Triglizeridoak gorputzean eta elikagaietan gehien agertzen diren gantzen forma kimikoak dira, odol-zirkulazioan barrena zirkulatzen dutenak, eta odol-analisi baten bidez ezagutzen da odolean dagoen triglizeridoen maila. Proba horren nondik norakoak azalduko ditu irakurri eta aztertuko duzun artikuluak. Ondoren, triglizeridoen maila altuegia daukan pertsona baten kasua aztertuko duzu kontsultako elkarrizketan, eta arazoa konpontzeko medikuak emandako aholkuak ezagutzeko aukera izango duzu.
Galdakao-Usansoloko Oftalmologiako Zerbitzuan begiarekin lotutako patologia ugari artatzen dira eta lehenengo atazan horietako bat ondo ezagutzeko aukera izango duzu. Izan ere, Elena Noguera espezialista keratokono izeneko patologiaz arituko da irakurri eta aztertuko duzun erreportajean. Bigarren atazan, keratokonoa tratatzeko teknika berri bati buruzko bideo-pasartea ikusiko duzu. Rekalde doktoreak Bilboko klinikan erabiltzen hasi den cross-linking deritzan teknika azalduko du. Berak esandakoan oinarrituta, prozeduraren azalpena berrosatuko duzu.
Larrialdietako zerbitzuko medikuek erantzukizun handia dute euren lanean. Zeregin horretaz hitz egin du Txus Armentia Galdakao Usansolo Ospitaleko Larrialdietako Zerbitzuko medikuak. Lehen atazan irakurriko duzun elkarrizketa aztertuz, lanbide honi buruzko xehetasunak ezagutuko dituzu. Bigarren atazan, berriz, hiztegi-kontuez arituko zara. Oraingoan, larrialdietan aski ezaguna den "anbulantzia medikalizatua" terminoari buruzko iritzia emango du Jabier Agirre adituak irratsaio batean.
Hezur-muineko ziztada izango duzu hizpide sekuentzia honetan. Lehenengo atazan azterketa zer-nolakoa den irakurri eta aztertuko duzu. Bigarrenean, haurrari proba egiteko baimenaz eta prozeduraz arituko zara kontsultako elkarrizketan entzundakoa aztertuz.
Ongi ikusteak garrantzi handia dauka, besteak beste, gure inguruan arazorik gabe moldatzeko ia ezinbestekoa zaigulako. Horregatik, azterketa oftalmologikoa aldizka egitea denoi komeni zaigun zerbait da, gure benetako ikusmen-maila modu errazean ezagutzeko eta edozein arazoren aurrean garaiz jokatzeko aukera ematen baitigu. Lehenengo atazan, azterketa zer-nolakoa den irakurri eta aztertuko duzu. Bigarrenean, azterketan zehar egiten den proba jakin bati erreparatuko diozu, kontsultako elkarrizketan entzundakoa aztertuz.
Gurean egundoko estimazioa dute perretxikoek. Askorentzat aho-gozagarri aparta dira perretxikoak, baina zenbaitetan baita arazo-iturri ere. Urtero-urtero izaten diren intoxikazioak izango ditugu hizpide ikastunitate honetan: gertaerak, sintomak, tratamenduak...
Sekuentzia honetan, baldintza hipotetikoei buruz jardungo dugu. Zozketa baten iragarki batetik abiatuta, iraganeko baldintza irrealen inguruan, batik bat, arituko gara. ...[+]