Aldizkari Digitala

Argazki bat argudio hartuta, euskalkien aldeko ikus-entzunezko ikerketa-kontakizuna

Burp! eta Chiloé programetan askotan ikusi izan dugun Jokin Etcheverria lanean ari da berriro, eta erregistroz dezente aldatuta gainera. Donibane Lohitzuneko aurkezle eta dokumental-egileak Myjok enpresa desegin eta J.O.K. Films konpainia sortu du. Une honetan, Benito Duinat gidoilaria alboan duela, "Nire argazkia" izeneko egitasmoan buru-belarri dabil.

Myjokekin telebistarako Burp! saioa egin eta aldi berean Chiloé programak grabatu ostean, bere kasa dokumental- eta bideo-proiektuak egin nahi zituela erabaki zuen Jokin Etcheverriak: "Bestelako erritmoan lan egin nahi nuen eta kulturarekin lotutako istorioak gehiago garatu. Helburua errealitateak grabatzea da, eta horri fikzio-ukitua gehitzea". Hain zuzen ere, hori da Etcheverriak ezarritako marka edo ildo nagusia.

Une honetan esku artean daukan proiektua "Nire argazkia" da, bere lagun Benito Duinatek asmatutakoa. "Unibertsitatean kultura-proiektu bat landu nuen nire familiakook gure euskalkia galduko ote genuen ardura nuelako, nahiz eta orduan azkenean ez nuen gauzatu. Ordutik buruan izan dut ideia hori eta ikaskide izan zen Jokinekin Bilbon berriro topo egin nuenean, biok batera lantzea erabaki genuen".

Lan honetarako beraien euskalki propioetan mintzatzen diren hainbat euskal herritar aukeratu eta horiei eskatzen diete narrazio-lan bat egitea, argazki batean oinarrituta; bakoitzak nahi duen argazkian. "Protagonistek beraien irudi horrek ekartzen dizkien oroitzapenak azaldu egiten dizkigute, eta horiek erabilita guk kontaketa egituratzen dugu", azaldu digu Benito Duinatek.

Bide batez, "Nire argazkia" lanarekin Euskal Herrian dauden hainbat euskalki plazaratuko dituzte, testuinguru modernoetan ere erabiltzen direla erakutsi eta baita dialekto horiek nola aldatzen doazen ere, batuaren eta globalizazioaren eraginez. "Izatez, dokumentalaren sustraia euskara da, baina aldi berean gaia unibertsala da; eta kutsu artistikoa lantzen badugu ere, badu ikerketa zientifikotik ere", argitu dute bi egileek.

Dauden euskalkiak jasotzeko lanari "kutsu nostalgikoa" kendu nahi ziotela azpimarratu dute. "Lehengo usadioak eta hitz egiteko erak ondo baino hobeto jasotzen dituzte Ahotsak-ek Hegoaldean eta Eleketak Iparraldean egindako lanek. Guk ikuspegi dinamikoagoa eman nahi izan diogu: ez horrenbeste zer ondo bizi ginen eta zer ederra zen orduko Ikastola... Nahiago dugu jakitea nolakoa den euskararen erabilera eta norantz doan gaur egun euskara", azaldu digu Benito Duinatek.

Bestalde, dokumentalean argazkiak hartzen duen garrantzia ere bitxia da: "Gaur egun argazkiz inguratuta bizi gara. Non-nahi daude eta badirudi indarra galdu dutela, baina ez da horrela, eta horren alde egin nahi izan dugu. Badu jarrera artistikotik". Are gehiago azpimarratu nahi izan du Etcheverriak, "Ondo eramandako argazki batek toki garrantzitsua har dezake gure gizartean".

Dokumentalean parte hartzeko berdin dio protagonistak gazteak, helduak edo adinekoak diren; baita euskara-maila erdibidekoa badute ere. "Euskara ikasteko prozesuak berebiziko garrantzia du eta bidean daudenak ere jaso behar ditugu". Eskualde eta giza ingurune desberdinetakoak ere hartu nahi dituzte, eta oraindik jende bila dabiltza. Hortaz, interesa izanez gero, jarri harremanetan beraiekin misterjok@live.com helbidearen bitartez.

Apiril hasieran Etcheverria eta Duinat Cannesen izan ziren, Basque Audiovisual ekimenaren bitartez. Han hainbat telebistatako arduradunekin izan ziren, eta dagoeneko hitzartuta daukate oraingoz dokumentala den eta etorkizunean jarraipena izan dezakeen produktua Frantziako eta Quebec-eko telebistetan emango dutela. "Gure asmoa da Zinebin, Bilboko Dokumental eta Laburmetraien Nazioarteko Jaialdian, aurkeztea eta bitartean beste telebista, enpresa eta erakundeekin harremanetan jarraituko dugu".

Badituzte, baina, proiektu gehiago esku artean; eta horien artean 2012an egin nahi duten beste dokumental bat, Mugak, gaur egungo Europaz eta kontrabandoaz hitz egingo duena. "Gidoia aurreratuta dugu eta poliki-poliki hasi gara lanbide horren inguruko testigantzen bila. Bihotzez eskertuko genituzke halako kontakizunak; eta jakin dezala jendeak, askatasunez hitz egin dezakeela, delitu horiek dagoeneko baliogabe gertatu dira-eta".

 
 

Comments
Login for comment

B2
Sep 19, 2011
Number: 750027
Source:
Number of visits: 2715