Aldizkari Digitala

Marga Andurain, euskal herritarra eta abenturazalea

Marga Andurainen inguruko informazioa biltzen hasten garenean, etengabe abentura bila zebilen emakume bat aurkitzen dugu. Errealitatea eta mitoa nahasita, hura izendatzeko modu asko topatu ditugu: ‘Euskal Herriko Mata Hari', ‘Palmirako erregina', ‘Basamortuko kondesa', ‘20 hilketako kondesa'.... Berak, berriz, bi hitz erabiltzen zituen soilik: euskal herritarra eta abenturazalea.

Marguerite Clerisse -Marga Andurainen jatorriko izena- Baionan jaio zen, 1893ko maiatzaren 29an, izen handiko familia batean. Txikitatik etengabe liskarretan sartzen zen, eta inguruko eskola erlijioso guztietatik kanporatu zuten. Horrela iritsi zen Hondarribiko ikastetxe batera eta bertan hasi zen Marga izena erabiltzen. Gurasoak, Maxime Clerisse Baionako auzitegi nagusiko epailea eta Marie Hiriart Baionako notario eta sendagile-familia ospetsu bateko alaba, etsipenak jota zeuden, eta, alabak demonioa barruan zuela pentsatuta, exorzismoa egiteko eskatu zioten Baionako Elizako goi-karguei. Alferrik, ordea, gaztearen errebeldia areagotzea besterik ez zuten lortu gurasoek.


18 urte bete orduko, harekin ezkontzeko prest zeuden gizonen zerrenda luzea zen. Margak guztiak baztertu eta Piarres Andurain lehengusuarekin ezkontzea erabaki zuen. Argentinara joan ziren bizitzera eta han zaldiak hazteko negozioa jarri zuten. Gauzak ez ziren haiek nahi bezala atera, eta bi urtez baserriko lanetik bizi ondoren, Baionara itzuli ziren. Batzuek diote itzulera hori Teodoro Jauregi pilotariarekin egin zuela Margak, bolada batean maitale izan baitzuen.

 

Egiptora kondesa eta espioi gisa
Baionan zirela, 1925ean aita hil eta dirutza jaso zuen Margak herentzian. Diru horrekin berak nahi zuen bizimodua egiteko aukera hurbilago ikusi zuen. Familia osoa Egiptora joan zen, Kairora, eta han apaindegi bat ireki zuten. Ordurako bikoteak bi seme zituen, Pio eta Jakes. Noblezia-titulu bat asmatu zuten, konde-kondesarena, eta hala aurkeztu zuten euren burua Kairon.
Apaindegiak arrakasta handia lortu zuen, bertara joaten ziren ofizial britainiarren emazteak, goi-mailakoak denak. Jakes semearen ustez, Margak Ingalaterrako Inteligentzia Zerbitzurako ezkutuko lana egiten zuen, eta horretara joan zen Kairora. Apaindegia haren egiazko jarduera estaltzeko besterik ez zen, semearen hitzetan. Garai hartan Anduraingo konde-kondesak oso ezagunak ziren hirian. Kairoko eta Alexandriako Jai Alai frontoien kudeaketan ere parte hartu zuen Margak, bere lagun Teodoro Jauregirekin batera.

Palmiratik Mekara
Marga Andurain, ordea, ez zen geldirik egotekoa, eta Palestinara joateko aukeraz hitz egin zioten orduko, baiezkoa eman zuen. Inteligentzia Zerbitzu britainiarreko buruzagi batekin egin zuen bidaia, eta horrek espioi-lana egiten ote zuen usteari indarra eman zion. Palestina, Lur Santua eta Sirian barrena ibili zen, eta Siriako Palmira hirira iritsi zenean bere ametsetako bizitokia zela pentsatu zuen. Hotel baten hondakinak ikusi, eta luxuzko hotel bihurtzea erabaki zuen. Zenobia izena jarri zion. Kairoko edergintza-aretoa saldu eta familia guztia Palmirara joan zen. Garaiko pertsona ospetsu ugarik hartu zuten ostatu Zenobia hotelean, esaterako: Agatha Christiek, Lawrence Arabiakoak edota Alfonso XIII. erregeak.

Cristina Morato idazleak 'Cautiva en Arabia' liburua idatzi zuen Anduraini buruz. Iturria: 'Cautiva en Arabia'

Baina lortutakoarekin gustura ez, eta beste jomuga bat jarri zion bere buruari: Mekara joatea. Hori lortuz gero, bertara sartuko zen mendebaldeko lehendabiziko emakumea izango zen. Horretarako, senarraz dibortziatu eta Soleiman gameluzain beduinoarekin ezkondu zen, eta musulman bihurtu. Meka alderantz zihoala, ordea, Jiddako portuan atxilotu eta gobernadorearen haremean sartu zuten senarra bila etorri arte. Soleimanek ez zuen agertzeko asmorik eta,  gainera, ustekabean mertzenario batek hil zuen. Jiddako agintariek Margari leporatu zioten senarraren hilketaren ardura eta kartzelara sartu ondoren, harrika hiltzera kondenatu zuten. Kontsul frantsesaren esku-hartzeari esker saihestu zuen heriotza.

Opioarekin eta urrearekin kontrabandoan
Arabiatik kanporatu eta urtebete Parisen erbesteratuta igaro ondoren, Palmirara itzuli eta berriz ezkondu zen Piarres Andurainekin. Handik gutxira, Piarres ere hil egin zuten, eta, baita ere, Margaren maitale izandako beste hiruzpalau gizon. Heriotza horiek guztiak leporatu nahi izan zizkioten, baina ez zuten ezer frogatzerik lortu. Hala ere, Siria betiko uztea erabaki zuen Margak 1937an. Bigarren Mundu Gerrak Parisen harrapatu zituen bera eta Jakes semea. Alemanekin izandako harremanengatik, Aljerrera joan zen gerra amaitu aurretik, baina gauzak lasaitu zirenean Frantziara itzuli zen. Berriz ere preso sartu zuten senide baten heriotzarekin zerikusia zuelakoan, baina handik gutxira askatu zuten.

Marga, Jakes semearekin. Iturria: 'Cautiva en Arabia'

Bizimodua aurrera ateratzeko, opioarekin kontrabandoan hasi zen gerra-garaian. Ondoren, berriz, urrearen kontrabandoari heldu zion. Tangerrera abiatu zen bere belaontzian, Kongotik zetorren urrea eskuratzeko asmoz, eta 1948ko azaroaren 5ean belaontzian bertan hil eta bere gorpua itsasora bota zuten hiltzaileek. Margaren gorpua ez da sekula agertu.

Testuaren osagarri gisa, Euskadi Irratiko audio hau entzun dezakezu.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Nov 5, 2019
Number: 49420402
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 598