Komunikazioa behar-beharrezkoa da pazientearen eta sanitarioaren artean, baina, sarritan, hizkuntza oztopo bihur daiteke bien arteko harreman horretan. Oztopoa gainditzeko asmotan, Osakidetzak Dualia enpresaren zerbitzuak kontratatu berri ditu. Sekuentzia honetan irakurri eta landuko duzun erreportajean, hizkuntzen mugak gainditzeko sortutako teknologia eta aplikazio-sistema zertan den izango duzu hizpide.
Teoria eta praktika, praktika eta teoria, txanpon bereko bi aldeak ote? Hala behar luketenak, ordea, maiztxo nor bere bidetik aparte ibili izan dira. Eta erizainak, garai batean, behintzat, ez zuen praktikaren berri izaten ia lanean hasi arte. Badirudi, laster erizaintza-ikasketak hiru urtekoak ez eta laukoak izango direla, eta alderdi praktikoak askoz ere pisu handiagoa hartuko duela. Orduan ibiliko ahal dira bi arlo horiek ondo uztartuta, gizarteak eskatu bezala! Gai hauxe jorratuko dugu ariketa-sekuentzia honetan.
Zer iradokitzen dizu izenburuak? Ez dugu pista askorik emango sarrera honetan, galdera horrixe erantzun beharko baitiozu lehen jardueran. Zera bakarrik aipatuko dugu, haur bat jaiotzen denean denok urduri antzean ibili ohi garela eta laguntza guztia izaten dela ongi etorria.
Anestesia edozein ebakuntza egiteko ezinbestekoa dela dakigun arren, lotan igaro behar izaten den une horrek jende askorengan sorrarazten duen izuak, ebakuntzak berak baino protagonismo handiagoa hartu ohi du zenbaitetan. Horrelakoetan, erizainak asko lagundu diezaioke pazienteari egoerari lasaitasunez aurre egiten. Sekuentzia honetako lehenengo atazan irakurriko duzun testuaz baliatuta, anestesiei buruzko hainbat ezaugarri aztertuko dituzu. Bigarrenean, ebakuntzan zehar anestesiaren eraginkortasuna kontrolatzeko tresnari buruz irakurriko duzu, tresna horrek eskaintzen dituen abantailak ezagutzeko. Azkenik, erizainaren eta pazientearen arteko elkarrizketa entzunda, anestesiari beldurra dion pazientearekin nola jokatu duen ezagutzeko aukera izango duzu.
Adinean aurrera doazen neurrian, pertsona askoren kezka nagusia bilakatzen dira prostatako arazoak, eta ohiko kontsulta izaten da osasun-zentroan. Prostata izango da, beraz, sekuentzia didaktiko honetako gaia. Lehengo atazan, prostata eta organo honen handitzea zer den azaltzeko informazioa eskuratuko duzu adituaren eskutik. Bigarrenean, prostatatako arazoak tratatzeko hainbat metodo aztertuko dituzu. Eta azkenik, kontsultako elkarrizketaren bitartez, prostataren azterketarako teknika azaltzeko modua landuko duzu.
Txina. Modan dagoen nazioa. Beldurra eragiten du, batez ere bere ekonomia erraldoiak munduan izan lezakeen eraginak. Baita lilura ere, ordea. Mendeetako kultura, jakinduria, tradizioa, bizitzeko modua, erlaxatzeko teknikak... beti izan dira liluragarri mendebaldekoontzat. Bada, orain, badirudi medikuntzan ere baduela zer esana eta zer erakutsia. Horretara joan da, behintzat, euskaldun-finlandiar talde bat hara, Txinako medikuntza tradizionala ikastera. Horren guztiaren berri izango dugu Andrea Etxanizen eskutik.
Helburua: haurren elikadura aztertu eta egoki jateko gomendioak ematea. Haurtzaroan jarraitu beharreko elikadura aproposaz arituko zara lehenengo atazan, eta adin-talde desberdinetako beharrak kontuan izanda, elikagaiak nola banatu zehaztuzko duzu. Bigarren atazan, haurren obesitatearekin zerikusia duten elikagaiei buruzko azalpenak osatuko dituzu. Azkeneko atazan, gizena dagoen neskatxa batekin jan beharrekoez arituko zara, eta argaldu nahi duen gaztetxoari mezua idatziko diozu foro batean.
Ikastunitate honetan zorrien inguruan arituko zara. Informazioa bilduko duzu zenbait iturritatik (irratsaio batetik, informazio-orri batetik...) eskolako gurasoen bilera batean azalpena egiteko helburuarekin. Zure azken eginkizuna, bestalde, gaiaren inguruan sor daitezkeen zalantzei erantzutea izango da.
Helburua: Ospitaleko ohiko zerbitzuak ezagutzea, planoan kokatzea eta norabideak azaltzea. Ospitalean batetik bestera galduta ibiltzea nahiko ohikoa izaten da, batez ere, gutxitan joaten den jendearen kasuan. Sekuentzia honetan, ospitaletako ohiko zerbitzuak ezagutzeaz batera, plano batean aldaketak egingo dituzu. Gainera, halako kontsultara nola joan edo beste edozer non dagoen galdezka hurbildu zaizunari azalpenak ematen ikasiko duzu.
Sekuentzia honetan, baldintza hipotetikoei buruz jardungo dugu. Zozketa baten iragarki batetik abiatuta, iraganeko baldintza irrealen inguruan, batik bat, arituko gara. ...[+]