Aldizkari Digitala

Petra, munduko lekurik ikusgarrienetako bat

Munduko hainbat toki maiz azaltzen direnez argazkietan, telebistako dokumentaletan, gero bertara joan eta ez dute hainbeste harritzen bidaiaria. Badira, ordea, beste toki edo irudi batzuk, nahiz eta behin eta berriz ikusi, bisitaria harritzeko gaitasuna dutenak. Zerbait berezia dute. Zerbait ezkutatzen duten monumentuak dira, edo alimaleko paisaiak, ahozabal uzten zaituztenak. Adibidez, Machu Picchu (Peru), Taj Mahal (India), Uluru, edo Ayers Rock deitua (Australia), Angkor Wat (Kanbodia), Iguazu ur-jauziak (Brasil-Argentina). Eta, nola ez, Petra (Jordania).

Siq haitzarte estuan -bi kilometro luze da eta hiri galdura eramango gaitu- sartu bezain laster zerbait berezia nabarituko dugu. Bidea estutzen doa, eta halako batean bi paretek ia-ia elkar jotzen dutenez, arnasari eutsiko diogu halabeharrez. Altxorra ez dago agerian, baina gertu behar du, sentitu egiten da. Eta tupustean, begi-bistan duzu, dena edertasun! Berdin dio zenbat aldiz ikusia duzun argazkietan-eta. Ahoa bete hortz utziko zaitu.

Altxorra (Al-Khazneh arabieraz) oso handia da, aurretik 45 metroko garaiera du, eta zuzenean hare-harrian dago zizelkatua, Petrako monumentu guztiak bezalaxe. Ez dira eraikinak berez, ez dutelako ez oinarririk, ezta zutaberik edo teilaturik ere. Eskulturak direla esan daiteke. Haitza zizelkatu dute, labarra zulatuta.

Ez dizkizu sekretuak hain aise erakutsiko. Bazter guztiak ikusi nahi badituzu, kirol pixka bat egin beharko duzu. Hobe da oinetako onak eramatea, eta ibiltzeko gogoa izatea. Monasterioa da monumenturik interesgarrienetakoa, eta hara iristeko 4 kilometro-edo ibili behar da, eta 900ren bat harmaila dituen mendi-bidexkatik igo. Sakrifizioen Aldarera igotzea are nekagarriagoa da, bidea oso aldapatsua delako. Eta zer esanik ez Altxorra ikusteko begiratoki zorabiagarrira igotzen bazara. Gainera, han beti bero egiten du, eta udan izan daitezke 40º C. Beraz, broma gutxi. Ur asko eraman, mendira joango bazina bezala.

Hainbat turista deshidratatu egiten da Petran, leher-leher eginda. Beduino jendeak diru-iturria ikusi du hor, eta astoak alokatzen dizkie goietara igotzeko, edo zaldiek tiratutako gurdi zaharrak Siq inguru horretan eta beheko aldean ibiltzeko.

Egia esan behar bada, ez da inondik ere erraza lekuaz patxadaz gozatzea. Petran egunero dituzu ehunka turista behe-denboraldian, eta milaka goi-denboraldian. Altxorra ikustera hurbildu, eta beti dago Indiana Jones-en musika eskuko telefonoan jartzen duen trufatzaileren bat. Eta argazkietan beti sartzen da behar ez duen norbait. Eta hala eta guztiz ere, badago modurik Petran gozatzeko. Lehen aholkua hauxe da: Wadi Musan lo egin. Siq kilometro bakarrera dago, eta, goiz jaikiz gero, atea irekitzen dutenean, goizeko zazpietan, bertan egon zaitezke. Hala Altxorrean goizeko 8etan izango zara, artean turistekin argazkiak ateratzeko gameluak ailegatu gabe daudenean.

Wadi Musatik datozen taldeak goizeko 9etan heltzen dira, Ammandik datozenak, berriz, 11etan. Beraz, bi orduko aldea duzu zeuretzat, urrutien dauden monumentuak ikusteko, Monasterioa adibidez. Altxorra eta Monasterioa elkarren antzekoak dira, baina hau handiagoa da, eta misteriotsua. Azkenetako bide-izkina batetik Monasterioak goialdean duen harrizko bola ikusten da, baina oraindik denbora puska bat geratzen da aurrealdea ikusi ahal izateko. Gertu, apur bat gorantz joanda, bi begiratoki daude. Zoragarria benetan biek eskaintzen duten ikusmira: inguruko mendiak eta hauek atzean duten lautada.

Bi egun behar dira Petra bisitatzeko. Egun bakarra baduzu, Altxorraz eta Monasterioaz gain, indarrak gorde Sakrifizioen Aldarera igotzeko. Han, berez, ez dago monumenturik batere, baina handik ikusten den Petraren osotasuna liluragarria da.

Nabateoen erresumako hiriburua izan zen Petra. Lehen eta bigarren mendeetan loraldia bere gorenean ezagutu zuen, Erromatar Inperioak Petra bereganatu zuen arte. Nabateo jendea salerosketan aritzen zen. Beraz, karabana-ibilbidearen leku estrategikoa zen Petra, eta hau edertzeko ziren haien irabazi guztiak. Edertasun horretan lagundu du naturak ere, hango haizeak eta euri-eskasiak. Gorriaren eta arrosaren artekoa du kolorea harriak, baina ikustekoa da toki askotan nola aldatzen den kolore-tonua.

Internet sarean, 2007an, lehiaketa bat antolatu zen Munduko Zazpi Ikusgarriak aukeratzeko. Petra izan zen horietako bat. Ez da harritzekoa.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

  • Date : 2012/04/12
gomendagarria
Showing 1 result.
C1
Sep 20, 2011
Number: 751017
Number of visits: 8348