Aldizkari Digitala

Anai-arreba zaharrena edo gazteena izateak zertan eragiten digu?

Jaiotza-hurrenkerak gure izaeran duen eraginari buruz aritu gara Harremanak elkarteko kide batekin. Anai-arreba bakoitzak bere ezaugarriak ditu.

Anai-arreba zaharrena edo gazteena izateak desberdin egiten gaitu? Askotan esaten da zaharrenak arduratsuak direla; eta gazteenei, berriz, helduak izatea gehiago kostatzen zaiela… Ez hori bakarrik, seme-alaba bakarrak mimatuak ote dira? Eta zer gertatzen da bikiekin?

Jaiotza-hurrenkerak, hau da, seme-alaba zaharrena, tartekoa ala gazteena izateak gure izaeran duen eraginari buruz hitz egin dugu Olatz Berastegi Harremanak elkarteko soziologo, sexologo eta psikoterapeutarekin.

Olatz Berastegi soziologoa, sexologoa eta psikoterapeuta da.

Zaharrenetik gazteenera
Familia batera lehenengo, bigarren ala azkena iristeak zeresana izango du gure izateko moduan. Une horretan, gurasoek zerbait irudikatzen dute, ideia bat dute, eta hortik abiatuko dute umearen hezkuntza. “Lehenengoari anai-arreba gehiago izan ahala, heldua izatea egokituko zaio, eta bera izango da senideetan arduratsuena”, azaldu digu Berastegik. Aldi berean, hasieran, begi guztiak bere gain izango ditu, etxeko ume bakarra izango delako.

Txikienek, berriz, askatasun handiagoa izaten dute: “Gurasoek beste proiekzio batzuk dituzte, euren bizitzan beste une bat bizi dutelako. Gehiago kostako zaie pertsona helduak izatea, eta askok ume izaten jarraituko dute adinez helduak izan arren”. Gainera, jaiotza hori familiarentzat azkenekoa izango da, ez baitute seme-alaba gehiago izango, eta horrek dolua eragingo die gurasoei. Egoera horrek ere zerikusia izango du seme-alaben izaeran.

Hiru senide edo gehiago dituzten familietan, tartekoek askotan pentsatzen dute inork ez diela jaramonik egiten. Berastegi ez dago ados: “Ez da egia. Hiru seme-alabako familietan, bigarrena noizbait txikiena izan da eta horrek abantailak ditu. Nik uste beren izaera eraikitzeko askatasun handia dutela eta hori nabaritzen da beren bizimoduan”.

Emakume bat bikiekin paseatzen.

Bikiak eta seme-alaba bakarrak
Bikiak momentu berean iristen dira edo hori uste dugu. Berastegik, ordea, ez digu horrelakorik esan: “Lehenengo bat jaiotzen da eta, ondoren, bestea. Gurasoek ere batengan eta bestearengan gauza desberdinak proiektatzen dituzte. Askotan, badirudi bien artean pertsona bat osatzen dutela: bat da arduratsua eta bestea ez; bat negartia eta bestea ez; bat sortzailea eta bestea ez hainbeste… Gurasoek adi egon behar dute, ez baitira pertsona bakarra eta bakoitzak bere espazioa eduki behar baitu. Horregatik, ikastetxe gehienetan, anai-arrebak ikasgela banatan egoten dira; norberak bere lekua izateko”.

Bestalde, seme edo alaba bakarrean pentsatzen dugunean, mimatua irudikatzen dugu, dena berarentzat da, baina ez ditugu beste alderdi batzuk ikusten: “Pribilegioez hitz egiten dugu, baina begirada guztiak berak jasotzen ditu, onerako eta txarrerako. Ezin du gurasoen asmoetatik ihes egin eta, edozein egoera kaskarren aurrean, ez du anai-arreben babesik izango. Azken batean, gurasoak sistema bat edo bloke bat dira eta senideak beste bat. Gogorra da senideen babesik ez izatea”, adierazi digu Berastegik.

Hiru seme-alaba eta gurasoak elkarrekin paseo bat ematen.

Lehen eta orain
Garai batean zortzi edo hamar seme-alaba izaten zituzten eta, hala ere, zaharrenaren eta txikienaren rolak mantentzen zirela kontatu digu Berastegik: “Zailena erdiko senideak nolakoak diren identifikatzea da, asko baitaude zaharrenaren eta gazteenaren artean. Hala ere, ziur horiek ere uste zutela ez zietela kasurik egiten”. Gurasoek orduan ere bazituzten ilusio batzuk, beraiekin zer egin nahi zuten pentsatzen zuten, eta hori ez da aldatu: “Gurasoek nahi dutenaren eta seme-alabek nahi dutenaren artean beti dago talka bat, eta hori zehazten joaten da denborarekin, ez baita zerbait txarra”.

Guraso askoren ustea da seme-alabak modu berean tratatzen dituztela, eta zentzu batean hala dela esan digu Berastegik: “Otorduak egiteko ordutegiak, arauak, balioak, hezkuntza… Baina bizitzako momentu desberdinetan izango dituzte haurrak eta horrek seme-alaba bakoitzarekin duten harremana baldintzatuko du. Ona da horretaz jabetzea, eta onartzea pertsona bakoitzak emozio desberdinak sortzen dizkigula”. Gurasoek, senitartekoek eta irakasleek hartu behar dute hori kontuan. “Nik, adibidez, nire lehenengo alabarekin denbora gehiago neukan, eta alaba bakarra zen momentu hartan. Bigarrenarekin, aldiz, lehenengoa zegoen, bikote-harremana desberdina zen, bizitzako beste momentu batean nengoen…”.

Neba-arrebak basoan jolasean.

Jaiotza-hurrenkeraz gain, sexuak, anai-arrebekin dugun adin-tarteak edo familiara zer momentu sozial, ekonomiko eta emozionalean iristen garen, horrek guztiak badu zerikusia jaio den pertsonaren izateko moduan. “Beraz, posible da zaharrena arduratsuena ez izatea, jaiotza-hurrenkera ez delako eragina duen aldagai bakarra”. Bizitzan ere, denok ez dugu jarrera bera hartzen gertaera beraren aurrean, "adibidez, norbait hiltzen denean badakigu zerbait mingarria dela; baina denoi berdin eragiten digu? Ez".

Jaiotza-hurrenkerak eragiten digula uste duzu zuk? Zertan?

Transcription:[+] Transcription:[-]

1. Zer da Harremanak elkartea?
2008an sortu genuen elkartea, hor nolabait elkargune bat edo Harremanak elkartean topatu ginen bai psikoterapian, psikologian eta sexologian genbiltzan profesional ezberdinak, ez? Gaur egun, Harremanak elkarteak dauka, alde batetik hezkuntza dago; eta bestetik, psikologia eta psikoterapiako eskaintza. Psikoterapiako eta psikologiako eskaintzan lan egiten dugu bikote heldu, nerabe eta haurrekin. Eta haurrekin badago konbenio (hitzarmen) bat ere eta Diputazioarekin arreta goiztiarrean lan egiten dugu. Eta hori izango litzateke bai Harremanak elkartearen lan-eremua.
 
2. Pertsona baten izaeran, zer eragin du seme-alaba zaharrena ala gazteena izateak?
Gure izaeran aldagai ezberdinak (ezberdinek) eragiten dute; baina egia da, bat da zein familia motan jaio garen eta familia horretan zer rol edo zer hurrenkera daukagun. Nik esango nuke, lehenengo seme-alabak nolabait jasotzen duela (dituela) gurasoen proiekzio guztiak, hau da, lehenengoa da etxe horretara iristen dena. Orduan, guraso horiek jada zetozen proiekzio batetik, ez? Zer den guraso izatea, aita-ama izatea, aita-aita, ama-ama... Nolako seme-alaba nahi dugu(n); proiektatzen dugu(n); irudikatzen dugu(n); nola ikusten gara gu guraso bezala…
 
Orduan, ba bueno, nik uste dut lehenengoak jasotzen duela indar guzti hori (hori guztia), ez? Indarra eta baita ere… Ez dakit, limitazioa (muga)… Esan nahi dut, ez? Ispilu hori bere identitatea eraikitzeko. Nik esango nuke gero(z) eta urrunago… Eta txikiak proiekzio horretatik gero eta urrunago datozela, baina txikiak zer da bizitzen duena? Azkenekoa izatea, eta azkenekoa dator dolu batekin. Dolua, etxe horretan izango da azken seme-alaba, orduan, gurasoek ere dolu bat egin behar dute bere gurasotasunean eta horrek eragina du baita ere nola bizitzen duzun zuk zure seme-alaba, eta horrek eragina dauka bere izaeran. Seguraski gehiago kostatuko zaio heldua izatea, zeren txikiena da eta beti da familiako txikiena.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Nov 21, 2019
Number: 49975533
Dialect:
  • Batua
Duration: 00:03:03
Number of visits: 499