzuk aurkezten dizkizugu, hizkuntza-ikaskuntza planifikatzeko baliagarriak.

 

Ikasteko arrazoiak

Zer eta zergatik ikasi nahi duzu? Horra hor funtsezko galdera. Hizkuntza bat ikasteko arrazoi garbi bat baldin baduzu, adore gehiago izango duzu ikasteko. Agian, zuk nahi duzuna da atzerrira oporretan joaten zarenean bertakoen hizkuntza ulertzea, edota lan-kontuekin beste herrialdeetako jendearekin hitz egitea, edota beste nazio batetik etorritako norbaiten laguna izatea. Horiek guztiak arrazoi onak dira hizkuntza bat ikasteko. Baina, ez ezazu ahaztu badaudela beste asko ere:
    - Gero eta gehiago dira enplegatuen hizkuntza-heziketan inbertitzen duten enpresak. Nahiago dute maiz enpresaburuek hizkuntza-ezagutzak dituztenak kontratatu. Ez dute zertan ikasi arduradunek bakarrik, langileek ere parte har dezakete ikastaroetan. Hizkuntzak ikasteak hobe ditzake zure perspektiba profesionalak.
    - Hizkuntza bat ikasteak asko sendo dezake zeureganako konfiantza eta argiago hitz egiten lagundu. Eta hori bera lagungarria izango zaizu zeure ama-hizkuntzan mintzatzeko.
    - Beste pertsonaren baten hizkuntza mintzatzeak lagundu egiten du haren kultura eta bizitzari buruzko ikuspuntua ulertzen. Hori egiteko zenbat eta pertsona gehiago dauden, hesi gutxiago izango dira pertsonen artean. Zure egoera edozein dela ere, hizkuntza bat ikasteko dauden arrazoiez jabetzen bazara, zentratuago egongo zara zeure helburuetan eta ikasteko gogoari kementsuago eutsiko diozu.

 

Eskarmentua, baliagarria

 

Hizkuntzak hizkuntza bezala interesatzen bazaizkizu, ama-hizkuntza barne, hizkuntza-ikasle ona izango zara. Lehenago izandako hizkuntza-ikasketei buruzko esperientziak ere lagundu egiten du. Hizkuntza atzerritar bat ikasia baldin baduzu, estrategia batzuk lortu dituzu beste hizkuntza baten ikaskuntzan aplikatzeko: hizkuntza bat ikasten ikasi egin behar da. Orain arte hizkuntza atzerritarrik ikasi ez baduzu, ez zaitez kezkatu! Edonork egin dezake hori!

 

Ikasteko gaitasuna

 

Merezi duten gauza guztiekin gertatzen den bezala, hizkuntza bat ikasteak denbora eta kemena eskatzen ditu, baina gerta daiteke dibertigarria ere! Ohar hauek interes handikoak izan daitezke zuretzat:
    - Aurrerapenaren arintasuna zure baitan dago. Baina, ona da denbora jakin bat gordetzea, egunero edo astero hizkuntza lantzeko. Asko aurrera dezakezu, astean 2-4 ordu horretara ematen badituzu.
    - Kontrola itzazu zeure aurrerapenak. Ikastaro askotan azterketak sartzen dira ikasi diren gaiak egiaztatzeko, eta gehiago landu beharrekoak ikusteko.
    - Gauza asko oso baliagarriak dira ikastaroan ikasten dena sendotzeko: irrati atzerritarrak entzutea, filmak jatorrizko bertsioan ikustea. Umeentzako liburuak ere irakurtzea onuragarria da ikaslearentzat!
    - Izan ezazu gogoan bakoitzak bere erara ikasten duela. Beraz, proba itzazu planteamendu desberdinak, eta ikus zein den egokiena zuretzat.
    - Ez ezazu beldurrik izan hizkuntza berrian mintzatzeko aukera duzun bakoitzean. Agian, zauden etxetik gertu ezagut dezakezu lantzen duzun hizkuntzan mintzatzen den norbait, edo aukera duzu mezuak elkarrekin trukatzeko, ohiko postaz edo posta elektroniko bidez, atzerrian bizi diren pertsonekin.
    - Zalantzarik ez dago, atzerrira joatean konturatzen garela hizkuntzak jakiteak zenbat laguntzen duen, eta zein onuragarria den harremanetan jartzeko. Saia zaitez atzerrirako bidaia bat antolatzen, laburra bada ere. Plantea ezazu helburu gisa eta, atzerrian zauden bitartean, aprobetxa itzazu aukera guztiak ezagutzak praktikan jartzeko. Oro har, bertako jendeari asko gustatzen zaio bere hizkuntzan mintzatzen saiatzen garela ikustea, eta bihotz onekoa izan ohi da akatsak egiten ditugunean. Goza zaitez hizkuntzak ikasten!

 

AMA-HIZKUNTZAREN ARABERAKO METODOAK
 

Tartetxo honetan abiapuntuko ama-hizkuntza ezberdinak dituztenentzako metodoak aipatu nahiko genituzke. Toki gutxi dugunez, zerrenda motz bat eskaintzea pentsatu dugu. Probetxugarri izango ahal zaizu!

Ama-hizkuntza gaztelania dutenentzat:

-Iniciación al euskera = (Euskara baturako hastapenak) / por Jean-Charles Beaumont y Ramon Lazkano ; ilustraciones, J.-L. Goussé. -- Chennevières-sur-Marne : Assimil, imp. 1998 XIII, 370 or. : ir. ; 24 cm + 3 kasete Liburua eta kaseteak kutxa batean 

-Bakarka (liburuak eta kaseteak)

 

Ama-hizkuntza ingelesa dutenentzat:

-Colloquial Basque : a complete language course / Alan R. King and Begotxu Olaizola Elordi. -- 1st ed. -- London [etc.] : Routledge, 1996 246 or. ; 25 cm + 2 kasete. -- (The Colloquial Series)


Ama-hizkuntza frantsesa dutenentzat:

-Le basque unifié (initiation) = (Euskara baturako hastapenak) / par Jean-Charles Beaumont et Ramon Lazkano ; illustrations, J.-L. Goussé. -- Chennevières-sur-Marne : Assimil, cop. 1996 XIII, 377 or. : ir. ; 24 cm + 3 kasete Liburua eta kaseteak kutxa batean

-Parlons euskara : la langue des basques / Txomin Peillen. -- Paris : L'Harmattan, 1995

-Bakarka (liburuak eta kaseteak)

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment