Elektromiografia izango da unitate didaktiko honen gaia. Proba diagnostiko hau zertarako erabiltzen den eta probari buruzko xehetasun ugari eskainiko dizkizu lehen atazan irakurriko duzun artikuluak. Bigarren atazan, berriz, elektromiografia egiten ari den medikuaren eta pazientearen arteko elkarrizketa aztertuko duzu, probaren gaineko ohiko azalpenak emateko moduari erreparatuz.
Ohiko ospitalizazioren ordezko aukera bat da etxeko ospitalizazio-zerbitzua. Osakidetzak eskaintzen duen zerbitzu hau Debagoieneko Ospitaleak nola garatzen duen aztertuko duzu irakurriko duzun erreportajean, bertako zerbitzuburuak adierazitakoei esker. Bukaeran, zerbitzuari buruzko balorazioa osatzeko esaldiak euskaratuko dituzu.
Loaldiko apnea buxatzailearen sindromeaz (LABS) arituko zara ataza-sekuentzia honetan. Lehenengo atazan, gaixotasuna xehetasunez azalduko duen artikulua irakurri eta aztertuko duzu. Bigarrenean, loaldiko apnearen eta zurrunga egitearen arteko desberdintasunari erreparatuko diozu, besteak beste gai horri buruzko bideo-pasartea aztertuta.
Lehenengo atazan irakurriko duzun erreportajeari esker, Pablo Malo psikiatraren jarduna aztertzeko eta Lehenak programaren inguruko xehetasunak ezagutzeko aukera izango duzu. Bigarrenean, berriz, gertakari psikotikoa izan duen gazte baten gurasoekin arituko da solasean psikiatra; elkarrizketa baliatuko duzu sendagilearen azalpenak lantzeko.
Basurtuko dietistari egindako erreportajean oinarrituta, bertako elikadura-zerbitzuari buruzko xehetasunak aztertuko dituzu lehenengo atazan. Bigarrenean, ospitaleko gaixo batekin ebakuntza egin aurretiko elkarrizketa entzun eta aztertuko duzu.
Minbiziaren aurkako tratamenduez arituko zara ataza-sekuentzia honetan, bereziki leuzemiari dagokiona izango duzu hizpide. Lehenengo atazan, ikerketa baten berri izango duzu eta testua aztertuz, proiektu hori zertan den aztertuko duzu. Bigarrenean, minbizi gehienak tratatzeko erabiltzen den kimioterapiari buruzko bideo-pasarte bat ikusiko duzu, bertako informazioa erabilgarria izango zaizu haur gaixoaren gurasoei kezkak arintzeko garaian. Eta azken atazan, bizkarrezur-muineko transplante autologoa zer den eta nola egiten den aztertuko duzu kontsultako elkarrizketan.
Basurtuko Ospitaleko Pneumologiako Zerbitzuaren berri izango duzu lehenengo atazan: zerbitzu horretan gehien artatzen diren gaitzak eta zerbitzuaren antolaketari buruzkoak aztertuko dituzu bertako pneumologo Iñaki Arriagak erreportajean zein elkarrizketan azaldu dituenei erreparatuta. Bigarrenean, aldiz, erretzeari uzteko programako partaide baten egoeraren jarraipena egiteko elkarrizketa entzun eta aztertuko duzu.
Telemedikuntza izango duzu hizpide ataza-sekuentzia honetan. Aurreneko atazan, Koldo Martinezen artikulua irakurri eta aztertuz, teknologiak medikuntzari ekarri dizkion aldaketen inguruko hausnarketak egitera gonbidatuko zaitugu. Bigarrenean, aldiz, telemetria, telemedikuntzaren aplikazioetako bat, ezagutzeko aukera izango duzu kontsultako elkarrizketaren bidez.
Ikuskatzaileetako medikuek egiten duten lana izango duzu hizpide ataza-sekuentzia honetan. Lehenengoan, erreportajea irakurriko duzu eta lanbide honen berezitasunak aztertuko dituzu. Bigarrenean, ikuskatzailearen eta paziente baten arteko elkarrizketa izango dugu aztergai.
Oinetan ager daitezkeen arazoak areagotu egiten dira pertsona diabetikoa denean. Egoera larria izan daiteke, dirudienez, diabetiko guztien % 30ek izango baitu bizitzan oinetako arazoren bat. Ataza-sekuentzia honetan, podologiaren ikuspuntutik nolako atentzioa eskaintzen zaion aztertuko duzu, Eneko Txurruka podologoaren artikulutik abiatuta. Bigarren atazan, aldiz, oinean ultzera duen pertsona diabetiko batekin izandako elkarrizketa izango duzu aztergai.
Sekuentzia honetan, baldintza hipotetikoei buruz jardungo dugu. Zozketa baten iragarki batetik abiatuta, iraganeko baldintza irrealen inguruan, batik bat, arituko gara. ...[+]