Docutec Card

Émile Zola

1840ko apirilaren 2an jaio eta 1902ko irailaren 29an hil zen Émile Zola idazle frantsesa.

1898an idatzi zuen Émile Zola idazle frantziarrak "J'accuse" (nik salatzen dut) adierazpen ospetsua.

Transcription:[+] Transcription:[-]

Kazetaria.- Ez dakigu gaurko eguna historiara pasako den, efemerideetan ikusi duguna, duela 106 urte, ba, astearte honetan, Émile Zola idazle frantsesak “Nik salatzen dut” adierazpen ospetsu hura idatzi zuela. Salaketa egin zuen Dreyfus zeritzan kasuagatik, kapitain judutar bati espioitza leporatu eta bizitza guztirako kartzela-zigorra ezarri zioten inolako frogarik gabe eta garbi zegoenean errugabea zela. Juanjo San Miguel.

Juanjo San Miguel.- Gaurko egunez, bai, duela 106 urte, 1898ko urtarrilaren 13an, Emile Zola idazle frantsesak “Nik salatzen dut” deritzan artikulu famatua idatzi zuen L’Aurore egunkarian. Idatzi honen bidez idazleak Dreyfus kasuan izandako irregulartasunak agintari militarren jokaera maltzur eta gaiztoa, eta batez ere, errugabe bat zigortu izana salatu nahi izan zituen.
Émile Zola Parisen jaio zen 1840an eta bere bizitzan zehar bertako kale eta jendeari buruz idatzi zuen, nobela naturalista deritzana. Eta horren adibide dira ba, Nana, prostituzioari buruz, Pot-Bouille, klase ertainen helburuez edo Germinal, meatzarien bizimoduaz.
Zolak naturalismoa izan zuen ardatz bere idazlanetan. Bere iritziz, idazleak errealitatea islatu behar duelako, den bezala arlo eta xehetasun guztiez.
Dreyfus kasua ezaguna eta famatua izan zen Frantzian bertan eta ondoren Europa osoan sortutako eztabaidak mugak gainditu zituelako. 1894an Frantziako zerbitzu sekretuek Parisko Alemaniako laguntzaile militarrari bidalitako eskutitza atzeman zuten. Bertan informazio zehatza ematen zitzaion Frantziak zeuzkan arma berriei buruz.
Hau zabaltzeak eragin handia izan zuen buru militarren artean, benetako kezka sortu zuen eta berehala errudunaren bila hasi ziren eta berehala aurkitu zuten: Alfred Dreyfus, 35 urteko kapitaina, alsaziarra eta judutarra.
Dreyfusek behin eta berriz aldarrikatu zuen berak ez zekiela ezer, errugabea zela, baina bizitza guztirako kartzela-zigorra ezarri eta Guyanara, deabruaren uharteko espetxera bidali zuten.
1896an ejertzitoko ikerketa-arduradun berria ohartu zen Dreyfus errugabea zela, Esterhazy izeneko bat zela erruduna, baina militar buruek, eskuindar eta antisemita gehienek, ez zioten jaramonik egin eta Esterhazy epaitu eta errugabetzat jo zuten.
Emile Zolak eta ezkerreko mugimenduko zenbait kide ohartu ziren gertatzen ari zenaz, eta orduan idatzi zuen gaurko egunez Zolak “Nik salatzen dut” deritzan artikulu ezaguna.
Bertan, berotasun handiz, Zolak Dreyfusen errugabetasuna aldarrikatu eta militar buruen, ejertzitoko zuzendaritzaren jokaera salatu zuen.
Egun horretan bertan ejertzitoko ikerketa-arduraduna atxilotu zuten eta Parisen eskuina eta ezkerraren arteko benetako gerra piztu.
Zola epaitu egin zuten baita ere eta Ingalaterrara desterratu. Itzuli zen, baina herio mehatxuak jaso zituen etengabe. Azkenean, 1902ko irailaren 29an hilda aurkitu zuten bere etxean, itxuraz, gaizki zegoen tximiniatik irtendako karbono monoxidoak hilda.
Dreyfusen izena handik 4 urtera garbitu zuen ejertzito frantsesak.

 

 
 

Comments
Login for comment

B2
Jan 19, 2004
Number: 29278
Source:
Dialect:
  • Batua
Duration: 0:03:09
Number of visits: 1590