Aldizkari Digitala

Menchu Gal Koldo Mitxelena kulturunean

"Menchu Galek bere bizitzan zehar egin zuen aukera pertsonala, erabatekoa, sendoa, bidezkoa eta zuzena izan zen"
 Nuria Rodriguez.

Menchu Galen jaiotzaren mendeurrena dela eta, Koldo Mitxelena kulturuneak irundar margolariaren erakusketa antolatu du. "Margotzeko bizi, bizitzen margotu (1919-2019)" da erakusketa honen izenburua.
Menchu Gal 1919. urtean jaio zen Irunen eta bertan hil zen 2008an.

Erakusketa hau 23 artelanek osatzen dute. Ganbaran ikusgai dauden obra gehienak paisaiak, bodegoiak, natura hilak eta erretratuak dira. Margolan aipagarrienen artean: "Hondarribiako aireko ikuspegia", "Remelluri" eta "Nafarroako Paisaiak".
Menchu nortasun handiko emakumea izan zen eta bere margolanetan hori ondo islatzen da. Hamabi urte zituen neskak bere lehen koadroa margotu zuenean eta gurasoek, ikusirik alabaren zaletasuna, heziketa artistiko ona ematea erabaki zuten. Maisu bikaina zuten hirian bertan, Gaspar Montes Iturrioz, eta bere klase partikularretara bidali zuten haurra zelarik. Gasparrekin urte batzuk ikasten jardun ondoren, 1931n, beka bati esker, Parisa joan zen bere ikasketak osatzera.

Hondarribiko aireko ikuspegia, olio-pintura mihise gainean, 1973

Frantziako hiriburuan, Amédée Ozefant margolari ospetsuaren akademian hasi zen margogintza lantzen. Han, Fernand Leger eta beste zenbait artista kubista ezagutzeko aukera izan zuen. Parisko giro hura, ordea, gero eta gogorragoa egiten hasi zitzaion Menchuri eta, hiru urteko egonaldia hura amaitutzat eman eta Madrileko San Fernando Arte Ederren Akademian sartu zen. Menchuri arte figuratiboa gustatzen zitzaion eta Aurelio Arteta bilbotar maisuaren aginduetara hasi zen marrazkiaren teknika eskuratzen. Madrileko egonaldia berehala utzi behar izan zuen. Espainiako Gerra hasi zenean, Iparraldean (Atharratzen) errefuxiatu behar izan zuen bere senideekin batera. Gerraostean, berriz ere, Madrilera itzuli eta Gutierrez Solana, Benjamin Palencia, Pancho Cossío, Daniel Vazquez Diaz, Rafael Zabaleta eta "Madrileko Eskola" deituriko lagunekin elkartu zen. Urte haietan Menchuk Donostian, Madrilen, Zaragozan, Gijonen... taldeko erakusketak egiteko aukera izan zuen.


Remelluri, olio-pintura mihise gainean, 1973

XX. mendearen lehen hamarkadetan fauvismoa, espresionismoa, kubismoa, informalismoa ... modan jarri ziren, baina Menchuk informalismoa eta espresionismo abstraktuaren bideak alde batera utzi zituen. Berak garbi zeukan bere etorkizun artistikoa arte figuratiboaren alorrean zegoela. Berea ez zen ateraldien arabera artelanak egitea: Berari egitura estetiko trinkoak eta erabakigarriak gustatzen zitzaizkion: marrazkian oinarritutako margoak, kolore garbiak, kubismoaren teknikak ondo ezagutzea ... Menchuk estatuko lurraldeetako paisaia ugari margotu zituen, guztiak maisutasun handiz. Bere margolanik sentikorrenak artean Kantauri aldeko itsasoa, Bidasoa inguruko herrixkak, kostaldea, kaiak, soroak, mendiak ...izan ziren. André Derain eta beste zenbait fauvisten joera jarraituz, Menchuk pintzelkada askeak eta espresiboak erabili zituen bere paisaiak lantzeko. Berak aztertutako errealitatea ikuspegi subjektibotik bideratu zuen eta izadia, berriz, kolore eta argitasun handiz gauzatu zuen.


Nafarroako paisaia, olio-pintura mihise gainean, 1973

Koldo Mitxelenako Ganbara aretoan ikusgai dauden artelan hauek, Bilboko Arte Ederren museoak, Menchu Gal Fundazioak, Irungo Udalak eta Madrileko Reina Sofia museoak  utzitakoak dira. Edorta Kortadi da erakusketaren komisarioa.
Menchu Galen erakusketa hau irailaren 28ra arte egongo da ikusgai Koldo Mitxelena kulturunean.

Informazio gehiago helbide honetan.

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Aug 30, 2019
Number: 47133163
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 263