Aldizkari Digitala

Etxea txukuntzeaz haratago bizimodua antolatzeko metodoa

Askotan, ezertarako erabiltzen ez ditugun gauzak pilatzen ditugu etxean. Objektu horien artean jaso nahi ditugunak aukeratzeko metodoa ezagutuko dugu: 'Konmari' metodoa.

Etxean pilatzen diren arropa, liburu eta gainerako objektuen artean garbiketa egin, eta benetan behar dugunarekin geratzen ikasteak eragina du gure bizimoduan. Txukuntze-prozesu hori egitea, ordea, ez da batere erraza izaten, eta zeregin horretan laguntzeko  metodoa erabiltzea izan daiteke irtenbidea. Duela urte batzuk egin zen ezagun metodo hori: etxea nola garbitu eta gauzak nola antolatu azaltzen duen teknika. Marie Kondo japoniarra da sortzailea, ordenan aditua eta idazlea. Konmari metodoari buruzko liburua idatzi zuen 2011. urtean, eta argitaratu zuenetik 30 hizkuntzatara itzuli dute. Horregatik da ospetsua munduko txoko guztietan.

 Elias barne-diseinatzailea da eta estudioa dauka Zarautzen.

Amaia Elias barne-diseinatzaile azkoitiarra japoniarrak Londresen emandako hiru eguneko ikastaro batean izan da. “Etxea antolatzeko prozesua sortu du Mariek: gauza errazenetatik hasita, zailenetaraino aukeraketa bat egitea da helburua”. Amaiak berak egin du prozesua eta bere bezeroei ere horretan laguntzen die. Zarautzen duen Amai Studio bulegoan egon gara berarekin.

Konmari metodoa
Etxean sobera ditugun gauzak botatzeko, hainbat fasetako prozesua egiteko dio Konmari metodoak. Horretarako, objektu bakoitza esku artean dugunean, zoriontasuna ematen digun edo ez galdetu behar diogu geure buruari. “Egokiena fase guztiak jarraian egitea da, prozesua hasi eta bukatzea. Lehenengo, arropa guztia armairutik atera behar dugu, lurrera bota eta ‘Uau’ momentua bizi; hau da, zenbat gauza ditugun jabetu”. Amaiak une horretan lotsa sentitu zuela aitortu du: “Zertarako daukat hau guztia?”.

Arroparen ostean, liburuen txanda da: “Ez dugu kopuru jakin bat gorde behar, zoriontsu egiten gaituztenekin geratu behar dugu. Nik, adibidez, udan hondartzan irakurritako eleberri errazak oparitu egiten ditut, eta niretzat garrantzitsuak izan direnak, berriz, gorde. Gordetze hori izan daiteke kontatzen dutenagatik edo irakurri nuen momentua gogorarazten didalako. Pertsona batek 30 liburu izan ditzake, beste batek 150 eta beste batek bat bera ere ez”.

Amai Studiora joaten diren bezeroei Marie Kondoren metodoa aplikatzen laguntzen die Eliasek.

Ondoren, etxeko paperena eta komono izena ematen zaion multzoarena egingo dugu. “Gainerako objektuak biltzen ditu komonoak: sukaldeko lapikoak edo komuneko makillajea, esaterako. Prozesua amaitzeko, artikulu sentimentalen artean aukeratu behar dugu: albumak, argazkiak eta guretzat balioa duten gauzak izaten dira. Zailena horixe da, nire ustez”.

Hala ere, ezertan hasi aurretik, garrantzitsuena da argi izatea bakoitzak zergatik egin nahi duen Konmari metodoa: etxera iritsi eta bakean sentitzeko; janaria prestatzen hasi aurretik, sukalde txukuna edukitzeko; goizetan azkarrago janzteko… “Arrazoia edozein izanda ere, ziur egon beharko dugu.  Nahi dugun bizimodu hori bilatzeak indarra emango digu denbora hartu, prozesua egin eta mantentzeko”.

Onurak
Amaia Eliasek duela urtebete irakurri zuen Marie Kondoren liburua lehendabizikoz, baina orduko hartan ez zuen lortu prozesua goitik behera egitea. Bigarren aldiz irakurri ostean, ordea, arrakastaz egin du prozesu osoa: “Nirean eta amaren etxean egin dut garbiketa. Amarenean ia guztia bota dut, ikastolako gauzak, CDak… Ez gara konturatzen zenbat gauza gordetzen ditugun”.

Amaia Eliasek hasieratik bukaerara egin du 'Konmari' metodoa.

Garbiketari esker, etxea txukuntzen igarotzen zuen denbora irabazi du. “Lehen, larunbat-arratsalde osoa logelako gauzak bere lekuan jartzen pasatzen nuen. Orain askoz azkarrago egiten ditut lan guztiak. Gainera, etxea txukun dugunean, beste energia bat transmititzen digu egongelak edo sukaldeak. Antolaketak lasaitasuna ematen digu; desordenak, berriz, estresa sortzen digula iruditzen zait”, kontatu du Eliasek.

