Euskadinet
| Advanced Search | Guided search

Docutec

Altzoko handia, erraldoi euskalduna

Migel Joakin Eleizegi, bere garaiko gizonik handiena izan omen zen.

Bideo hau Dokumentu Biltegiko 50. DVDan badago ere, atari honetara ekarri dugu, transkripzio eta guzti.

 

Gizon handi honen biografia laburra ikusi ahal izango duzu hurrengo bideoan.

Transcription:[+] Transcription:[-]

Altzoko handia, erraldoi euskalduna. Ez da ipuin bateko protagonista, ezta fantasiazko film bateko izakia, ezta euskal mitologiako pertsonaia. Hezur-haragizko gizona izan zen Migel Joakin Eleizegi. Bere gorputza, gorputz erraldoia, bitxia zen, baina bitxikeria hori berez zetorkion, ez dugu kanpoko eragilerik bilatu beharrik, ez parapsikologian, ez esoterismoan.

Bere garaiko gizonik handiena izan zen Migel Joakin, eta agian horrek diru pixar bat egiteko balio izan zion baina gizagaixoa zoritxarrekoa izan zen.

Migel Joakin Eleizegi, hezur eta haragizkoa, benetakoa zen gizona, askok sinetsi ez arren. Altzo azpiko baserri honetan jaio zen, Ipintzan, bere oinordeko Pilar bezalaxe.

Pilar Unzain Eleizegi: Hamar senide izan ginen eta hor jaiotakoak gara denak. Hori zen nire amaren birraitonaren anaia.

Migel Joakin Eleizegiren garaiera gaztetan ez zen deigarria. Baina hogei urte bete zituenean gora eta gora egin zuen, dirudienez, akromegalia izeneko gaixotasun baten ondorioz.

Pilar Unzain Eleizegi: … honek dauzka 2,29 zentimetro altura eta bera zen bi metro eta berrogeita bi zentimetro. Hasi zen gizentzen, gizentzen, eta hogei urterekin pisatzen zituen ehun eta laurogeita lau kilo, eta gehien pisatu zuenean, berrehun eta lau kilo.

Beti dago norbait negozioa egiteko irrikitan, eta kasu honetan ere halaxe izan zen. Migel Joakin alde batetik bestera eraman eta jende aurrean erakustea bururatu zitzaien inguruko batzuei, poltsikoak ondo beteko zituztelakoan. Paris, Londres, Madril… Toki askotan ibili zen, eta etxera itzultzen zen bakoitzean, haren garaiera eta zabalera zizelkatzen zituzten Altzo Azpiko Sal Salvador elizako atarian.

Inaxio Zabala: Hazten joan zen, bai.

Elkarrizketatzailea: Eta non daude markak?

Markak … Aurrenekoa, estranjerira eta Portugalera eta Espainiara joan baino lehenago, honaino zuen altura, eta bueltatzerakoan, hura, hurrengo hura. Irten zenean, honaino, eta bueltan etorri zenean honaino. O sea que 2,41 zentimetro.

Mezan beti Migel Joakin elizaren aurreko petrilean esertzen zen. Metro bat eta hamaika hamaika zentimetrora zegoen eta hankak lurreraino heltzen zitzaizkion. Inaxiok beste anekdota bat kontatu digu, Joakin bekatuak konfesatzera joaten zenekoa.

Inaxio Zabala: Apaiza zutik jartzen omen zen, eta bera belauniko. Distantzia gutxiago egon, baxuago hitz egitearren, bere pekatuak sekretuan gordetzearren.

Jaten eta edaten ematea ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula, sagardoa barra-barra edaten omen zuen, eta behin ama deskuidatu eta erdi egosirik zeuden hiru kilo babarrun jan zituela kontatzen dute batzuek. Gizon ona, apala eta langilea zela diote, eta lotsatua ere bazen.

Pilar Unzain Eleizegi: Gainera, bere handitasunarekin igual ez zen ondo sentitzen...

Emakume ingeles erraldoi batekin ezkondu nahi izan zutela esan ohi da, baina berak hau esaten omen zion aitari: “Aita, goazen etxera, nik ez dut hemen ezer jakin nahi eta”. Esan zuela berak ez zuela ezkondu nahi ez zedi izan bera bezain desgraziatua ondorengorik inor.

Eta halaxe, ezkondu gabe hil zen berrogeita hiru urte besterik ez zituela. Altzo Azpiko hilerrian hilobiratu zuten Tolosatik ekarritako kutxa handi batean.

Pilar Unzain Eleizegi: Eta baita ere esaten da pobrea izan zela bere denboran. Baina nik ez diot horri tankerarik ematen zeren jartzen du paperak baita ere hil aurretik bostehun meza ordainduta utzi zituela. Gaur balitz, diru pila ederra.

Pobre ez, baina dirudienez, triste hil zen Altzoko erraldoia. Eta orduan ere ez zioten bakean atseden hartzen utzi, norbaitek hilobia profanatu eta hezurrak eraman baitzituen. 
 

 
 

Comments
Login for comment

| | | | Imprimir | estrella gris estrella gris estrella gris estrella gris estrella gris
Mar 9, 2012
Number: 916523
Duration: 04:00
Number of visits: 696