Elektromiografia izango da unitate didaktiko honen gaia. Proba diagnostiko hau zertarako erabiltzen den eta probari buruzko xehetasun ugari eskainiko dizkizu lehen atazan irakurriko duzun artikuluak. Bigarren atazan, berriz, elektromiografia egiten ari den medikuaren eta pazientearen arteko elkarrizketa aztertuko duzu, probaren gaineko ohiko azalpenak emateko moduari erreparatuz.
Loaldiko apnea buxatzailearen sindromeaz (LABS) arituko zara ataza-sekuentzia honetan. Lehenengo atazan, gaixotasuna xehetasunez azalduko duen artikulua irakurri eta aztertuko duzu. Bigarrenean, loaldiko apnearen eta zurrunga egitearen arteko desberdintasunari erreparatuko diozu, besteak beste gai horri buruzko bideo-pasartea aztertuta.
Bihotzaren Munduko Eguna dela-eta, hemen duzu gai horrekin lotutako sekuentzia bat. Gaixotasun kardiobaskularren gorakadaren aurrean prebentzioan eta gaixoen errehabilitazioan eragitea ezinbesteko ikusi du osasun publikoak. Programa hauen gainean arituko zara sekuentzia didaktiko honetan. Lehenengo atazan, programaren xehetasunak ezagutuko dituzu. Eta bigarrenean, gaixoari programaren berri nola eman aztertuko duzu kontsultako elkarrizketan.
Telemedikuntza izango duzu hizpide ataza-sekuentzia honetan. Aurreneko atazan, Koldo Martinezen artikulua irakurri eta aztertuz, teknologiak medikuntzari ekarri dizkion aldaketen inguruko hausnarketak egitera gonbidatuko zaitugu. Bigarrenean, aldiz, telemetria, telemedikuntzaren aplikazioetako bat, ezagutzeko aukera izango duzu kontsultako elkarrizketaren bidez.
Ikuskatzaileetako medikuek egiten duten lana izango duzu hizpide ataza-sekuentzia honetan. Lehenengoan, erreportajea irakurriko duzu eta lanbide honen berezitasunak aztertuko dituzu. Bigarrenean, ikuskatzailearen eta paziente baten arteko elkarrizketa izango dugu aztergai.
Oinetan ager daitezkeen arazoak areagotu egiten dira pertsona diabetikoa denean. Egoera larria izan daiteke, dirudienez, diabetiko guztien % 30ek izango baitu bizitzan oinetako arazoren bat. Ataza-sekuentzia honetan, podologiaren ikuspuntutik nolako atentzioa eskaintzen zaion aztertuko duzu, Eneko Txurruka podologoaren artikulutik abiatuta. Bigarren atazan, aldiz, oinean ultzera duen pertsona diabetiko batekin izandako elkarrizketa izango duzu aztergai.
Sekula ez dira gaur egun bezain ongi zainduak egon mutiko eta neskatoak, eta inoiz baino interes handiagoa dago haurren aurkako tratu txarrak sustraitik erauzteko. Sekuentzia honetan ikuspegi medikotik helduko diozu gaiari. Horrela, lehen atazan, tratu txarrak zer diren argitzeko aukera izango duzu eta ohiko tratu txarren sailkapenari erreparatuko diozu. Bigarrenean, kasu susmagarri baten aurrean historia medikoan zer jaso eta jakinarazpena noiz egin behar diren aztertuko duzu. Azkenik, tratu txarrak jaso dituen haur baten kasua ezagutuko duzu hirugarren atazako kontsultako elkarrizketan. Bertan, pediatraren jokabideaz eta gurasoekin izan duen jarreraz arituko zara.
Koloproktologiako Unitatea berri samarra da Basurtuko Ospitalean, punta-puntako zerbitzua eskaintzen duen arren. Han artatzen diren patologiak, erabiltzen diren teknikak eta unitatearen beraren eraketari buruzko informazioa eskuratuko duzu, besteak beste, lehenengo atazan irakurriko duzun erreportajeari esker. Bigarrenean, medikuaren eta pazientearen arteko elkarrizketa aztertuko duzu. Bertan, diagnostikoa bideratzeko galderak aztertu eta gorozkietan odola atzemateko analisien instrukzioak osatu behar dituzu.
Helburua: fibromialgiari buruzko informazioa aztertu eta gaixoari emateko moduko azalpena osatzea. Fibromialgiaz arituko zara sekuentzia honetan eta hiru ataza egingo dituzu gaia jorratzeko: aurrenekoan, gaixotasunak dituen sintomak eta diagnostikatzeko teknikak aztertuko dituzu; bigarrenean, fibromialgiak estresarekin duen harremanaz arituko zara; eta azkenekoan, gaixoen testigantzak entzunda, hainbat kezkaren inguruko azalpenak osatuko dituzu.
Sekuentzia honetan, baldintza hipotetikoei buruz jardungo dugu. Zozketa baten iragarki batetik abiatuta, iraganeko baldintza irrealen inguruan, batik bat, arituko gara. ...[+]