Aldizkari Digitala

Etxeko segurtasuna guztion kezka

Gure etxebizitza babesteko zein neurri hartzen ditugun aztertu dugu. Atea beti ongi ixtea edota lapurrak, etxera sartu aurretik, ahalik eta oztopo gehien aurkitzea garrantzisua da.

Gure etxean alarma jartzea gomendatzen duten iragarkiak gero eta gehiago dira komunikabideetan. Opor-garaian batez ere, hainbat eta hainbat aldiz entzun dugu etxea babesik gabe ez uzteko, lapurrak eta etxe-okupatzaileak sartzeko aukera dagoelako. Helburua jendeak etxean segurtasun-neurriak jartzea da: alarmak, ateak, sarrailak… Jendearen beldurrak eragindako erosketak izaten dira askotan.

Ana Maite Zapirain Lejarreta Seguridad enpresako arduraduna Hernaniko dendan.

75 urteko historia duen Lejarreta Seguridad enpresako arduradunarekin hitz egin dugu, Ana Maite Zapirainekin, hain zuzen ere. Beasainen, Donostian eta Hernanin dituzte dendak, eta ateko sarrailekin egiten dute lan, batik bat: ateak ireki, giltzen kopiak egin, alarmak instalatu… “Funtsean, etxeko segurtasuna mantentzeko zer egin behar duten galdetzen digute”, azaldu digu Zapirainek. Berarekin elkartu gara sektoreak gaur egun bizi duen gorakadaren inguruan hitz egiteko.

Lapurretak
Lehen enpresetan gehiago lapurtzen zuten eta, krisi ekonomikoa iritsi zenetik, etxeetara eta dendetara sartzen hasi ziren: “Normalean etxea erosi edo alokatzen dugunean, hormetako kolorea, garbigailua, sukaldea… aukeratzeari ematen diogu garrantzia, eta ia inoiz ez dugu pentsatzen gure etxeko atea segurua den ala ez”. Hori lapurrek ere badakite, eta horregatik jotzen dute etxebizitza batzuetara.

Ana Maite Zapirainentzat etxeko atea, sarraila eta giltza oso garrantzitsuak dira.

Noski, inguruko etxeetan sartzeak jendearengan eragina izan du: “Herritarrak beldurtuta daude. Egia da krisi-garaian lapurretak areagotu egin direla, baina ez da hainbesterako…”. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko kriminalitate-tasa Europar Batasuneko batez bestekoa baino txikiagoa da. “Nire ustez, komunikabideek zerikusi handia izan dute, eta nik uste saltzeko ez dela jendea beldurtu behar. Bezeroari zer daukan azaldu behar zaio, zer aukera dituen hobetzeko eta kasu bakoitza aztertu”, azaldu digu Zapirainek.

Hala ere, lapurrentzat gero eta zailagoa da etxebizitzetara sartzea: “Jendeak ate onak ditu, gero eta alarma gehiago, baita ohitura onak ere. Horregatik, gero eta zailagoa dute etxeetan sartzea”.

Herria vs hiria
Hirietan bizi direnek normalean beldur handiagoa izaten dute: bizilagunak ezagutzen ez dituztelako, jende gehiago bizi delako, mesfidantza handiagoa dutelako… “Donostiako dendetako bezeroek kopiatu ezin diren giltzak eskatzen dizkigute, edo bi sarrailako ateak dituzte… Gehienek familia urruti dute eta horrek ere zerikusia du”, kontatu digu.

Alarma bat desblokeatzeko, pasahitza sartu behar dugu.

Herrietan, berriz, auzokideak ezagutzen dituzte eta senideak ere gertuago izaten dituzte. “Beasainen dugun dendan, askotan, familia solairu batean bizi da eta senitartekoak goiko pisuan. Guk kopiak egitea oso zaila den giltza bat saltzen dugu, baina segituan kopiak egiteko eskatzen digute: bizilagunari emateko, okindegikoari, izeba-osabei… Donostian ez da horrelakorik gertatzen”. Hala ere, konfiantza handiegia izatea ere ez da ona: "Giltzaren kopia ez dakit zeini utzi diodan eta hark galdu egin du", edo: "Atea giltzarekin itxi gabe utzi dut eta lapurrak txartelarekin hamar segundotan ireki du”, esaten diete askotan bezeroek Lejarreta Seguridad enpresako lankideei.

Jendearen eskaera
Esan bezala, Lejarretak urte askotako historia du, eta ibilbide horrek jendeari konfiantza ematen dio dendara joan eta etxean zer egin dezakeen galdetzeko. Askok zuzenean alarmak eskatzen dizkiete: “Azken batean, horixe ikusten dugu telebistan zein egunkarietan. Guretzat erresistentzia fisikoa da garrantzitsuena, hau da, inor gure etxean ez sartzeko jartzen ditugun oztopoak”, esan digu.

