Ezkerren mundua aztertuko duzu sekuentzia didaktiko honetan. Lehenengo atazan, garuneko hemisferioak nola banatzen diren ikusteko aukera izango duzu, eta horrela, hainbat funtzio ezkerraldearekin ala eskuinarekin sortzeko joera ulertuko duzu. Bigarren atazan, ezkerren zenbait ezaugarri aztertuko duzu testua irakurrita. Hirugarrenean, berriz, haurra eskuinarekin idaztera ohitu behar ote duen galdetuko dio ama batek pediatrari kontsultan; horren harira, medikuak emandako aholkuari erreparatuko diozu.
Ospe handia du Apiretalek haur txikien gurasoen artean zein pediatren kontsultetan. Izan ere, botika hau oso eraginkorra baita, besteak beste, analgesiko eta antipiretiko bezala. Hauxe izango duzu hizpide, beraz, sekuentzia didaktikoan zehar. Lehen atazan, Apiretal askotan erabili duen ama baten artikulua irakurri eta aztertuko duzu, bere iritzia zein den ezagutzeko. Bigarrenean, botikaren dosifikatzea dela-eta sortu den nahasketaz ohartaraziko du Gurutzetako kalitate-arduradunak irratiz. Adituak esandakoak entzunda nahasketaren nondik norakoak ezagutzeko aukera izango duzu. Azken atazan, berriz, intoxikazio-kasu bat ezagutuko duzu kontsultako elkarrizketan. Egoerak eskatuta jarraitu den prozedura ezagutu eta gurasoei jakinarazteko moduari erreparatuko diozu.
Ospitale eta osasun-zentroetan artatzen diren erredura asko etxean gertatu ohi dira. Sekuentzia didaktiko honetan, horiek izango dituzu hizpide batik bat lehenengo bi atazetan. Etxeko erredurak aztertzen dituen erreportajea irakurriko duzu. Aurreneko atazan arrisku-faktoreak zein diren azaltzen duen zatia irakurri eta aztertuko duzu; eta bigarrenean, erredura baten ondoren jarraitu behar diren pautak ezagutuko dituzu erreportajearen bigarren zatia irakurrita. Azkenekoan, bigarren graduko erredura baten sendaketa egiten ari den erizainaren azalpenak aztertuko dituzu kontsultako elkarrizketan.
Etorkinek jasotzen duten osasun-laguntzaz arituko zara sekuentzia didaktiko honetan. Lehenengo atazan, batetik, osasun-laguntza jasotzeko bete beharreko baldintzak aztertuko dituzu; eta bestetik, osasun-zerbitzuekin duten gogobetetasun-maila ezagutuko duzu, Araban 2009.urtean jasotako datuak aztertuta. Bigarren atazan, kontsultako elkarrizketan oinarrituta, Larrialdietara iritsi den etorkinak dituen eskubideaz arituko zara.
Kirolaz arituko zara sekuentzia didaktiko honetan. Izan ere, kirola umearen garapen fisiko zein psikikorako ezinbesteko osagaitzat hartzen dute osasun-profesional guztiek gaur egun. Lehen atazan, kirola haurtzarotik egitearen garrantzia azpimarratuko du kirol-mediku Manu Zubillagak eta honek esandakoak aztertuko dituzu. Bigarren atazan, kirolaren garrantziaz jabetuta eskolatik kirola bultzatzeko abian dagoen programaz jardungo duzu. Programak umeen gaitasunak hartzen dituela kontuan irakurriko duzu eta ideia horren azalpena aztertuko duzu kirol-entrenatzaile bati egindako elkarrizketan. Horren harira, atazaren bukaeran, gurasoentzako gida osatuko duzu euren seme-alabei kirola egiteak ekar liezaiekeen onuraz jabearazteko.
Fobiez arituko zara sekuentzia didaktiko honetan. Lehenengo atazan, gaitza nolakoa den eta sintomarik ohikoenak aztertuko dituzu irakurriko duzun artikuluan. Bigarrenean, berriz, fobiaren bat duen jendearen testigantzak eta bizipenak ezagutzeko aukera izango duzu.
Nor bere buruarekin gustura egotea ezinbestekoa da bizitzari modu orekatuan aurre egiteko. Horregatik, autoestimua egokia izateak ikaragarrizko laguntza eskaintzen digu denoi eguneroko martxan.
Adinekoak egoitzan etxean bezala, gustura eta eroso sentiaraztea ez da hain erraz lor daitekeen zerbait. Ongi dakite hori egoitzetako langileek, eta horregatik lan eskerga egiten dute egunero-egunero gure aitona-amonen egoera hobetzeko. Matiako langileek adinekoen zaintzan kontuan hartu beharreko hainbat alderdi azalduko dute irakurri eta aztertuko duzun artikuluan, zaintzak alderdi onuragarriak ere badituela erakutsiz. Bigarren atazako elkarrizketan, aztertuko duzu familiak senitartekoa egoitzan uzterakoan izan ohi dituen kezkak, eta zaintzaileak nola laguntzen dion pauso hori ematen.
Ospitaleko zerbitzuak azaltzen duen informazio-orria aztertuko duzu lehenengo atazan, eta ohiko azalpen laburrak aztertzeko aukera izango duzu. Era berean, bigarren atazan, harrerara hurbiltzen denari horietako argibide baten azalpena egiten entzungo duzu langilea.
Gernu-ihesa, edo txizaren inkontinentzia, gizonezkoei zein emakumezkoei eragiten dien gaixotasuna da. Hala ere, usuagoa da emakumeek arazo hori izatea. Horrela, % 25ek baino gehiagok pairatzen du esfortzuak eragindako gernu-ihesa. Sekuentzia didaktiko honetan arazo honi buruz jardungo duzu. Lehenengo atazan, txizagura nola gertatzen den eta horrekin lotutako patologiak aztertuko dituzu bideo-pasarte bat ikusiz. Bigarren atazan, gernu-ihesa zer den eta horren inguruko xehetasunak landuko dituzu. Azken atazan, berriz, arazoari aurre egiteko Kegel-en ariketak nola egin behar dituen azalduko diozu pazienteari, kontsultako elkarrizketan.
Sekuentzia honetan, baldintza hipotetikoei buruz jardungo dugu. Zozketa baten iragarki batetik abiatuta, iraganeko baldintza irrealen inguruan, batik bat, arituko gara. ...[+]