Horrez gain, haurrek ere prozesuan parte hartzea gomendatzen du Marie Kondok: “6 urtetik gorako umeek egin dezakete. Beraiek ez dakite erratza pasatzen, baina erakuts diezaiekegu. Gai ez direla esaten dugunak gu gara. Gaztetatik jostailuak ematen edo oparitzen erakusten badiegu, ziur etorkizunean gauza bera egiten jarraituko dutela”.

Amaia Eliasek Marie Kondo Londresen aurrez aurre ezagutu du japoniarrak emandako ikastaro batean.

Etxetik kalera
Norberaren etxea garbitzeko prozesu hori geure bizimodura ere eramaten dugu. Eliasek, adibidez, bere negozioa irekitzeko urratsa eman zuen: “Beldurra ematen zidan, baina Konmari egin ostean, nire txokoa irekitzea erabaki nuen”. Berak bakarrik ez, Londreseko ikastaroan berarekin egondako askori ere gauza bera gertatu zaie. “Mahaian 9 edo 10 lagun geunden, eta emakume txiki horrek bizitza hankaz gora jarri digu ia guztioi: batzuk banandu egin dira, beste batek operan abesteari utzi dio, nik estudioa jarri dut martxan…”.

Eta zuk, Konmari prozesua egingo zenuke? Etxea eta bizimodua birplanteatuko zenituzke?

 

 

Amai Studioari buruz gehiago jakin nahi izanez gero, sakatu hemen.

Transcription:[+] Transcription:[-]

1. Barne diseinatzailea zara. Zein da zure lana?
Amaia Elias naiz, 28 urte dauzkat, Gasteizen ikasi nuen Barne Diseinuko diplomatura, eta, ba gaur egun, Amaia Studio ireki dut, urtarrilean, eta nire lana azkenean da erreforma integralak egiten ditut eta saiatzen naizena da nire bezeroen araberako etxe eraldaketak egiten, ez? Azkenean, etxea eraldatzen dugunean beti dago etxe aldaketa bat… Orduan aztertzen dudana da zer gauza dazkaben (dauzkaten) jakiteko gero zer behar dauzkaten. Eta zer gauza dazkaben (dauzkaten) aztertzeko, lehenengo laguntzen diet garbiketa bat egiten, zeren geu ere ez gara kontziente benetan zer daukagun.

2. Etxean gauza bakoitzak bere lekua izatea garrantzitsua da?
Etxean gauza bakoitzak bere lekua edukitzea da era bakarra etxea antolatuta edukitzeko. Niri iruditzen zait dela era bakarra zeren azkenean zuk  nahi baldin baduzu antolatzea egin behar duzun gauza bakarra da erabiltzen duzunean gauza bat, berriz ere bere lekuan utzi. Horren gauza zailena da zer daukagun jakitea horretarako eta gauza bakoitzari bere tokia topatzea lehenengo.

3. Jendearen jarrera zein da: gauzak gordetzea edo botatzea gustatzen zaigu?
Ez gaude botatzera ohituta. Eta gainera, nire ustez, horrela, zer edo zer ematen digu botatze horrek, horrela: “Jo, baina nola botako dut ba!”. Hori pila bat aditu dut. “Baina nola botako dut ba ez dakit zenbat pagau (pagatu) nuen txaketa hori?”, “baina erabiltzen al duzu?”, “ez, baina nola botako dut ba?”. Horrela, zera hori, beldur hori pila bat daukagu. Baina zure armairuan egonda, ezta ere ez da ari ezer aportatzen (ematen). Edo liburuena: “Nola botako ditut bada liburuak?. Bueno ba donau (donatu) azkenean edo beste zerbait egin liburu horrekin, baina ez daukazu zertan dena gorde beharrik. Daukagu beldur hori, jo baina… Sartu digute gaizki eginda egongo balitz bezala gauzak gure bizitzatik kentzea. Ez dauka zertan, ez? Azkenean, ikasi behar dugu gauza batzuk hasi eta bukau (bukatu) egiten direla, eta beste batzuk bizi osorako behar ditugula. Azkenean, ez dagoela gaizki.

4. Kontziente gara alferrik zenbat gauza gordetzen ditugun?
Ez gara kontziente, eta gero eta urte gehiago, gero eta gauza gehiago dauzkagu. Eta  oraindik da pereza (alferkeria) handiagoa ematen du… Hori egia da. Baina ez gara kontziente, ni lehena.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Sep 26, 2019
Number: 47946142
Dialect:
  • Gipuzkera
  • Batua
Duration: 00:03:02
Number of visits: 938