Aldizkari Digitala

Zarataren erdian isiltasuna amets

Kutsadura akustikoa esaten diogu gure eguneroko bizitzan autoek, musikak, oihuek eta abarrek sortzen duten zaratari. Teknologia berriekin, gainera, lehen isilak ziren hainbat espazio eta egoera, orain, zaratatsu bihurtu dira.

Zarataz inguratuta bizi gara, eta zarata horietako asko, jada, gure egunerokoaren parte bihurtu dira: autoen klaxona, tabernako musika, zaborraren kamioia… Horrek guztiak sortutako kutsadura akustikoari azken urteotan teknologia berriek, eta bereziki sakelako telefonoek, ekarri dutena erantsi behar zaio. Espazio irekietan zein itxietan aritzen da jendea ozen hitz egiten, ondoan dagoenari kalte egiten ote dion erreparatu gabe. Hala, lehen isiltasuna nagusitzen zen leku eta egoera askotan, gaur egun zarata da nagusi.

Isiltasun faltak gure osasunean eragina izan dezake: lokartzeko zailtasunak, tentsioa igotzea…

Isiltasun falta horrek gure osasunean eragina izan dezakeela esan dute medikuek: lokartzeko zailtasunak, tentsioa igotzea... Haserrea ere izan daiteke kutsadura akustikoak gugan sortzen duen ondorio bat. Adibidez, espazio publikoan (ospitalean, autobusean, tabernan...) gertatu ohi da ondokoa telefonoz hitz egiten edota albokoarekin berriketan aritzea, ozen. Pazientzia izaten eta lasai hartzen saiatuta ere, askotan, gogaikarriak gertatzen dira horrelako egoerak. Baita, esaterako, itxarongela batean ondokoaren elkarrizketa edo musika entzuten egon beharra ere. Paul Lizarribar hernaniarrari eta Olatz Aiertza zarauztarrari horren inguruan galdetu diegu, hau da, ea inoiz bere onetik atera dituen berritsuren batek. Biek ala biek baietz erantzun digute.

“Errespetatu ondoan daukazun hori”
Trenean, dentistaren itxarongelan edo liburutegian gaudenean, denetarik aurki dezakegu gure ondoan. Albokoa isil-isilik aldizkari bat irakurtzen egon daiteke edo, berdin-berdin, telefono-aplikazio batean jolasten musika altu duela… “Zineman, adibidez, ondokoa palomitekin soinua ateratzen hasten denean, haserretu egiten naiz”, kontatu digu Olatzek.

Olatz Aiertza zarauztarrak eta Paul Lizarribar hernaniarrak gaiari buruz hitz egin digute.
 

Paulek, berriz, ziur asko askorentzat ezaguna den egoera bat aipatu du: “Telefonoz deitzen digute eta gero eta altuago hitz egiten hasten gara nahi gabe. Gure ondokoari deitzen diotenean, hasieran berehala isilduko dela pentsatzen dugu; baina denbora pasa ahala, ikusten dugu ez dela isiltzen… Ni horrek gogaitzen nau: luzatzen dela ikusten dudanean, haserretu egiten naiz”.

Jasanezinak iruditzen zaizkien egoera horiei aurre egiteko, zer neurri har daitezkeen galdetuta, Olatzek ospitaleak ekarri ditu gogora: “Isilik egoteko kartelak ikusten ditugu, eta askotan ez ditugu errespetatzen. Isuna jarri beharko litzaieke, telefonoz edo albokoarekin altuegi hitz egiten ari badira”. Paulek espazio publikoa oso kontzeptu zabala dela adierazi du. “Leku batzuetan mugak jartzea beste batzuetan jartzea baino errazagoa da. Liburutegian edo autobusean, esaterako, jarraibide batzuk ipin daitezke afixetan: "Errespetatu ondoan daukazun hori”. Modu horretan, jendeari gogorarazten diogu espazio publikoan gaudela eta besteak molesta ditzaketela”. Paulen ustez, zaila da arauak edo zigorrak jartzea, bera ez baita gauzak debekatzearen aldekoa: “Non hasten da eta non amaitzen da norberaren askatasuna?”.

Parkean, trenean, dentistaren itxarongelan edo liburutegian, inoiz ez dakigu nor izango den gure ondoan.

Izaera-kontua
Europako iparraldeko herritarrak hegoaldekoak baino isilagoak dira. “Nik uste dut jaso duten heziketagatik dela; horregatik ez direla hain builosoak”, azaldu du Olatzek. Hala ere, berak hemengoen artean ere aldea ikusten du: “Herri txikietan altuago hitz egiten dugu. Hirian bizi direnek baxuago hitz egiten dute, nire ustez”.