Etxera sartu aurretik soinua egingo duen alarma gomendatzen du Ana Maite Zapirainek.

Alarmak norbait gure etxean sartu denean abisatzen digu: “Soinua egiten duenerako, minutu batzuk igaro dira eta, polizia etortzerako ordu-erdi? Ordurako lapurra desagertu da. Azken batean, beraiek badakite polizia noiz iritsiko den, baita diru gutxi hartu behar dutela kartzelan denbora asko ez pasatzeko ere”. Lejarretan ere badituzte alarmak, baina abisua etxera sartu aurretik ematen dute; horretarako, atearen markoan ala sarrailan jartzen den gailuak lapurra irekitzen saiatzen ari dela detektatuko du eta soinua egingo: “Helburua da gure etxean inor ez sartzea, horretarako gure esku dagoen guztia eginez: ate, giltza edota alarma egokiak jarriz, atea beti ongi itxiz…”.

Eta zuk, zein segurtasun-neurri dituzu etxean? Alarmarik baduzu? Zerbait gehiago jarriko zenuke ‘seguru’ sentitzeko? Etxeko segurtasuna dela-eta, beldurrik izaten duzu? 

Transcription:[+] Transcription:[-]

1. Lejarretak 75 urteko ibilbidea du. Asko aldatu da egoera urte horietan?
Azkenean, 75 urtetan, dena aldatu da asko, baina gizartea eta, bueno bai, delinkuentzia ere bai. Azkenean, guk beti gure lan-erritmoa lapurrek markatzen dute, eta lapurrak bere teknikak hobetzen joan adina (ahala), guk ere gure sistemak hobetu behar ditugu. Orduan, gure helburua beti da beraien aurretik joatea. Bai konstrukzioko (eraikuntzako) kalitatea, bai guk daukagun pertzepzioa segurtasunarekiko, etxeetan zer daukagun, zer jaso nahi dugun, familiaren segurtasuna eta hor aldatzen joan izan dena dira sistemak eta guk nola aurre egin lapurtzeko modu berriei.

Azkenean, lapurrak, lapurtzeko moduagatik(an) lehen lapurtzen zuten modu batera eta orain teknikak hobetu dituzte. Hala ere, beti lapurreta baten atzean dauden bi faktore oso inportanteak beti berdinak dira: bat da aukera, eta bestea da motibazioa. Lapurra motibatuta baldin badago eta guk aukera uzten baldin badiogu, lapurtuko du.
Oso motibatua egon arren, guk aukera ez badiogu uzten, etxean daukagun sistema oso eraginkorra delako eta oso ona, ez du lapurtuko. Orduan, bai egia da krisi garaian eta, motibazio handiagoa zela lapurren aldetik(an), eta gehiago lapurtu izan zen, baina urteetan zehar, azkenean, gu ari gara trabak jartzen lapurreta horiek zailtzeko.
 
2. Zer egin beharko genuke etxebizitza “seguru” bat izateko?
Beti hasiz, lehen esan dugun bezala,  etxebizitza bakoitza eta familia bakoitza desberdina dela, ez? Baina zer egin behar dugu? Nik beti gomendatuko nuke joateko leku batera, profesional batekin eta analizatu, analisi txiki batekin, ia zer da etxean daukadana? Segurua da edo ez? Zeren askotan gertatzen zaigu, jendeak gauza seguruak ditu eta ez da kontziente, eta lasai egon beharko luke daukanarekin, ezta?

Orduan, nik bideratuko nuke jendea leku profesionaletara joateko, bai eskatuko nuke fijatzeko (begiratzeko) zer den ateetan daukaguna eta enbellecedore huecoak (segurtasunik ematen ez duen burdin mehez eginiko apaingarria hutsa) baldin badira, aldaketa azkar bat eskatuko nuke, benetan erresistentzia fisikoa bermatuko duten sistemengatik; giltzen kopiak kontrolatzeko; eta beti, beti, beti, beti daukagun atea daukagula, daukagun ohitura daukagula, etxeko atea ixteko. Baldin eta etxera sartu naizen zapatak aldatzera bost minutu, ogiaren bila nijoan (noan), txakurra paseatzera edo asteburu pasa. Atea itxita egotetik, atea itxita ez egotera dagoen diferentzia da aukera ematea lapurrari lapurtzeko edo pixka bat zailago jartzeko. Eta gero, sistemaren arabera pixka bat zailago edo askoz zailago. Baina gutxienez pauso hori, oso erraza dena, mundu guztiak itxi dezakegula etxea, hori beti egin behar da.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Nov 28, 2019
Number: 50261030
Dialect:
  • Gipuzkera
  • Batua
Duration: 00:03:09
Number of visits: 381