Aldizkari Digitala

Casablanca eta Essaouira, Marokoko itsasertz atlantiarra.

Ez gaitezen engaina: Casablanca ez da, ezta gutxiagorik ere, Maroko herrialdeko hiririk politena. Baina nahitaez ikusi egin behar da.


Ez gaitezen engaina: Casablanca ez da, ezta gutxiagorik ere, Maroko herrialdeko hiririk politena. Baina nahitaez ikusi egin behar da, hiririk handiena delako eta industrialena. Marokok duen on eta gaitz guztia…hantxe dago. Eta bertan bidaiaria estutu egiten bada, erraza du irtenbidea: hegora jo autobusa hartuta, Essaouirara joan. Hau bai hiri txikia, ederra, jende abegitsua eta hondartza luze-luzeak dituena!


Casablanca. Kalea hiri-erdian

Aitzakia bat nahikoa da Casablanca (arabieraz Dar El Beida) bisitatzeko: monumentu bat, Hassan II.aren meskita, munduko ikusgarrienetakoa. Ezin da izan Meka baino handiagoa, musulman leku sakraturik garrantzitsuena baino handiagoa izatea harrokeria litzatekeelako, baina bai bigarrena. Gizonek bere esparrua dute otoitzerako, eta emakumeek beste bat, aparte. 20.000 gizasemek eta 5.000 andrazkok otoitz egin dezakete batera. Erdiko nabea handiagoa da Erromako San Pedro Basilikakoa baino. Dekorazioa margoek, igeltsuak, azulejoek, egurrak eta kristalezko lanparek osatzen dute, eta ezin ikusgarriagoa da dena. Ate erraldoiek titanioa dute. Eta zoruak berogailua du azpian, fededunek neguan hotzik izan ez dezaten.


Hassan II.aren meskita handia


Minaretea zorutik 210 metrora dago, gorago ez dago bakar bat ere munduan. Gauez laser izpi batek bere argi berdea Mekarantz zuzentzen du. 50 kilometrora ere ikus daiteke argi hori.
Egungo erregea Mohamed VI.a da, eta honen aita zen Hassan II.enaren 60. urtebetetzea ospatzeko egin zen meskita: alimaleko dirutza gastatu zuten faraonen pareko eraikinean. Hassan II.a zenak ez zuen nahi izan aurrekontua zenbaterainokoa zen inork jakitea, eta beraz, ezin da jakin zenbat balio izan zuen. Eraikuntzan 2.500 bat langile aritu ziren eta 10.000 artisau, sei urtetik gora. Bertsio ofizialaren arabera diruaren parte handi bat herriak jarri zuen; egia da Casablancako herritarrak behintzat oso harro daudela beren meskitarekin.


Hassan II.aren meskita handia


“Casablanca” filmean azaltzen den hiriak ez du benetakoarekin inongo zerikusirik, eta ez zen ezta bertan filmatu ere. Baina filmak munduan erabat famatu zuen hiria. Eta jende bizkorra toki guztietan dagoenez, Riks’s Caféa ireki zuten, pelikulan bezalatsu dekoratu eta bertako telebistan filma eman eta eman aritzen dira. Bikotekidearekin bazoaz, erromantikoa izan daiteke musukatzeko aprobetxatzea Rickek eta Ilsak (Humphrey Bogart eta Ingrid Bergman) elkarri musu ahaztezina ematen dioten momentua.

Casablancak ere, Marokoko hiririk gehienak bezalatsu, badu bere Medina, labirinto itxurako kale estuez osatutako alde zaharra. Monumentu aldetik ez da heltzen Fezko medinaren parera, edo Meknéskoaren parera, baina hango azokak eta tailerrak bisitatzea entretenigarria da.


Casablancako Medinaren sarrera


Hiriak mendebaldean ditu hondartzak. Eta baita Boulevard de la Corniche delako itsas pasealeku luzea ere, jendearen bilgune arratsero. Hemen daude hotel eta jatetxerik garestienak, saltoki modernoak, eta hondartza pribatuak dituzten klubak. Paraje hau da aberatsak ikusteko lekurik egokiena, beren luxuzko autoekin eta markako arropekin. Baina Maroko pobrea da. Casablancako Corniche horretan kontrastea nabari da; alde batetik, mendebaldekoen erara jantzitako neska-koadrilak, beren kamiseta, galtza bakero eta takoiekin; eta bestetik, musulman erara janzten direnak daude, buruan zapia dutela eta arropa zabalagoarekin.


Casablancako zalapartatik urruti, Marokon hondartzaz gozatzeko tokirik egokienetako da Essaouira. Jatetxeek mariskoa eta arrain freskoa eskaintzen dute, artisau-denda ugari daude, eta kaiak ere badu bere xarma.


Essaouira herri harresitua


Essaouira feniziarren garaitik da ezaguna, eta beti izan da Europaren eta Sahararen arteko merkataritza-gune garrantzizkoa. Urrea, gatza, ostruka-lumak eta marfila bertatik igarotzen ziren. Horregatik zioen esaera zahar batek ”Essaouirara behartsu datorrena aberats itzultzen da”.

Sahara urrun badago ere, nabaritzen da bere eragina. Adibidez, gnawa musikaren bidez, oso tipikoa Essaouira aldean. Musika horren inguruko festibalera urtero biltzen da jende pila. Garrantzi handiko ekitaldia da hiriarentzat eta egun osoan dira musika-emanaldiak.


Essaouira, zoko bat


Medina, hiriko alde zaharra, kaian amaitzen da, eta guztia XIII. mendean eraikitako gotorlekuak inguratzen du. Arrantzaleek hor husten dute arrantzatutakoa, eta zientoka kaio hor ibiltzen dira, zer harrapatuko. Kaiaren alde berean, jan-saltoki batzuek arraina ia-ia bizirik eskaintzen dute, kaira ekarri berria, freskoagoa ezin.

Medina ez da oso handia, eta itxura eman dezake turista asko dabilela, eta guztiak ikusiko dituzula hondartzan. Arazorik ez: Essaouirako hondartzak 10 kilometro luze dira, luzeago… Guztientzako dago nahikoa leku.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment