Historian zehar gure arbasoek hainbat eta hainbat arazori egin behar izan diote aurre: gosea, gaixotasunak... XX. mendean bazirudien hau guztia konponbidean zela: gosea, mendebaldeko gure gizartean bada ere, ia-ia ezabatu egin da; ez oso antzina hainbat gaixotasun hilgarri sendabidean jarri dira; bizimodu erosoa, beraz. Baina bizimodu moderno honek ere beste zenbait gaixotasun sortu dizkigu, gaixotasun berriak: estresa, alergiak, HIESa... Gaixotasun moderno horietakoa da jorratuko dugun gaia, sindrome metabolikoa hain zuzen ere. Definitu berria omen. Ikus eta ikas dezagun, bada.
Jaten hasi eta ondoeza sortu. Horrelako zerbait da janarien intolerantzia. Arraina jan eta ondoeza; ogia jan eta ondoeza; esnea edan eta ondoeza. Adituei kasu egitera, gainera, gero eta gehiago ematen den osasun-arazoa omen. Ondoeza edo zerbait larriagoa, sintomak ere ez bide dira-eta beti berdin agertzen. Hamaika janarik eragin dezake osasun-arazoa eta gehienak eguneroko dietan oso ohikoak, goiko adibideetakoak bezala. Horren ondorioz, gaur egun, oso kontuz hasten da haur txikiei janaria ematen, ezustekoa ahalik eta txikiena izan dadin. Hala ere, ez omen da haurren kontua bakarrik, edozein adinetan agertu omen liteke. Kontu horietaz arituko zaigu Jabier Agirre medikua ariketa-sekuentzia honetan irakurri beharko dugun artikuluan eta hainbat argibide emango dizkigu gaiaren inguruan. Guztiok ere arazoaz hobeto jabetu gaitezen.
Ospitale batera hurbiltzen garenean, ohikoak diren langileak topatzen ditugu bertan: sendagileak, erizainak, erizain laguntzaileak, zelariak... Horiek, eta beste hainbat, denok ezagutzen ditugu, denon begi-bistan lan egiten dute-eta. Baina badira beste hainbat lanpostu, hain ezagunak ez izanagatik ere, ezinbestekoak guztia ondo ibiliko bada. Horietakoa dugu ospitaleko farmazialari edo botikaria. Sekuentzia didaktiko honetan landuko dugun erreportajean, ospitaleko farmazialari bat elkarrizketatuko dute, eta berak ezagutaraziko dizkigu bere lanpostuaren zoko-moko guztiak. Farmazialaria izanik, botikekin lotutakoak dira ospitaleko farmazialariaren zereginak. Medikuak agindu, farmazialariak prestatu eta erizainak banatu. Kontsultako elkarrizketan, botikak hartzearen ondorioz gertatutako interakzio baten berri izango dugu.
Esklerosi anizkoitzak gaixotasun gogorra izan behar du eta uste baino jende gehiagori erasaten diona. Gogorra gaixoarentzat baina baita familiarentzat ere, gaixotasun askorekin gertatzen den bezala. Hori dela eta, gaixoen senitartekoek elkarteak eratu dituzte elkarri laguntzeko. Ondoren irakurriko duzun artikuluan horri buruzko informazio ugari eta zehatza jasoko duzu. Artikuluan irakurriko duzunez, oso garrantzitsua dute gaixoek medikuen eta erizainen laguntza. Elkarrizketa bat entzungo duzu artikulua irakurri ondoren, eta bertan erizaina botika bat nola hartu behar duen erakusten ari zaio gaixoari.
Norbait zainketa intentsiboetako unitatean (ZIUn) sartu dutela entzun orduko, erne jartzen zaizkigu belarriak, horrek zera esan nahi baitu, pertsona hori larri dagoela. Egunero bisita labur bat, ezinegona, sendagilearekin solasalditxoa noiz izango eta hark zer esango. Gero etxera. Egoera horretatik pasa denak badaki, gogorra izan ohi da guraso, senide, lagun edo dena delakoa bertan utzi eta etxera joan beharra. Baina egoera zaila bada senitarteko eta lagunentzat, nolakoa ote da egunerokoa bertako langileentzat, gure hurbilekoak zaintzen dituztenentzat? Beraien bizipenen erreportajea izango da ariketa-sekuentzia honen oinarri. Hala ere, ez dugu familia ahaztuko eta amaieran ZIU bateko elkarrizketa bat ekarriko dugu hona. Bertan medikuak istripua izan duen semearen egoeraren berri emango dio familiari.
Sekuentzia honetan, baldintza hipotetikoei buruz jardungo dugu. Zozketa baten iragarki batetik abiatuta, iraganeko baldintza irrealen inguruan, batik bat, arituko gara. ...[+]