Aldizkari Digitala

Euskaraz bikoiztearen abenturak eta kalenturak

Jatorrizko ikus-entzunezkoaren gainean beste hizkuntza batean grabatzen dute bikoiztaileek. Euskaraz bikoizteko lanean aritzen direnek nola lan egiten duten eta zein zailtasun izaten dituzten azaldu digute.

Marrazki bizidunetan, telesailetan edo filmetan jatorrizko ahotsak ordezkatu, eta beste hizkuntza batean gainean grabatzeari bikoizketa deitzen zaio. Ohituta gaude kanpoko aktoreen ahotsak gaztelaniaz, frantsesez edo euskaraz bikoiztuta ikusten; batzuetan, bikoiztutako bertsioa ikusten ari garela ahaztu ere egiten dugu. Horren erantzuleak bikoiztaileak dira: irakurketa-estudioetan, jatorrizko ikus-entzunezkoaren gainean, produktua beste hizkuntza batean grabatzen dute. Aintzane Gamiz eta Aintzane Crujeiras Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteko (Bieuse) kideak dira, eta beraiekin egoteko aukera izan dugu lanbidearen gorabeherei buruz hitz egiteko.

Aintzane Gamiz eta Aintzane Crujeiras Bieuseko (Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteko) kideak dira.

Bikoizteko prozesua
Jatorrizko ikus-entzunezkoa itzuli eta egokitu egin behar da, bikoiztailearen eskuetara iritsi aurretik. “Askotan ez dakigu zer bikoiztu behar dugun estudiora iritsi arte: zer pertsonaia izango garen, eta zer pelikula, telesail edo marrazki bizidunetakoa izango den. Momentuan esaten digute”, kontatu digu Crujeirasek.

Gamizek, berriz, testuaren itzulpenak eta egokitzapenak duen garrantzia azpimarratu digu: “Hor hasten da prozesua. Filmeko edo telesaileko hizkuntza ortopedikoa bada, ez ditu ikusleak erakarriko; eta egokitzapena gaizki egina badago, ez da sinesgarria izango. Gure lana ere asko errazten du hori ongi egina egoteak”. Biek ala biek jatorrizko bertsiora ahalik eta gehiena hurbiltzen saiatzen direla esan digute, beraiek ere aktore-lanetan jardun dutelako. “Aktoreek eta zuzendariek modu zehatz batean egin dute lan, eta modu berean jardun behar dugu guk ere”, zehaztu digu Crujeirasek.

 Bikoiztaileek take izeneko unitateetan banatzen dute lana (Binahi Agentzia).

Take (hartualdi) izeneko unitateetan banatzen dute lana: bi edo hiru aldiz entseatzen dute take bakoitza grabatu aurretik: “Testua, telebista, denbora, pertsonaiaren ahoa, besteek noiz hitz egiten duten… Hainbat xehetasun hartu behar ditugu kontuan…”, adierazi digu Gamizek. Bere ustez, bikoiztea gidatzea bezalakoxea da: “Hasieran zaila da, baina gero automatikoki egiten ikasten dugu. Gainera, teknologia berriek eta teknikak asko lagundu digute, horiek gabe motelago egingo genuke gure lana”.

Azpitituluak vs bikoizketa
Bikoizketa motelago edo azkarrago egin, duela hogei urte edo orain aritu, bada askotan errepikatu den eztabaida bat: filmak bikoiztu ala jatorrizko bertsioan ikusi azpitituluekin. Horregatik ez dugu aukera hau pasatzen utzi, eta Bieuseko kideei horri buruz galdetu diegu.  Biek “osagarri” hitza aipatu digute. Hauxe esan digu Gamizek: “Euskaraz bikoiztu eta azpidatzi daiteke. Hizkuntza gutxitua den heinean, ezin dugu hizkuntza hegemonikoen politika bera erabili. Gure hizkuntza mantendu nahi badugu, ezin dugu ahoskera galdu. Nire ustez, bikoizketa euskara sustatzeko erreminta bat da”.

Crujeirasek teknologia aipatu digu: “Gaur egungo telebistan botoi bat sakatu besterik ez da egin behar. Nahi duenak azpitituluekin jatorrizko bertsioa ikus dezake, eta nahi duenak bikoiztuta. Ez dago arazorik”. Haurren kasuan, adibidez, oso txikiak direnean ez dakite irakurtzen, eta aukera bakarra bikoiztutako marrazki bizidunak ikustea da. 

Filmak ikusteko modu desberdinak daude: jatorrizko bertsioan, bikoiztuta edo azpitituluekin, adibidez.

Euskarara bikoiztutako zinema
Azpitituluak jarritako edo bikoiztutako ikus-entzunezkoen arteko gatazkaz gain, Crujeirasek askotan entzun izan dugun galdera bat egin digu: “Nork ikusten du euskarara bikoiztutako zinema? Nire ustez, kontua ez da ikustera nor joaten den. Kontua da guri zer-nolako materiala iristen zaigun bikoizteko, eta zer dagoen jada kalean. Adibidez, film bat gaztelaniaz bikoiztu badute, eta handik sei hilabetera euskarara bikoiztuz gero, nork ikusiko du?”.

Horrez gain, euskarara bikoiztutako zenbait produktutan egileei “hizkuntza ortopedikoa edo naturala ez dena” erabiltzea leporatzen zaie. Horren aurrean, Gamizek “hausnarketa” bat egiteko garaia dela esan digu, bere ustez hizkuntza ortopedikoa izatea bikoizleen lan-egoera prekarioari zuzenean lotuta baitago: “Kalitatezko bikoizketa bat bultzatu behar dugu, arrotza egiten ez den hizkuntza batekin, ondo egokitutako eta itzulitako materialarekin… Kontziente gara egiten dugun lana arrotza dela jende askorentzat. Ordu gehiagoko lanaldiak nahi ditugu, euskaraz gehiago bikoiztu nahi dugu; baina kalitatezko lana izatea nahi dugu. Horixe egiten ez dugun bitartean, jendeak ez du euskarazko produkturik kontsumituko”.

“Lehen taldean bikoizten zen, orain banaka”, kontatu digu Gamizek (Binahi Agentzia).

 

Prekaritatea da erantzuleetako bat Crujeirasen ustez: “Euskarazkoa ez dela sinesgarria esaten dute askotan, baina itzuli edo egokitu behar duenak ez badu nahikoa denbora horretarako… Inbertitzen den diruak badu zeresana”. Gamiz ere ados dago: “Testua ondo itzulita eta egokituta badago, gure lana asko erraztuko du eta sinesgarritasuna emango dio ikus-entzunezkoari”.

Inoiz ikusi duzu euskarara bikoiztutako filmik? Gamizek eta Crujeirasek aipatutako kalitatezko lana egitea beharrezkoa dela uste duzu? Zergatik? Zer nahiago duzu: film bat bikoiztuta ala jatorrizko bertsioan azpitituluekin ikusi?
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

1. Zer behar da bikoiztaile izateko?
Aintzane Crujeiras: Bikoiztaile izateko askotan esaten dute ahotsa… Nik uste dut ezetz, ez? Ahotsa ez dela garrantzitsuena, baizik eta interpretazioa eta teknika: jakitea nola funtzionatzen duen...
Aintzane Gamiz: Nik uste dut gurea ofizio bat dela, eta ofizio bat den heinean, ikasten da eginez. Bai? Nik uste dut bai Aintzane eta bai biok, eta zuzendu oker banago, kurtso bat egin genuen, cursillo (ikastaro) bat esaten dena, teknikaren gutxienekoak ikasteko; baina horrek ez du esan nahi jada ofizioa ikasita duzunik, ezta gutxiagorik ere. Gainera, hasten zara gutxinaka-gutxinaka (gutxika-gutxika): giroak* egiten… Zure ahotsa…
Aintzane Crujeiras: Inpostatzen… Jakiten non jarri, eta non ez… Nola funtzionatzen duen eta nola ez…
Aintzane Gamiz: Hori da. Eta ohitu behar zara (duzu) zure ahotsa entzuten, zeren askotan, ez dakit zuei pasa zaizuen, baina zure ahotsa entzun eta: “Ai ama, baina hau nire ahotsa da?”. Askotan pasatzen da, ezta? Ohitu behar zara (duzu) zure ahotsa entzutera (entzuten), eta, zertarako? Ba, gero horren gainean zuk zuzenketak eta modulazioak egiteko. Ikasteko ahotsa kolokatzen (kokatzen), bai? Erregistro desberdinak ikasteko:
Aintzane Crujeiras: Hori esan behar nizun, gaur egun ere ikasten ari gara.

2. Interpretazio eta erregistro desberdinak funtsezko...
Aintzane Crujeiras: Nire iritzia da, oso garrantzitsua dela interpretazioa, interpretatzen jakitea. Zeren, egia da, marrazkiak direnean, jolasteko aukera gehiago daukazula; baina fikzio bat bikoizten ari zarenean, aktore bat dago bertan, zuzendari bat dago atzean, zerbaitegatik lortu nahi izan du aktoreak eman duena momentu horretan. Orduan, nahiko leala (leiala) izan behar zara (duzu) aktoreak eta zuzendariak ematen dizunarekin momentu horretan…
Aintzane Gamiz: Aintzanek esaten zuen moduan, interpretazioari garrantzia handia ematen diola, niretzako hori oso inportantea da, eta, horretaz aparte, hainbat erregistro izatea. Zeren askotan, badaude aktore batzuk, nik uste, erregistro bakarra daukatenak, ez? Eta erregistro bakar hori, asko menderatzen dute eta oso ondo egiten dute. Baina niretzako oso inportantea da pertsonaia desberdinak egiteko gaitasuna izatea. Horrek, gainera, aukera gehiago ematen dizkizu lan egiteko, ezta?

3. Lanbidea urteekin asko aldatu da?
Aintzane Gamiz: 80. Hamarkadan (80ko hamarkadan) ez zen pistetan lan egiten. Orain aukera dago, zu joaten zara zure pertsonajea (pertsonaia) egitera, eta, atrilean zu bakarrik zaude, zeren zure pista bakarrik grabatzen dute. Gero nahasketetan egiten dutena da moldatu, egokitu eta kolore berdina eman, ez?
Baina orain dela 50 urte hori ez zegoen, eta duela 40 urte ere ez. Orduan zer egiten zen? Venga, denak tropelean mikro aurrean eta tokatzen zenean, zu jartzen zinen, gero bestea jartzen zen eta orduan, eszena batean zeuden pertsonaia guztiak, denek batera lan egiten zuten.
Aintzane Crujeiras: Zer esan nahi du? Bera konfunditzen (nahasten) bada, edo ni konfunditzen (nahasten) banaiz, edo ondokoa konfunditzen (nahasten) bada, dena berriro errepikatu behar duzu, zeren pistan zoaz!
Aintzane Gamiz: Take guztia errepikatu behar da.
Aintzane Crujeiras: Orduan dena errepikatu behar da.
Aintzane Gamiz: Horrek esan nahi du, garai bateko bikoiztaileak (bikoiztaileek), oraindik ere gaitasun gehiago (handiagoa) zutela bikoizteko.
 
Giroak*: Eszena batean hondoan entzuten den soinua, elkarrizketa nagusiaren atzetik entzuten dena. Taberna batean, adibidez, ondoko mahaikoen elkarrizketa.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Jun 27, 2019
Number: 45321641
Dialect:
  • Batua
Duration: 00:04:02
Number of visits: 272