Zer iradokitzen dizu izenburuak? Ez dugu pista askorik emango sarrera honetan, galdera horrixe erantzun beharko baitiozu lehen jardueran. Zera bakarrik aipatuko dugu, haur bat jaiotzen denean denok urduri antzean ibili ohi garela eta laguntza guztia izaten dela ongi etorria.
Sudurreko odoljarioak nahiko sarritan gertatzen dira eta normalean ez dute osasun-konplikazio larririk ekartzen. Halere, komenigarria da hainbat neurri hartzea eta egoki jokatzea. Ataza-sekuentzia honetan, sudurreko asaldura honetaz arituko zara. Lehenengo atazan, artikulua irakurriz odoljarioak zergatik gertatzen diren eta zein diren jokabide egokiak aztertuko duzu. Bigarrenean, kontsultako elkarrizketan sudurreko odoljario ugari izaten dituen ume baten kasuari erreparatuko diozu.
Ospitalean gizarte-lana nola jorratzen den eta esparru horretan aritzen den Carmen Valoisen proposamena ezagutuko duzu lehenengo atazan, berak idatzitako artikulua irakurri eta aztertuz. Bigarrenean, gaixo bati laguntza bideratzeko nolako planifikazioa egin den aztertuko duzu elkarrizketaren bitartez.
Zer jaten dugun, huraxe omen gara. Gehiegizkoa irudituko zaio bakarren bati agian, baina ukaezina da, nolanahi ere, jateak —elikadurak— gure osasunean duen eragina. Elikatzea bizirauteko derrigorrezkoa dugu, jakina. Baina kontua ez da bizirik irautea, bizimodu osasuntsua egitea baizik; horretarako, zer, zenbat, noiz, nola eta norekin jaten dugun kontuan hartzea ez da alferrikakoa izaten. Gai hauxe izango duzu ardatz ondorengo ariketa-sekuentzian.
Menopausia garaian gertatzen diren itobeharrak izango dituzu aztergai ataza-sekuentzia honetan. Lehenengo atazan, artikulua irakurrita, itobeharren ezaugarriak eta horiek saihesteko tratamendua ezagutuko dituzu. Bigarrenean, itobeharrak dituen emakumearen eta medikuaren arteko elkarrizketa aztertuko duzu.
Haurren minbizia izango duzu hizpide sekuentzia honetan. Lehen atazan, eskolako hezitzaileei zuzendutako gida baten atal bat irakurriko duzu. Informazio hori baliatuta, haur-minbiziari buruzko ezaugarriak, minbizi mota ohikoenak eta tratamenduak aztertuko dituzu. Bigarrenean, minbizia diagnostikatu dioten haur baten gurasoen bizipenak ezagutuko dituzu, eta haurrak jaso duen arreta aztertzeko aukera izango duzu. Azkenekoan, berriz, haurrari bere gaixotasunaren berri nola eman aztertuko dituzu kontsultako elkarrizketan.
Tentsioa hartzea ohiko praktika da jarduera medikoan. Izan ere, oso garrantzitsua baita presio arteriala egokia izatea, odola gorputzeko leku guztietara ondo iritsiko bada. Ataza-sekuentzia honetan tentsioa neurtzeko teknikaz gain, oro har izaten diren arazoak eta horiek zuzentzeko tratamendua ezagutzeko aukera izango duzu irakurriko duzun artikuluari esker. Kontsultako elkarrizketan, berriz, hipotentsioa duen paziente baten kasua aztertuko duzu.
Esperientzia Eskola proiektuaz arituko zara ataza-sekuentzia honetan. Lehen atazan, proiektua zertan den eta zein oihartzun izan duen ezagutuko duzu irakurri eta aztertuko duzun artikuluari esker. Bigarrenean, erretiratu baten eta teknikariaren arteko elkarrizketa aitzakia hartuta, garai horretan lagungarri izan litezkeen aholku batzuk landuko dituzu.
Ataza-sekuentzia honetan, halitosia zer den eta arazoa gainditzeko aholkuez arituko zara irakurriko duzun artikuluan. Kontsultako elkarrizketan, dentistak paziente bati egindako diagnosia aztertuko duzu, eta ondoren hainbat aholku euskaratuko dituzu.
Pertsona nagusiek teknologia berriekin duten harremanaz arituko zara sekuentzia honetan. Lehenengo atazan, Maite Irazabalbeitiak idatzitako artikulua irakurriko duzu eta horri esker, adinekoek teknologia horiek nola erabiltzen dituzten aztertuko duzu, dauzkaten mugetan arreta berezia jarriz. Bigarrenean, aldiz, Internetek ekar ditzakeen onurak aztertuko dituzu irratsaioan emandako informazioa baliatuta.
Sekuentzia honetan, baldintza hipotetikoei buruz jardungo dugu. Zozketa baten iragarki batetik abiatuta, iraganeko baldintza irrealen inguruan, batik bat, arituko gara. ...[+]