Aldizkari Digitala

Jakes Agirrezabal: "Euskadin kalitatezko sagardoa ekoiztuko duen industria bat egongo dela ziurtatzen ari gara"

Jakes Agirrezabal, Hazi erakundeko zuzendari orokorraren ustez, "Sinesgarritasuna daukan marka da Eusko Label, bere jardueran zorrotza delako. Marka honek produktuari balio erantsia ematen dio".

2011n merkaturatu zuten Eusko Labeldun lehen sagardoa eta dagoeneko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 25 sagardogilek ekoizten dute izendapen hori duen sagardoa. Eusko Label marka kudeatzen duen erakundea da Hazi eta bertako zuzendari orokorrak, Jakes Agirrezabalek, eman dizkigu Eusko Label sagardoaren gaineko xehetasunak.


Jakina da zenbait urtetan sagarra kanpotik ekarri behar izan dutela hemengo ekoizleek. Noiz hasi zen joera hori?
Ezin dut esan zein urtetan hasi zen, baina azken urteetan orokortuta zegoen jarduera zen. Euskal Herrian zeuden sagardogile gehienek kanpoko sagarra behar izaten zuten beraien ekoizpena lortzeko, bestela ez zeukaten nahikoa sagar eskaera guztiak asetzeko. Hor ikusi genuen lan arlo interesgarri bat, jatorria eta kalitatea bermatzen zuen produktu bat eskaini genezakeena.

2011n hasi zenuten prozesua?
Prozesua hasi genuela badira urte batzuk, konplexuak izaten baitira honelako kontuak. Lana martxan jartzen denean, lehenengo informazio asko bildu behar da. Gero ikusi behar da ea produktu horrek badituen nahikoa ezaugarri labela merezi izateko. Ondoren, sektorea mahai baten inguruan bildu behar izaten da, proiektua bide onean eramateko. 2011n ikusi genuen urte askotako lanaren emaitza, bertako sagarrarekin egindako Eusko Label sagardoa.

Ekimen honetan zenbat sagardotegi elkartzea lortu duzue, zenbat ekoizle daude?

Oraintxe bertan 25 sagardogile ditugu: 18 gipuzkoarrak, 6 bizkaitarrak eta arabar bat. 760.000 litro sagardo inguru ekoiztu dira aurten Eusko Label zigilupean.

Litro horiek guztiak ekoizteko badago nahikoa sagar Euskadin?
Kopuru hori ekoizteko bai. Eusko Labelek ziurtatzen duena da ikur horren azpian dagoena hemengo sagarrarekin ekoiztua izan dela. Horregatik daukagu araudia, egiten ditugu ikuskaritza-lanak, katak...

Ekoizle batek Eusko Labeleko sagardoa egin nahiko balu, ze prozesu jarraitu beharko luke?
Sagardogile kopuru bat dugu orain, baina gure nahia litzateke ahalik eta sagardogile gehien sartzea prozesuan. Sagardogileek ez dute nahiko sagar prozesu guztia beraien sagarrarekin egiteko, baina prozesu honetan sartuz gero lortzen da labelean bukatuko duen ekoizpena bertako sagarrarekin egin dela bermatzea. Norbaitek egin nahi badu, gurekin harremanetan jar dadila eta bidaliko dizkiogu teknikariak. Hasiko ginateke aztertzen ea araudia betetzen duen, prozesuan ze aldaketa egin behar dituen,... Label marka izateko ekoizpenaren aldetik berezitasun batzuk bete behar baitira.

Zein ezaugarri bete behar izaten dituzte ekoizleek?

Ezaugarri teknikoen araudi osoa dugu osatuta eta merezi du hori aztertzea zehaztasunak ondo ikusteko.

Kalitate-kontrola oso estua izango da, ezta?
Bai, kalitate-kontrola estua da. Sinesgarritasuna daukan marka da Eusko Label, bere jardueran zorrotza delako. Gure teknikariek ziurtatzen dute gurekin lanean dabiltzanek betetzen dutela araudia. Beteko ez balute ez lirateke egongo Label markaren barruan. Sartuta daudenek borondatea dute araudia betetzeko, marka honek produktuari balio erantsia ematen diola uste baitute.

Kalitate-kontrolak asko aldatuko du zenbait alorretan lan egiteko modua, ezta?

Aldaketak ekar ditzake. Kontuan izan behar da markaren bidez balio erantsia eman nahi diogula produktuari eta balio erantsi horren atzean errealitate batek egon behar duela, produktuak benetako aldea suposatu behar duelako. Labeldun egiten ditugun produktuak lehenago ere ekoizten ziren; kalitatea eta produktuaren jatorria ziurtatzeko egokitzapen-prozesuak dira aldatu direnak. Hala ere, beti hartzen dugu oinarritzat ohiko ekoizpen-prozesua.

Sagardotegiek marka propioaren eta Eusko Labeldunaren salmenta/merkaturatzea uztartu ahal izango dituzte?

Sagardogileek Eusko Labelen markaren bidez merkaturatzen duten sagardoa hemengo sagarrarekin eginda dago. Sagardo gehiago ere egiten dute, marka horretan sartuta ez dagoena.

Nola merkaturatzen da Eusko Labeleko sagardoa?

Beste sagardoak bezala. Edozein supermerkatu edo dendatan, sagardoa saltzen den saltokietan, topa daiteke Eusko Labeleko sagardoa. Gure helburua da produktuen sustapena bultzatzea, eta babesa ematen diogu markari publizitatea eginez, kanpainak… Bestela, gaur egun eskuragarri ditu edonork Eusko Labelen botilak.

Botilaratuko den sagardoari bakarrik emango zaio Eusko Label egiaztapena?
Prozesua botilan amaitzen da, kupeletik botilara beste salto bat baitago; azken hartzidura botilan edukitzen du sagardoak.

Merkatuan ze harrera eduki du Eusko Label sagardoak?
Baikorrak gara proiektu honen atzean dauden sagardogileek oso jarrera positiboa dutelako markarekiko. Ikusten dute balio erantsia dagoela markaren atzean. Ez gara sagardogile batzuk bakarrik babesten ari, produkzio-sistema oso bat babesten ari gara. Euskadin kalitatezko sagardoa ekoiztuko duen industria bat egongo dela ziurtatzen ari gara. Gure mendietan sagastiak ugaritzeak ekarpen handia egiten dio biodibertsitateari, paisaiari, lehen sektorearen ekonomiari eta hainbat dira produktu honekin lortzen ditugun abantailak.

Helburuak, orduan, dirua egitea baino urrutirago doaz.

Balio erantsia du Eusko Labeleko sagardoak eta hori prezioan ikusten da. Badakigu kostea eta balioa ez dela gauza berdina. Guk balio handia duen produktua eskaintzen dugu. Horren atzean dauden arrazoiak hainbat dira, ez bakarrik kalitatea: ekoizleak, baserritarrak, paisaia, biodibertsitatea, kultura, ondarea… Eusko Labeleko produktuek nortasun kontzeptu hori oso barneratuta dute.

Eusko Labeleko sagardoa Interneten ere salgai dago, ezta?
www.euskolabeltienda.com  webgunean Eusko Labeleko produktuez gain, ziurtatutako hainbat markatako produktuak daude. Hor bateratzen ditugu Eusko Labelen dauden 14 produktuak, baina baita Idiazabalgo gazta, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako txakolina, edo Errioxako ardoa.

Labeldun sagardoari buruzko informazio gehiago, helbide honetan.

Segidan, elkarrizketa audio formatoan entzun ahal izango duzu:

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment