Zer jaten dugun, huraxe omen gara. Gehiegizkoa irudituko zaio bakarren bati agian, baina ukaezina da, nolanahi ere, jateak —elikadurak— gure osasunean duen eragina. Elikatzea bizirauteko derrigorrezkoa dugu, jakina. Baina kontua ez da bizirik irautea, bizimodu osasuntsua egitea baizik; horretarako, zer, zenbat, noiz, nola eta norekin jaten dugun kontuan hartzea ez da alferrikakoa izaten. Gai hauxe izango duzu ardatz ondorengo ariketa-sekuentzian.
Menopausia garaian gertatzen diren itobeharrak izango dituzu aztergai ataza-sekuentzia honetan. Lehenengo atazan, artikulua irakurrita, itobeharren ezaugarriak eta horiek saihesteko tratamendua ezagutuko dituzu. Bigarrenean, itobeharrak dituen emakumearen eta medikuaren arteko elkarrizketa aztertuko duzu.
Ataza-sekuentzia honetan, halitosia zer den eta arazoa gainditzeko aholkuez arituko zara irakurriko duzun artikuluan. Kontsultako elkarrizketan, dentistak paziente bati egindako diagnosia aztertuko duzu, eta ondoren hainbat aholku euskaratuko dituzu.
Helburua: Apnea zer den aztertu eta loaren azterketa egitera doanari proba nolakoa izango den azaltzea Egunean zehar lo hartzeko joera izateak badu azalpena zenbait kasutarako, loaldiko apnea deitzen den sindromea, hain zuzen. Ataza-sekuentzia honetan, gai hori izango duzu hizpide. Lehenengoan, apnea hori zer den aztertuko duzu sendagilearen adierazpenetatik abiatuta. Bigarrenean, zein proba diagnostiko eta tratamendu dauden ezagutuko duzu. Eta azkenekoan, proba bat egitera doanari harrera nola egin aztertuko duzu elkarrizketaren bidez.
Oinetan ager daitezkeen arazoak areagotu egiten dira pertsona diabetikoa denean. Egoera larria izan daiteke, dirudienez, diabetiko guztien % 30ek izango baitu bizitzan oinetako arazoren bat. Ataza-sekuentzia honetan, podologiaren ikuspuntutik nolako atentzioa eskaintzen zaion aztertuko duzu, Eneko Txurruka podologoaren artikulutik abiatuta. Bigarren atazan, aldiz, oinean ultzera duen pertsona diabetiko batekin izandako elkarrizketa izango duzu aztergai.
Urteak joan ahala, gero eta gehiago dira sendatzen eta gainditzen diren minbizi kasuak. Hala eta guztiz ere, oraindik ikaratu egiten gara minbizia hitza entzuten dugunean. Ataza-sekuentzia honetan, baikor heldu behar diozu gaiari, eta hemen ikusitakoak agian balio lezake minbizia ez dela heriotzaren sinonimoa azaltzeko gaixoari. Lehenengo atazan, bideo-pasartea ikusi eta tumorea zer den aztertu ondoren, minbizia heredatuko ote duen kezkatuta dagoen pazienteari erantzungo diozu. Bigarrenean, minbizia sendatzeko erabiltzen ari diren botika eta tratamenduak izango dituzu aztergai, minbiziaren aurkako borrokan egiten ari diren lorpenez informatzeko gaixoa. Eta hirugarrenean, bularreko minbizia gainditzeko bidean dagoen emakume baten adierazpenak entzun eta gaixoa elkarteetara jotzeko aukeraz aholkatuko duzu.
Helburua: Bizkarreko mina sendatzeko bideak aztertu eta gaixoari bizkarrarentzako ariketak nola egin azaltzea Bizkarreko mina tratatzeko garaian garrantzitsua da bizkarrezurrari arreta berezia eskaintzea. Bizkarrezurra manipulatzeko eta zaintzeko teknika eta metodo ugari garatu dira, gaixoari mina arintzeko edota sendatzeko abantaila nabarmenak eskainiz. Ataza-sekuentzia honetan, horietako batzuk ezagutzeko eta aztertzeko aukera izango duzu. Lehenengo atazan, kiropraktika zertan den eta bizkarrezurraren zainketan nola lagun dezakeen aztertuko duzu. Bigarrenean, teknologia berriek egin dezaketen lanaz arituko zara, orno-deskonpresioko mahaiaren ezaugarriei buruzko artikulua landuz eta bere funtzionamendua azalduz. Azkenik, bizkarra zaindu behar duen gaixoari etxean egiteko hainbat ariketa azalduko dizkiozu kontsultako elkarrizketan.
Haur askoren etxean jateko ordua ez da oso gozoa izaten: haurrari janarazi egin behar, biziko bada, eta honek janariari muzin egiten dio. Sekuentzia honetan, jan nahi ez duen umearen gurasoei gomendioak nola eman ikusiko duzu, arazoaren jatorria eta hainbat aholku aztertuz.
Sekuentzia honetan, baldintza hipotetikoei buruz jardungo dugu. Zozketa baten iragarki batetik abiatuta, iraganeko baldintza irrealen inguruan, batik bat, arituko gara. ...[+]