Helburua: Teknika nolakoa den aztertu eta kolostomia egin dioten pazienteari etxean egin beharreko zainketak azaltzea. Kolostomiak aldaketak ekarri ohi dizkio pertsonaren bizimoduari. Horregatik, garrantzitsua izango da heziketa-prozesu egokia eramatea pazientearekin. Ataza-sekuentzia honetan, kolostomia zer den eta teknikak berak dituen hainbat ezaugarri lehenengo atazan aztertu ondoren, bigarrenean pazienteari etxera joandakoan poltsaren aldaketa nola egin behar duen azaltzeko modua aztertuko duzu.
Sindrome geriatrikoez arituko zara ataza-sekuentzia honetan. Lehen atazan, zahartzaroan maizen agertzen diren gaixotasunak zein diren eta horien ezaugarri nagusiak aztertuko dituzu. Bigarrenean, elkarrizketa entzun eta adineko batek duen mugikortasun-maila aztertzeko testen berri izango duzu.
Koloproktologiako Unitatea berri samarra da Basurtuko Ospitalean, punta-puntako zerbitzua eskaintzen duen arren. Han artatzen diren patologiak, erabiltzen diren teknikak eta unitatearen beraren eraketari buruzko informazioa eskuratuko duzu, besteak beste, lehenengo atazan irakurriko duzun erreportajeari esker. Bigarrenean, medikuaren eta pazientearen arteko elkarrizketa aztertuko duzu. Bertan, diagnostikoa bideratzeko galderak aztertu eta gorozkietan odola atzemateko analisien instrukzioak osatu behar dituzu.
Helburua: ONA txartela ateratzeko eta erabiltzeko azalpenak ematea Aurreikuspenen arabera, bost urte barru egungo Osasun Txartel Indibiduala (OTI) ordeztuko du ONA (Osasun Nortasun Agiria) txartelak. Txartela lortzeko eta honen erabileraz informatzeko, EAEko gune publikoak erabiltzen ari dira, eta hainbat kasutan, osasun-zentroak dira eginkizun hori bete behar dutenak. Ataza-sekuentzia honetan, ONAri buruzko informazioa aztertuko duzu hainbat testu baliatuta, eta amaieran harrerara txartela egiteko hurbildu den herritarrarekin izandako elkarrizketa landuko duzu.
Helburua: Bizkarreko mina sendatzeko bideak aztertu eta gaixoari bizkarrarentzako ariketak nola egin azaltzea Bizkarreko mina tratatzeko garaian garrantzitsua da bizkarrezurrari arreta berezia eskaintzea. Bizkarrezurra manipulatzeko eta zaintzeko teknika eta metodo ugari garatu dira, gaixoari mina arintzeko edota sendatzeko abantaila nabarmenak eskainiz. Ataza-sekuentzia honetan, horietako batzuk ezagutzeko eta aztertzeko aukera izango duzu. Lehenengo atazan, kiropraktika zertan den eta bizkarrezurraren zainketan nola lagun dezakeen aztertuko duzu. Bigarrenean, teknologia berriek egin dezaketen lanaz arituko zara, orno-deskonpresioko mahaiaren ezaugarriei buruzko artikulua landuz eta bere funtzionamendua azalduz. Azkenik, bizkarra zaindu behar duen gaixoari etxean egiteko hainbat ariketa azalduko dizkiozu kontsultako elkarrizketan.
Ordu asko igaro ohi duzue bulegoko lanak egiten dituzuenok ordenagailuaren aurrean. Ataza-sekuentzia honetan, lan mota horrek sortzen dituen minak aztertu eta horiek saihesteko ergonomiaren aholkuak ezagutzeko aukera izango duzu. Azken atazan, ordenagailuaren aurrean lan egiteko jarrera egokiaz arituko da aditu bat, eta zuk irudietan oinarrituta, desegokiak diren jarrerek nola beharko luketen azaldu beharko duzu idatziz.
Helburua: gaixoa mugitzeko modua azaltzea gaixoaren familiarteko bati Pazienteak mugitzeko moduaz arituko zara ikastunitate honetan. Lehenengo atazan, gaixoa ohetik ohatilara mugitzeko teknikaren berri izango duzu eta horiei buruzko testua osatuko duzu. Bigarrenean, ospitaleko erizainei zuzendutako hainbat arau eta teknika ezagutzeko aukera izango duzu eta bertan ematen diren jarraibideak euskaratuko dituzu. Hirugarrenean, ohetik altxatzeko laguntza behar duen pazientearen senideari azalduko diozu, elkarrizketa bidez, etxean dagoenean nola egin behar duen.
Azterketa kardiobaskularra egitean, erabiltzen diren bi proba izango dituzu hizpide sekuentzia honetan. Lehenengo atazan, tentsioa eta bihotza aztertzeko probez arituko zara, bietan gertatzen diren berezitasunak aztertuz. Bigarrenean, tentsioa hartzeko tresnak nola funtzionatzen duen aztertuko duzu eta haurrei zuzendutako testua osatuko duzu, prozesuaz jabe daitezen. Hirugarrenean, azterketa egiten ari zaion haurrari azalpenak emateko elkarrizketa landuko duzu.
Txanda hartzeko Internet bidezko zerbitzua jarri berri du martxan Osakidetzak. Gai hori izango duzu hizpide sekuentzia honetan. Aurreneko atazan, zerbitzua zertan datzan azaltzea izango duzu helburu. Bigarrenean, erabiltzaileari azalduko diozu zerbitzua nola erabili behar duen pausoz pauso. Azkeneko atazan, berriz, zerbitzua erabiltzerakoan sortu ohi diren zalantzak argitzeari ekingo diozu.
Helburua: artrosia duenari tratamendu eta ariketa egokien berri ematea Sekuentzia honen gai nagusia artrosia da. Gaitz hau artritisetik bereizteko azalpena landuko duzu lehenengo atazan. Ondoren, bigarrenean, tratamenduari helduko diozu, eta artrosiaren minak arintzeko erabiltzen diren prozedura ohikoenak aztertu eta gomendatuko dituzu. Azkenekoan, artrosia duenarekin hitz egiterakoan, errehabilitaziorako ariketak egitea gomendatuko diozu, horiek egiteko prozedura egokiak azalduta.
Sekuentzia honetan, baldintza hipotetikoei buruz jardungo dugu. Zozketa baten iragarki batetik abiatuta, iraganeko baldintza irrealen inguruan, batik bat, arituko gara. ...[+]