Triglizeridoak gorputzean eta elikagaietan gehien agertzen diren gantzen forma kimikoak dira, odol-zirkulazioan barrena zirkulatzen dutenak, eta odol-analisi baten bidez ezagutzen da odolean dagoen triglizeridoen maila. Proba horren nondik norakoak azalduko ditu irakurri eta aztertuko duzun artikuluak. Ondoren, triglizeridoen maila altuegia daukan pertsona baten kasua aztertuko duzu kontsultako elkarrizketan, eta arazoa konpontzeko medikuak emandako aholkuak ezagutzeko aukera izango duzu.
Eskizofrenia gaixotasun mental ezaguna da, baina zehazki zer den eta gaixoek izaten dituzten zailtasunez ezer gutxi dakigu, oro har. Lehen atazan irakurri eta aztertuko duzun artikuluari esker, eskizofreniaren ezaugarriez, arrazoiez eta tratamenduez gehiago jakiteko aukera izango duzu. Bigarren atazan ikusiko duzun bideo-pasartean, ordea, burmuinaren alde fisikoari erreparatuko diozu; horrela, eskizofrenia bezalako gaixotasun mentaletan burmuineko tolesturek izan lezaketen garrantzia aztertuko duzu atazan zehar.
Santi Mintegi Gurutzeta Ospitaleko Pediatriako Larrialdi Zerbitzuko kalitate-arduradunak bere jardunaren berri emango digu sekuentzia honetan aztertuko duzun erreportajean. Testuan zehar ezagutuko dituzu lanbide honek dituen alde onak eta alderdi zailak, zerbitzua erabiltzera behartuta dagoenak jakin beharreko xehetasunak eta nola ez, aurrera begira jorratu nahi dituzten erronkak. Bigarren atazako elkarrizketan, ordea, pediatriako larrialdietako eraginkortasuna zalantzan jarriko duen gurasoaren iritzia aztertuko duzu.
Buruko ilea edertasun-zeinua da, eta horrexegatik, burusoiltasuna sarritan izan ohi da medikuaren kontsultagai. Aurreneko atazan, burusoiltasun-motak zein diren eta horiei aurre hartzeko baliabideak ezagutzeko Jabier Agirrere medikuaren artikulu bat irakurri eta aztertuko duzu. Bigarrenean, tratamendu egokia erabakitzeko gakoak erakusten duen bideoa ikusiko duzu. Hori oinarritzat hartuta, fase desberdinetan dauden bi kasu tratatzeko aholkuak emango dituzu.
Sekuentzia didaktiko honetan gaixotasun neurologikoen errehabilitazioaz arituko zara. Lehenengo atazan Usansolo-Galdakao Ospitaleko Errehabilitazio Neurologikoko Zerbitzuaren jarduna deskribatzen duen erreportajea irakurtzeko eta aztertzeko aukera izango duzu. Kontsultako elkarrizketan, iktusa izan duen gaixoari etxean eskaini beharreko zainketak azalduko dizkio medikuak senide bati pazienteari alta emateko garaian.
Hezur-muineko ziztada izango duzu hizpide sekuentzia honetan. Lehenengo atazan azterketa zer-nolakoa den irakurri eta aztertuko duzu. Bigarrenean, haurrari proba egiteko baimenaz eta prozeduraz arituko zara kontsultako elkarrizketan entzundakoa aztertuz.
Azken urteetan, pazientearen segurtasuna hobetzeko bideak indar handia hartu du, eta lan-eremu nagusietakoa bihurtu da asistentziaren kalitatea hobetzeari dagokionez. Eginkizun horretan inplikatu dira bai nazioarteko erakunde garrantzitsuak, hala nola OME eta Europar Batasuna, bai herrialde garatu guztietako osasun-zerbitzuak ¹. Horren harira, lehen atazan aztertuko duzu zertan ari diren Bilbo Eskualdean, Pazientearen Segurtasunerako taldean. Bigarrenean, OMEk gomendatutako egiaztatze-zerrenda nola gauzatu landuko duzu ebakuntzetan segurtasuna bermatzeko aldean.
Egoitza batean bizitzea zer den ezagutuko duzu sekuentzia honetan, bertako protagonistek kontatuta. Lehenengo atazan, IZA egoitzan bizi den Lorea Igartua gazteak idatzitako artikuluan bere gogobetetasun-maila zein den ezagutuko duzu eta bere argudioak aztertuko. Bigarren atazan, berriz, hiru adinekok azaldutako iritziak entzun eta aztertzeko aukera izango duzu. Azken hauek, ordea, zaharren egoitzak izango dituzte hizpide.
Heste suminkorraren sindromea izango duzu hizpide sekuentzia didaktiko honetan. Lehenengo atazan, gaixotasunaren ezaugarriez, diagnostikoaz eta tratamenduez diharduen artikulua irakurri eta aztertuko duzu. Bigarren atazan, zuntz askoko dieta egitearen komenigarritasunaz jakin nahi duen pazienteari medikuak nola argituko dion kezka aztertuko duzu kontsultako elkarrizketan.
Bihotz-biriketako geldialdia sufritzen duten pertsonen %90 ez omen da dago bakarrik krisia gertatzen zaienean. Halere, inor gutxik daki une horietan zer egin gaixoari laguntzeko. Hori dela eta, jendea heztearen beharra ikusi dute Osakidetzan, eta modu berezian ekin diote lanari. Lehen atazan irakurriko duzun artikuluan, horren berri jasoko duzu Donostia Ospitaleko Karlos Ibarguren medikuaren eskutik. Bigarrenean, ikasleei bihotz-biriketako masajea ematen entzungo duzu osasun-langilea eta instrukzioak emateko moduari erreparatuko diozu.
Sekuentzia honetan, baldintza hipotetikoei buruz jardungo dugu. Zozketa baten iragarki batetik abiatuta, iraganeko baldintza irrealen inguruan, batik bat, arituko gara. ...[+]