Docutec Card

Hiriko tribuak

Zenbait ezaugarri berezi dituzten gazte-talde jakin batzuei deitzen zaie izen horrekin. Ez dituzte gizartean 'normaltzat' hartutako jarrerak erakusten. Areago, arau 'normalen' aurka borrokatzen dira.

Ez gara talde bakar batez ari, anitzak baitira eta desberdinak. Talde berezi horiek guztiak ezaugarri bat bera dute: denak dira kritikoak, giza arau normaletatik aparte eta aurka bizi nahi dutenak. Baina, oinarri desberdinetatik abiatu dira, eta kasu batzuetan bide ideologiko desberdinak, edota aurkakoak, egiten dituzte.

 

Hyppiak
 

Joan den mendeko 60ko hamarkadan kokatu behar dugu hyppien sorrera, eta batez ere Amerikako erdi-mailako klase sozialekoen artean. Beste zenbait faktoreren artean, Vietnamgo gerrak sekulako eragin psikologikoa izan zuen garai hartako gazteen artean. Gertaera horren aurrekari gisa, aipatu beharra dago 10-15 urte lehenago sortu zen Rock fenomenoa (James Dean, Elvis Presley eta beste). Gazte horiek egoera berezi batean bizi dira: 1.- Gizarte teknifikatu eta lehiatsu batean bizi dira. kontsumismoa, giza baloreak galtzea... 2.- Musika-mugimendu berriak sortzen dira, gurasoen ez bezalako gustuak nagusitzen dira. Rock-mugimenduan eragin handia izan zuen, besteak beste, James Dean protagonista izan zuen 'Rebelde sin causa' filmak. 3.- Ez dute Vietnamgo gerrara joan beharra ulertzen, aitzitik horren biktimak direla ohartzen dira. 4.- Horien leloak: 'Egin amodioa eta ez gerra', 'Zoaz, urrun zaitez gizartetik'. Hyppien arropa oso koloretsua da, eta apaingarri budistak, talisman indiarrak eta mokasin arabiarrak daramatzate soinean.

 

Progreak
 

Kutsu anarkistako protesta erradikalekin hasi ziren eta sozialismorantz jo zuten. Europan protesta horiek gehiago politizatu ziren Amerikako Estatu Batuetan baino. Musikak eragin izugarria du mugimendu honetan, eta hori areagotu egiten da komunikabideen garapenarekin (Bob Dylan, Joan Baez, Pablo Guerrero...). Mugimendu hori desagertu izanaren arrazoiak: Alderdi Politikoek liderrak bereganatu egin zituzten; Droga-mendekotasuna gehiegizkoa izan zen; Vietnamgo gerraren amaitu zen; Egundoko kontsumismoa garatu zen.

 

Punkiak
 

70eko hamarkadan Ingalaterran gertatu zen krisi ekonomiari eman zitzaion irteerari aurre egiteko sortu zen. Krisi horretan diruz eta irabazpide-mailan hain ondo ez dauden gazteek borroka egiten dute, ez sistema kapitalistaren aurka, estatuaren aurka baizik. Izan ere, horrek etengabe presioa egiten du jendeak produktuak eros ditzan, 'zoriona=kontsumoa' aldarrikatzen du, baina ez du hori lortzeko dirurik eta lanik eskaintzen. Tribu horien ezaugarriak: larruzko jakak, elastiko urratuak, galtza bakeroak, Martens botak, gandordun ilajea, kolore bizi-bizikoak. Batzuek kateak jartzen dituzte gerrian eta beste pieza metalikoak. Imintzioak lizunak dira eta oldarkorrak. Musika-talderik ospetsua: 'The Sex Pistols'.

 

Heavy Metal
 

Heavya benetan punkaren aurpegi pobrea besterik ez da. Janzkera apur bat neurritsuagoa da: elastikoak, komiki-pertsonaiekin, eta bota militarrak. Horien musika da: AC&DC, Bon Jovi, Barón Rojo.... Heavya da gazte pobreagoen mugimendurik adierazgarriena. Mugimendu hori oso agresiboa da. Arropa beltzak eta metala oso gustukoak dituzte eta, horrekin batera, protesta eta ilusio-galtzea dira horien berezitasun nagusiak.

 

Kaskamotzak (Skin-Heads)
 

Heavyren indarkeriazko adar gogorra da, eta kaskamotz ibiltzea da horien ezaugarririk bereziena; galtzak estu-estu soinean, larru beltzezko jakak eta bota militarrak. Gazte horiek, sarritan familia pobreetan haziak badira ere, aberatsetakoak ere sartzen dira talde horietan. Gogorkeria eta liskar bila ibiltzen dira eta kutsu 'nazional sozialista' erakusten dute. Azken urteotan familia burgesetan hazitako ideologia ultraeskuindarreko gazteak ugaritzen ari dira mugimendu horretan eta horrela giro ezin egokiagoa aurkitu dute beren barrabaskeriak eta bidegabekeriak egiteko.


Pijo aberaskumeak
 

Mesprezu-kutsuarekin erabiltzen da hitz hori. Diru gehiegi gastatzen dute arropa erosten, batez ere elite-mailako kirol-jantzietan, beti beren leku jakinetan ibiltzen dira eta halako tonu 'txoro' eta berezi batekin hitz egiten dute. Mundu honetan beti izan dira horrelakoak eta izango dira. Ez dute sosik falta poltsikoan, modazko telebista-programak dituzte gogokoenak eta horietako estereotipoak imitatu nahi izaten dituzte.


Rap edo break-dantza
 

Amerikako Estatu Batuetatik etorri zen musika hori, batez ere abeslari beltzek sortua. Horren ezaugarria dantzan egiteko era bitxia eta berezia da. Gazte-mugimendu hori baketsua da eta tolerantea.

 

Rokeroak
 

Elvis Presley, James Dean eta Amerikako hegoaldeko musikak markatzen du mugimendu hori. Larruzko jantziekin, eta edaria eskuan, ibiltzen dira kalean, batzuetan bakeroak ere erabiltzen dituzte, eta txapak musika-idoloen irudiekin arropan itsatsiak. Normalean arrazistak dira, batez ere beltzen aurkakoak. Heavyen etsaiak dira, hauek zarama omen direlako.

 

Intelektualak
 

Aipatutako taldeetakoak baino intelektualagoak dira, eta ezin dira horiekin ibili eta nahastu. Janzkera formala da eta dotorea, nabarmenkeria-apur batekin, gabardina oso gogokoa dute, ile-gogortzailea ere bai. 'Aberaskume' taldean sailkatzen dituzte, familia aberatsetan jaioak eta haziak baitira. Sarritan istilu asko izan dituzte Rokeroekin. Taldekide horien musika rock sinfonikoa da, musika-taldea: 'The Who'. 'Quadrofenia' filmarekin identifikatzen dira.

 

Teknoak edo Bakalaoak
 

Aski mugimendu berria da, tekno-musikan oinarritzen dena, sistema sintetizatzaileekin doinu metalikoak eta estresatzaileak sortzen dituztenak. Gogokoak dituzte erritmo gogorrak eta indartsuak, ozenki entzunaraziak, hitz gutxi eta monotonia musikala, dantzan egiteko orduetan eta orduetan robot gisako mugimenduak errepikatzen dituzte. Larrua eta ile motza dira horien beste ezaugarriak.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment