Galdakao-Usansoloko Oftalmologiako Zerbitzuan begiarekin lotutako patologia ugari artatzen dira eta lehenengo atazan horietako bat ondo ezagutzeko aukera izango duzu. Izan ere, Elena Noguera espezialista keratokono izeneko patologiaz arituko da irakurri eta aztertuko duzun erreportajean. Bigarren atazan, keratokonoa tratatzeko teknika berri bati buruzko bideo-pasartea ikusiko duzu. Rekalde doktoreak Bilboko klinikan erabiltzen hasi den cross-linking deritzan teknika azalduko du. Berak esandakoan oinarrituta, prozeduraren azalpena berrosatuko duzu.
Sekuentzia didaktiko honetan faringitisa eta katarroak tratatzeko moduak izango dituzu hizpide. Aurreneko atazan, faringitisari buruzko erreportajea irakurri eta aztertuko duzu. Bigarren atazan, berriz, katarroak sendatzeko bide naturalak ezagutzeko aukera izango duzu, entzun eta landuko duzun irratsaioari esker.
Ohiko ospitalizazioren ordezko aukera bat da etxeko ospitalizazio-zerbitzua. Osakidetzak eskaintzen duen zerbitzu hau Debagoieneko Ospitaleak nola garatzen duen aztertuko duzu irakurriko duzun erreportajean, bertako zerbitzuburuak adierazitakoei esker. Bukaeran, zerbitzuari buruzko balorazioa osatzeko esaldiak euskaratuko dituzu.
Lehenengo atazan irakurriko duzun erreportajeari esker, Pablo Malo psikiatraren jarduna aztertzeko eta Lehenak programaren inguruko xehetasunak ezagutzeko aukera izango duzu. Bigarrenean, berriz, gertakari psikotikoa izan duen gazte baten gurasoekin arituko da solasean psikiatra; elkarrizketa baliatuko duzu sendagilearen azalpenak lantzeko.
Artikulazio eta muskuluetako min izugarriak eragiten ditu artritis erreumatoideak. Gaixoek mina denbora luzez izan ohi dute gaitza diagnostikatu bitartean, eta horrek oztopatu izan du kasu askotan gaixo bakoitzari zuzendutako terapia egokia jartzea. Gaur egun, gaixotasun erreumatiko hau sendatzen ez bada ere, tratamenduen bidez arintzea lortzen da, eta kasu askotan gaixoak gaitzarekin jarraitzen badu ere, ez du ia sintomarik igartzen. Sintomez eta gaitzaren tratamenduez arituko zara nagusiki ataza-sekuentzia honetan. Lehenengo atazan, adituak azaldutako xehetasunak aztertuko dituzu eta artritis erreumatoidearen deskribapen labur bat osatuko duzu. Bigarrenean, berriz, tratamenduan dagoen pertsona baten bloga irakurriz, bere bizipenak ezagutu eta landuko dituzu. Eta hirugarren atazan, terapia biologikoez arituko zara kontsultako elkarrizketan, tratamenduaren berezitasunak aztertuz.
Urteak joan ahala, gero eta gehiago dira sendatzen eta gainditzen diren minbizi kasuak. Hala eta guztiz ere, oraindik ikaratu egiten gara minbizia hitza entzuten dugunean. Ataza-sekuentzia honetan, baikor heldu behar diozu gaiari, eta hemen ikusitakoak agian balio lezake minbizia ez dela heriotzaren sinonimoa azaltzeko gaixoari. Lehenengo atazan, bideo-pasartea ikusi eta tumorea zer den aztertu ondoren, minbizia heredatuko ote duen kezkatuta dagoen pazienteari erantzungo diozu. Bigarrenean, minbizia sendatzeko erabiltzen ari diren botika eta tratamenduak izango dituzu aztergai, minbiziaren aurkako borrokan egiten ari diren lorpenez informatzeko gaixoa. Eta hirugarrenean, bularreko minbizia gainditzeko bidean dagoen emakume baten adierazpenak entzun eta gaixoa elkarteetara jotzeko aukeraz aholkatuko duzu.
Beroa eta izerdia direla-eta aholkuak prestatuko dituzu gida honetan. Horretarako, sauna hartzeko gomendioak irakurriko dituzu aurreneko atazan, eta izerdia botatzeko bide hori aukeratu duen pertsonari kontuan hartu beharrekoak jakinaraziko dizkiozu. Bigarrenean, udako egunik beroenak igarotzeko aholkuak landuko dituzu modu xelebre batean.
Jende asko dago udaberriko lehen berotasunekin hasi eta uda bitartean nekatuta, ahul eta goibel samar ibiltzen dena. Urtetik urtera gero eta jende gehiago omen da horrelako egoera jasaten duena: populazioaren % 60 bai, datuen arabera.
Ba ote da inor kolesterolaren aditzerik ez duenik? Kolesterola gora eta kolesterola behera gabiltza. Iragarkietan kolesterolik ez duen makina bat jaki ikusten ditugu, analisietan ere, besterik ez, eta zorioneko kolesterolari erreparatzen diogu denok. Horixe izango dugu hizpide ikastunitate honetan, eta, besteak beste, hauek izango dira landuko dituzun atalak: jakiekin lotutako zalantzak, arteriosklerosia eta jateko ohituren aldaketak.
Gurean egundoko estimazioa dute perretxikoek. Askorentzat aho-gozagarri aparta dira perretxikoak, baina zenbaitetan baita arazo-iturri ere. Urtero-urtero izaten diren intoxikazioak izango ditugu hizpide ikastunitate honetan: gertaerak, sintomak, tratamenduak...
Sekuentzia honetan, baldintza hipotetikoei buruz jardungo dugu. Zozketa baten iragarki batetik abiatuta, iraganeko baldintza irrealen inguruan, batik bat, arituko gara. ...[+]