Jatorriaren arabera, beraz, pertsonen izaera aldatzen da, eta horrek lotura du hitz egiteko moduan eta bolumenean ere. Esandakoaren adibide gisa, kanpin bateko harrerako ilaran ikus daitekeena aipatu du Paulek: “Modu desberdinean jokatzen dugu. Nik uste heziketak zerikusia duela bai, baina zerbait kulturala ere badela. Horrez gain, klimak ere badu zeresana. Zenbat eta hegoalderago joan, orduan eta beroagoa da klima eta ez dakit jendeak kalean denbora gehiago igarotzen duelako den edo gizarte-motagatik den, baina jendeak ozenago hitz egiten du”.

Teknologia berriek eragina dute sortzen dugun kutsadura akustikoan.

Gero eta okerrago
Kulturagatik edo klimagatik izanda ere, beste herrialde batzuetan baino builosoagoak gara, eta egoerak okerrera egin du teknologia berriekin. 90eko hamarkadara arte ez zegoen mugikorrik gure artean, ezta musika entzuteko gailurik ere 80ko hamarkadan walkmana sortu zen arte; eta beraz, ez zen gertatzen inor kalean musika ozen entzuten joatea, edo albokoa telefono mugikorretik oihuka hizketan aritzea. Garaiak aldatu egin dira, gure ohiturak ere bai, eta urteak pasa ahala kutsadura akustikoak okerrera egin du. Hori horrela izanik, etorkizunera begira neurriak hartzea garrantzitsua da. Paulek eta Olatzek heziketaren garrantzia azpimarratu dute. “Heziketaren bidez lortuko dugu jendeak zarata murrizteko gogoa izatea”, uste du Paulek.

Zer neurri har ditzakegu kutsadura akustikoa jaisteko? Herrialde batetik bestera oso desberdinak garela uste duzu? Eta zu norbaitekin haserretu zara inoiz isiltzen ez zelako?

Transcription:[+] Transcription:[-]

1. Zer da kutsadura akustikoa?
Olatz Aiertza: Niretzako kutsadura akustikoa bueno, ba, gizakiari gure jardueratan ba molestatzen edo agobiatzen (nekatzen) gaituen soinu horri deituko genioke. Niri hala iruditzen zait. Adibidez, ba zu autobusean zoaz, eta, aldamenekoa, zure ondokoa ari baldin bada telefonoz hitz egiten, baina telefonoz igual pixka bat altu hitz egiten ari baldin bada, molestatu egiten digu; edo aldamenekoari hitz egiten ari baldin bada eta altu hitz egiten ari bada, molestatu egiten digu, ezta? Autobusean edo edozein toki publikotan…
Paul Lizarribar: Kutsadura akustikoa pentsatzen dut dela zarata, zarata gogaikarria, ez? Hau da, molestatzen duena, jendeari kalte egiten diona, batzuetan osasunean ere kalte egiten duena, ez dakit, nik horri deitzen diot, zarata, gehiegizko zaratari.

2. Inoiz espazio publikoan inbaditua sentitu zara ondokoak zarata atera duelako?
Olatz Aiertza: Bai, molestatu izan dit nire aldamenekoa(k) telefonoz altu hitz egiteak, iruditzen zait, edukazio (heziketa) falta delako (dela), pixka bat bolumena jaitsi egin behar delako eta errespetatu egin behar delako inguruan dagoen jendea ere bai… Niri iruditzen zait, ba igual, anbulatorioan edo ospitale batean, gainera, ospitale batean ikusten ditugula kartelak isilik ibili behar dela, eta jendeak ez du batere ezer errespetatzen… Eta telefonoz hitz egiten du jendeak bolumen normal(arekin), kalean egongo balitzake (balitz) bezala, eta, ba iruditzen zait ba hori, edukazio (heziketa) falta dela, eta pixka bat bolumena jaitsi egin beharko litzatekeela.
Paul Lizarribar: Bai, bai, gertatu izan zait, ez? Agian, autobusean sartu eta igual bidaia laburretan hainbeste ez, edo hiri barnean egiten diren bidaietan, ez dut hainbeste nabaritu. Baina agian bidaia luzexeago batean edo agian atzeko eserlekuan, norbait ordubetez telefonoz oso bolumen altuan hitz egiten; edo musika aurikularretan jarri beharrean, musika aurikularrik gabe entzuten; eta beste hainbat, ez? Edo itxaron-gelatan (itxarote-gelatan) badago jendea elkarrekin hitz egiten hasten direna (dena) eta bolumen altuan, eta, agian egora, zu, egoera ez da onena, zu agian ari zarelako, ez dakit, urduri zaudelako edo lasai nahi duzulako egon…

3. Noizbait norbaiti zerbait esan diozu?
Olatz Aiertza: Ez, ez diot inorri ezer esan.
Paul Lizarribar: Bai, bai, bai, ikusi dut behin baino gehiagotan norbaitek beste bati esan diola ba hori, ez? Baxuago hitz egiteko edo aurikularrak jartzeko… Eta nik ere, agian noiz edo noiz esan diot norbaiti, bai, bai…

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Oct 3, 2019
Number: 48149289
Dialect:
  • Batua
Duration: 00:03:08
Number of visits: 576