Urteak joan ez, baina etorri egiten direla esan ohi da. Etorri, gelditzeko gainera. Urteak, ordea, ez dira bakarrik etortzen, gehienetan berekin ekartzen dituzte beste hainbat kontu. Gelditzeko horiek ere. Dela diabetesa, dela kolesterola, dela azido urikoa, tentsioa... zahar, eta ez hain zahar, askoren berriketagai dira. Irratsaioan tentsioaz aritu dira berriketan eta horixe jorratuko dugu ikastunitate honetan.
Gosaria, hamaiketakoa, bazkaria, askaria eta afaria. Hori da ordena. Eta ordena horretan gosaria dugu lehena, baina ez ordena horretan bakarrik, eguneroko otorduetan ez baita garrantzirik eskasena duena. Ez luke izan behar, behintzat, askotan ezikusiarena egin eta bazkarirainoko jauzia egiten badugu ere. Heldu n3ahiz ume askoren joera da, Ingortze Zubietak esango digun bezala. Ingortze Euskadiko Dietista eta Nutrizionisten Elkarteko lehendakariordea da eta buru-belarri dabil gosari bihotz-osasungarriaren programaren barruan haurrei ondo gosaltzen erakusten. Ohitura onak umetatik hartu behar baitira.
Sekuentzia honetan, baldintza hipotetikoei buruz jardungo dugu. Zozketa baten iragarki batetik abiatuta, iraganeko baldintza irrealen inguruan, batik bat, arituko gara. ...[+]