Triglizeridoak gorputzean eta elikagaietan gehien agertzen diren gantzen forma kimikoak dira, odol-zirkulazioan barrena zirkulatzen dutenak, eta odol-analisi baten bidez ezagutzen da odolean dagoen triglizeridoen maila. Proba horren nondik norakoak azalduko ditu irakurri eta aztertuko duzun artikuluak. Ondoren, triglizeridoen maila altuegia daukan pertsona baten kasua aztertuko duzu kontsultako elkarrizketan, eta arazoa konpontzeko medikuak emandako aholkuak ezagutzeko aukera izango duzu.
Zer0,7 pobrezia eta marjinazioekiko elkartasuna adierazteko plataforma da. Eusko Jaurlaritzako eta Osakidetzako langileek osatzen duten talde honi buruzko erreportajea irakurtzeko aukera izango duzu sekuentzia didaktiko honetan. Informazioa aztertuta, besteak beste, elkartasun-funtsekin bultzatzen dituzten ekimenak, elkartearen helburuak edota aurrera begirako proiekzioak ezagutuko dituzu.
Eskizofrenia gaixotasun mental ezaguna da, baina zehazki zer den eta gaixoek izaten dituzten zailtasunez ezer gutxi dakigu, oro har. Lehen atazan irakurri eta aztertuko duzun artikuluari esker, eskizofreniaren ezaugarriez, arrazoiez eta tratamenduez gehiago jakiteko aukera izango duzu. Bigarren atazan ikusiko duzun bideo-pasartean, ordea, burmuinaren alde fisikoari erreparatuko diozu; horrela, eskizofrenia bezalako gaixotasun mentaletan burmuineko tolesturek izan lezaketen garrantzia aztertuko duzu atazan zehar.
Galdakao-Usansoloko Oftalmologiako Zerbitzuan begiarekin lotutako patologia ugari artatzen dira eta lehenengo atazan horietako bat ondo ezagutzeko aukera izango duzu. Izan ere, Elena Noguera espezialista keratokono izeneko patologiaz arituko da irakurri eta aztertuko duzun erreportajean. Bigarren atazan, keratokonoa tratatzeko teknika berri bati buruzko bideo-pasartea ikusiko duzu. Rekalde doktoreak Bilboko klinikan erabiltzen hasi den cross-linking deritzan teknika azalduko du. Berak esandakoan oinarrituta, prozeduraren azalpena berrosatuko duzu.
Buruko ilea edertasun-zeinua da, eta horrexegatik, burusoiltasuna sarritan izan ohi da medikuaren kontsultagai. Aurreneko atazan, burusoiltasun-motak zein diren eta horiei aurre hartzeko baliabideak ezagutzeko Jabier Agirrere medikuaren artikulu bat irakurri eta aztertuko duzu. Bigarrenean, tratamendu egokia erabakitzeko gakoak erakusten duen bideoa ikusiko duzu. Hori oinarritzat hartuta, fase desberdinetan dauden bi kasu tratatzeko aholkuak emango dituzu.
Larrialdietako zerbitzuko medikuek erantzukizun handia dute euren lanean. Zeregin horretaz hitz egin du Txus Armentia Galdakao Usansolo Ospitaleko Larrialdietako Zerbitzuko medikuak. Lehen atazan irakurriko duzun elkarrizketa aztertuz, lanbide honi buruzko xehetasunak ezagutuko dituzu. Bigarren atazan, berriz, hiztegi-kontuez arituko zara. Oraingoan, larrialdietan aski ezaguna den "anbulantzia medikalizatua" terminoari buruzko iritzia emango du Jabier Agirre adituak irratsaio batean.
Osakidetzako errehabilitazio-zerbitzuetan eskuzko drainadura linfatikoak (EDL) hartzen duen lekua eta terapia honen gaineko xehetasunak aztertzeko aukera izango duzu gaurkoan. Santiago Ospitalean lanean ari diren bi fisioterapeutak azalduko dizkigute lan berezi honi buruzko ezaugarri nagusiak. Ondoren, kontsultako elkarrizketan, EDLaren eta masajearen arteko aldea zein den aztertuko duzu.
Osakidetza barruan euskararen erabilera sustatzeko lan egiten duen erakundea da Euskara Zerbitzua. Zerbitzu honen berri izango duzu aurrenengo atazan irakurriko duzun erreportajeari esker, eta testua aztertzearekin bat, orain arte egindako lanak eta aurrera begirako erronkak ezagutzeko aukera izango duzu. Ondoren, duela urte batzuk ahozko euskara sustatzeko Donostia Ospitaleko langileek abian jarri zuten kanpaina baten berri izango duzu, eta hura antolatzeko arrazoiak aztertuko dituzu.
Hezur-muineko ziztada izango duzu hizpide sekuentzia honetan. Lehenengo atazan azterketa zer-nolakoa den irakurri eta aztertuko duzu. Bigarrenean, haurrari proba egiteko baimenaz eta prozeduraz arituko zara kontsultako elkarrizketan entzundakoa aztertuz.
Hiesaren Kontrako Borrokaren Munduko Eguna dela-eta, gai horrekin lotutako sekuentzia daukazu hemen. HIESaren aurkako borrokan, aurrezaintzak eta gaitza kontrolpean edukitzeak berebiziko garrantzia dute. Helburu hori duten bi unitate edo zentro aurki ditzakegu EAEn, bata Donostian eta bestea, Bilbon. Sekuentzia didaktiko honetan, Donostiako unitatearen zereginak ezagutuko dituzu aurreneko atazako artikuluari esker. Bestalde, bigarren atazan, zentrora hurbildu den pazientearen eta bertako langileen arteko elkarrizketa aztertuko duzu.
Sekuentzia honetan, baldintza hipotetikoei buruz jardungo dugu. Zozketa baten iragarki batetik abiatuta, iraganeko baldintza irrealen inguruan, batik bat, arituko gara. ...[+]