Docutec Card

Zer da rol-jokoa eta nola jokatzen da?

Entzun bai, baina rol-jokoa zer den ez dakienarentzat idatzi dugu testu hau. Adibide xume bat ere aurkituko duzu bertan. Jolastu nahi al duzu?

Adibide sinple horrekin ikusten dugu rol-joko bat benetan zer den; jokalari bakoitzak paper jakin bat antzezten du. Eta rol-joko horietan guztietan zuzendari bat izaten da. Horrek du rolik garrantzitsuena, bera baita jokoaren arduraduna eta azken erantzulea. Kontu honen gauzarik garrantzitsuena esplikatzea da zer egiten den pertsonaia jakin bat antzezteaz aparte. Eta hori, jolas-mota bakoitzaren baitan egon ohi da.

 

Hiru sail nagusitan bana daitezke rol-jokoak, gaiaren arabera:

 

1.- Erdi-Aroko kutsua duten jolas fantastikoak. Bidezkoa den bezala, gaia Historiaurrearen eta Errenazimentuaren arteko aroa da. Magia eta ezpata. Jolasik adierazgarriena AD&D jokoa da.

2.- Fikzio-zientzia eta teknologia mailako jolasak. Jolas horiek etorkizunean kokatzen dira, teknologia munduan. Adibide batzuk: Shadowrun, Cyberpunk, Paranoia, Mutanteak Itzalean...

3.- Beste gai-alorretako jolasak. Egia esanda, gai guztiak ukitzen dituzten rol-jokoak daude. Hona hemen bat edo beste: Marvel Superheroiak, Toons (jolas honetan zu marrazki bizidun zara) edo Fanhunter dibertigarria.

 

Hori al da guztia? Ez al da besterik?

Ezta pentsatu ere! Jolasik gehienetan heroi handi bat antzezten saiatzen zara eta horri dagozkion balentriak egiten. Zeureganatzen duzun pertsonaiak bizi dituen egoeretan airoso aterata soilik lortuko duzu hori, joko-zuzendariak jolasa esplikatzen dituen xehetasunen arabera. Jolas horietan, ordea, bada ausazko elementu bat, ze ia joko guztietan dado-multzo bat erabiltzen da zenbait egoera zehazteko, batez ere borroka, hori baita jolas-joko guztietan ageri den funtsezko elementua. Hori azaldu eta gero, jakin beharreko gauza bakarra da 'mahaia' jokalarien irudimenean bakarrik dagoela.

 

Kasurik gehienetan ez dira mapa gutxi batzuk edo marrazki-pare bat besterik egoten, zuzendariak egindakoak. Jokoa, benetan, jokalarien buruan zehazten da. Eta, gai hori argitzeko, adibide txiki bat azalduko dugu:

Zuzendaria: 'Bazoazte Helmosdar-eko Abadiarantz, eta gaua han pasatzea espero duzue. Presaka zoazte bidezidorrean aurrera, ilunak harrapatuko ote zaituzten beldurrez, eta zuen gainera ekaitz beltz bat datorrela ikusten duzue. Gainera, inguruko nekazariek bidetik ez ateratzeko esana zizueten. Ordu batzuk bidean aurrera egin ondoren, basotik datorren musika-doinu bat entzuten duzue.' Noemí / Fiorina: 'Nolakoa da musika hori?'.

Zuzendaria: 'Musika-kaxa baten antzekoa, baina ez da gelditzen. Aurrera eta aurrera egiten du'.

Jesus / Grimaldo: 'Uste dut berehala sartu beharko genukeela basoan. Agian damatxoren bat larrialdian egongo da'.

Isabel / Isolde: 'Bai, hala izango da, eta larrialdian estututa harpa jotzen hasiko zen. Agian iratxoak izango dira. Bideari eustea izango da onena eta Abadiara lehenbailehen iristea'.

Noemí / Fiorina: Doinu polit hori nondik sortzen den jakin nahi dut. Basoan sartuko naiz'.

Jesus / Grimaldo: 'Zurekin joango naiz. Beharbada abentura honekin ospetsu eta ohore handiko bihurtuko naiz'.

Isabel / Isolde: 'Ez! Itxaron ezazue!'.

Zuzendaria: 'Fiorina eta Grimaldo oihanean sartzera doaz. Itxaron egin behar al diezu?'. Isabel / Isolde: 'Ez dut hemen gelditu nahi, bakarrik.

Zuzendaria: 'Orduan, jarraituko al diezu, ala? Mugi zaitez, urrutiratzen ari dira eta'. Isabel / Isolde: 'Ongi da, jarraitu egingo diet...'.

Eta abenturak musika misteriotsuaren sorlekua denen artean ikertzen jarraitzen du. Erabaki zezaketen Abadiarantz zuzen jarraitzea, eta istorioak beste garapen bat izango zukeen.

 
 

Comments
Login for comment

B2
Feb 4, 2003
Number: 108791
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 3157