Elektromiografia izango da unitate didaktiko honen gaia. Proba diagnostiko hau zertarako erabiltzen den eta probari buruzko xehetasun ugari eskainiko dizkizu lehen atazan irakurriko duzun artikuluak. Bigarren atazan, berriz, elektromiografia egiten ari den medikuaren eta pazientearen arteko elkarrizketa aztertuko duzu, probaren gaineko ohiko azalpenak emateko moduari erreparatuz.
Ospitaleko zerbitzuak azaltzen duen informazio-orria aztertuko duzu lehenengo atazan, eta ohiko azalpen laburrak aztertzeko aukera izango duzu. Era berean, bigarren atazan, harrerara hurbiltzen denari horietako argibide baten azalpena egiten entzungo duzu langilea.
Ohiko ospitalizazioren ordezko aukera bat da etxeko ospitalizazio-zerbitzua. Osakidetzak eskaintzen duen zerbitzu hau Debagoieneko Ospitaleak nola garatzen duen aztertuko duzu irakurriko duzun erreportajean, bertako zerbitzuburuak adierazitakoei esker. Bukaeran, zerbitzuari buruzko balorazioa osatzeko esaldiak euskaratuko dituzu.
Gernu-ihesa, edo txizaren inkontinentzia, gizonezkoei zein emakumezkoei eragiten dien gaixotasuna da. Hala ere, usuagoa da emakumeek arazo hori izatea. Horrela, % 25ek baino gehiagok pairatzen du esfortzuak eragindako gernu-ihesa. Sekuentzia didaktiko honetan arazo honi buruz jardungo duzu. Lehenengo atazan, txizagura nola gertatzen den eta horrekin lotutako patologiak aztertuko dituzu bideo-pasarte bat ikusiz. Bigarren atazan, gernu-ihesa zer den eta horren inguruko xehetasunak landuko dituzu. Azken atazan, berriz, arazoari aurre egiteko Kegel-en ariketak nola egin behar dituen azalduko diozu pazienteari, kontsultako elkarrizketan.
Loaldiko apnea buxatzailearen sindromeaz (LABS) arituko zara ataza-sekuentzia honetan. Lehenengo atazan, gaixotasuna xehetasunez azalduko duen artikulua irakurri eta aztertuko duzu. Bigarrenean, loaldiko apnearen eta zurrunga egitearen arteko desberdintasunari erreparatuko diozu, besteak beste gai horri buruzko bideo-pasartea aztertuta.
Lehenengo atazan irakurriko duzun erreportajeari esker, Pablo Malo psikiatraren jarduna aztertzeko eta Lehenak programaren inguruko xehetasunak ezagutzeko aukera izango duzu. Bigarrenean, berriz, gertakari psikotikoa izan duen gazte baten gurasoekin arituko da solasean psikiatra; elkarrizketa baliatuko duzu sendagilearen azalpenak lantzeko.
Artikulazio eta muskuluetako min izugarriak eragiten ditu artritis erreumatoideak. Gaixoek mina denbora luzez izan ohi dute gaitza diagnostikatu bitartean, eta horrek oztopatu izan du kasu askotan gaixo bakoitzari zuzendutako terapia egokia jartzea. Gaur egun, gaixotasun erreumatiko hau sendatzen ez bada ere, tratamenduen bidez arintzea lortzen da, eta kasu askotan gaixoak gaitzarekin jarraitzen badu ere, ez du ia sintomarik igartzen. Sintomez eta gaitzaren tratamenduez arituko zara nagusiki ataza-sekuentzia honetan. Lehenengo atazan, adituak azaldutako xehetasunak aztertuko dituzu eta artritis erreumatoidearen deskribapen labur bat osatuko duzu. Bigarrenean, berriz, tratamenduan dagoen pertsona baten bloga irakurriz, bere bizipenak ezagutu eta landuko dituzu. Eta hirugarren atazan, terapia biologikoez arituko zara kontsultako elkarrizketan, tratamenduaren berezitasunak aztertuz.
Anestesia edozein ebakuntza egiteko ezinbestekoa dela dakigun arren, lotan igaro behar izaten den une horrek jende askorengan sorrarazten duen izuak, ebakuntzak berak baino protagonismo handiagoa hartu ohi du zenbaitetan. Horrelakoetan, erizainak asko lagundu diezaioke pazienteari egoerari lasaitasunez aurre egiten. Sekuentzia honetako lehenengo atazan irakurriko duzun testuaz baliatuta, anestesiei buruzko hainbat ezaugarri aztertuko dituzu. Bigarrenean, ebakuntzan zehar anestesiaren eraginkortasuna kontrolatzeko tresnari buruz irakurriko duzu, tresna horrek eskaintzen dituen abantailak ezagutzeko. Azkenik, erizainaren eta pazientearen arteko elkarrizketa entzunda, anestesiari beldurra dion pazientearekin nola jokatu duen ezagutzeko aukera izango duzu.
Bihotzaren Munduko Eguna dela-eta, hemen duzu gai horrekin lotutako sekuentzia bat. Gaixotasun kardiobaskularren gorakadaren aurrean prebentzioan eta gaixoen errehabilitazioan eragitea ezinbesteko ikusi du osasun publikoak. Programa hauen gainean arituko zara sekuentzia didaktiko honetan. Lehenengo atazan, programaren xehetasunak ezagutuko dituzu. Eta bigarrenean, gaixoari programaren berri nola eman aztertuko duzu kontsultako elkarrizketan.
Basurtuko dietistari egindako erreportajean oinarrituta, bertako elikadura-zerbitzuari buruzko xehetasunak aztertuko dituzu lehenengo atazan. Bigarrenean, ospitaleko gaixo batekin ebakuntza egin aurretiko elkarrizketa entzun eta aztertuko duzu.
Sekuentzia honetan, baldintza hipotetikoei buruz jardungo dugu. Zozketa baten iragarki batetik abiatuta, iraganeko baldintza irrealen inguruan, batik bat, arituko gara. ...[+]