Aldizkari Digitala

Oktoberfest: garagardoaren festarik handiena

Oktoberfest, urriko festa, garagardoarekin lotutako munduko festarik handiena da. Munichen ospatzen da irailaren erditik aurrera egokitzen den lehen larunbatetik hasita. Jende pila bat bertaratzen da: batez beste, 7.200.000 lagun urtero.

Aurreneko edizioa 1810eko urriaren 12an izan zen, Bavierako Luis I.a printzea eta Saxoniako Teresa printzesaren ezkontza ospatzeko. Munich osoa gonbidatu zuten ezkontzara. Festaren arrakasta ikusita, urtero hasi ziren egiten, baina irailean hasita, eguraldi hobea lagun. Hasiera-urte haietan zaldi-lasterketak ziren festako izar, ez garagardoa. Baina apurka-apurka garagardoa nagusitu zen, nahiz eta 1960ra arte izan zaldi-lasterketak.

Eta zergatik du garagardoak ospe on hori Alemanian? XIX. gizaldira jo behar da hori ulertzeko. Garai hartan kolerak milioika lagun hil zituen Europa osoan, iturburuetatik hirietara zetorren ura ez zelako batere osasuntsua, besteak beste. Beraz, jendea ur kutsatuaren ordez, kolera saihestu nahian, garagardoa edaten hasi zen Baviera hegoaldean. Zenbait adituk diotenez, besteak beste horregatik esaten dugu “osasuna” edariekin topa egiten dugunean: osasunarekin lotzen zen edari alkoholduna, bizitzarekin. Eta “osasuna” da, hain zuzen, Oktoberfesten gehien entzuten den hitzetako bat, topa egitean.


Guztia ez da jana eta edana
Garagardoa edateko 14 karpa handi eta beste zenbait txikiago jartzen dituzte Munichen. Bertako garagardo-etxe gutxi batzuek dute 14 karpa nagusiak jartzeko baimena. Eta garagardo berezia egiten dute festarako, Oktoberfestbier, ur, lupulu eta garagarduna. Graduazio handi samarra dauka: % 6. Hala ere, 7 milioi litro-edo edaten dira, batez beste litro bat inguru bisitariko. Zoritxarrez, askok gainditzen dute batez besteko hori, eta Gurutze Gorriak etengabe eramaten ditu mozkorrak erietxeetara. Eskerrak jendeak jan ere egiten duen, alegia, ez duela tripa hutsik edaten. Gehien jaten dena oilaskoa da, milioi-erdi pasatxo, saltxitxak eta txerri-ukondoa baino askoz gehiago.

Garagardoa edateko 16 urte izan behar dira. Baina edateko adina ez duenak, edo edan nahi ez duenak, badu zer aukeratu. Izan ere, Oktoberfest zelai erraldoi batean izaten da, Teresaren zelaia izenekoan, eta 103 hektarea-inguruko gune horretan ume, gazte zein helduentzako barrakak daude, postetxea postalak bidaltzeko, telefono-kabinak, oroigarriak eta gozokiak erosteko tokiak, galdutako gauzen edo galdutako umeen bila joateko gunea… Musika-kontzertuak izaten dira, musika-desfileak jantzi tradizionalekin, meza…


Baina osagai nagusia garagardoa da; beirazko pitxarretan edaten dute 1892az geroztik. Pitxar sendoak dira, topa egitean ez pitzatzeko. Litroko pitxarra da neurri bakarra. Hutsik 1,2 kilo pisatzen du; beteta, berriz, 2 kilo. Txapelketak egiten dira nork eraman pitxar bete gehiago aldiko mahai batera. Munduko errekorra Oliver Strümphel-ek dauka. Munichetik hurbil ospatzen den beste festa batean lortu zuen balentria: 27 pitxar batera eramatea 40 metrora zegoen mahairaino.

Municheko Oktoberfesteko pitxarrak estimatuak dira, baina debekatuta dago lapurtzea. Urtero, milaka lagunek ordaintzen dute 50 euroko isuna, pitxarra lapurtzen saiatzeagatik. Beste debeku bat da ezin dela mahai gainean dantza egin, baina aulkien gainean, bai. Eta karpetako musika-bandek ezin dute 85 dezibelioko muga pasatu.
 

Mundu zabalean
Festak Alemaniako muga zeharkatu, eta izen bereko beste batzuk sortu dira munduan zehar: Hego Amerikan, Parisen, Bartzelonan, Malagan, Zaragozan, Azpeitian, Leioan… Datuek diotenez, Municheko Oktoberfest horretara doan % 15 ez da Alemaniakoa, eta, adibidez, festaren bigarren asteburuari italiarren asteburua esaten diote, milaka joaten baitira.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Oct 1, 2019
Number: 48076768
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 525