Aldizkari Digitala

Ezkon aurreko agurrak, aspaldiko ohitura

Ezkondu aurretik lagun edo senideekin agur-festa egitea nahikoa zabalduta dago gure artean. Ez da ohitura berria, gainera. Festa horien jatorria eta bilakaera aztertu ditugu.

Gure alboan festa-giroan dabilen kuadrilla bat ikusi eta haien artean bat mozorrotuta badago, askori ideia bera datorkigu burura: desberdin jantzitakoa laster ezkonduko dela. Izan ere, ezkon aurreko agurrak egitea gure artean zabalduta dagoen ohitura da. Lagunek eta senitartekoek antolatzen diote festa, eta egun bakarreko, biko edo hiruko planak izaten dira, helburu jakin batekin: ongi pasatzea.

Logroñon, horrelako festak debekatu egingo zituztela esan zuten, iskanbilak sortzen zirelako.

Ohitura horrek gure garaikoa edo modernoa badirudi ere, historiari erreparatzen badiogu antzinako gizarteetan ere antzerakoak bazirela ikusiko dugu.

Jatorria Mesopotamian
Antzinako Mesopotamian sortu omen ziren ezkon aurreko agurrak. Garai hartan, bikoteen ezkontzen aurretik, ugalkortasunaren jainkosa gurtzeko festa handi bat antolatzen zuten udaberrian. 12 eguneko iraupena zuen jaia emakumeentzat bakarrik izaten zen, eta urte horretan ezkonduko ziren emaztegaiek hartzen zuten parte, baita haien familiakoek edo haurdun geratzeko adinean zeudenek ere.

Espartan, berriz, gizonezkoentzat soilik antolatzen omen ziren Kristo aurretik V. mendean. Hango soldaduek emakume bat kontratatzen zuten senargaia seduzitzeko, eta, kasu horretan, helburua senargaia fidela izango zela egiaztatzea zen.

Hala ere, Erdi Aroko Alemanian bada agur-festa horien aitzindari den istorio bat: nekazari behartsu bat neska burges batekin maitemindu omen zen. Ezkutuan maite zuten elkar, baserritarrak ezin baitzuen burgesaren aitari ordaindu beharreko dotea pagatu. Bikotearen lagunek, beren arteko maitasuna ikusirik, festa handi bat antolatu zietela esaten dute. Jai hartan, bizimodu berri bat hasteko behar zutena eman zieten ezkongabeei: etxeko altzariak, doterako dirua… Ordutik aurrera, batez ere emakumezkoentzat antolatzen ziren despedidak, eta etorkizunean beharko zituzten gauzak oparitzen zizkieten. 

 

Engraxi Zugasti duela 50 urte baino gehiago ezkondu zen.
 

Ospakizuna bai baina mozorrorik ez
Erdi Aroko istorio horrek badu garai bateko ezkontzarako arreoaren nolabaiteko antza. Hala kontatu digu  Engraxi Zugastik (Anoeta, 1938). Andoaingo Nicanor Mendizabalekin ezkondu zen Zugasti Amasako elizan 1961. urtean. Garai hartan, neskame zen Tolosako familia batean eta handik bere nagusiek eraman zuten elizara zuzenean: “Ez ginen asko izan, nire senar zenaren ama hil berria zen eta bere osaba-izebak ez ziren etorri”. Engraxik berak gau-mahaiak, platerak, ohea eta beste hainbat gauzaz osatutako arreoa eraman zuen senarrarekin biziko zen etxera. “Neskame-soldatarekin aurreztutako diruarekin erosi nituen, izan ere, Nicanor bizi zen baserrira ezkondu nintzen… Nire amandreak ere maindireak oparitu zizkigun, eta senideek zilarrezko mahai-tresnak eta alfonbra”. Etxe berri batera joaten zirenean, arreoa senar-emazteen eta gonbidatuen artean osatzen zutela kontatu digu.

Ezkondu aurretik, lagunen edo senideen agurrik egin zioten galdetu diogunean, “niri ez, baina Nicanor lagunekin joan zen bazkaltzera eta egun-pasa”. Engraxiren kasuan horrela izan bazen ere, emakumeak ere joaten omen ziren lagunekin bazkaltzera edo afaltzera. Normalean gizonezkoek alde batetik eta emakumezkoek bestetik ospatzen zuten, “hori ez da asko aldatu”.

Paintball, tuppersex, sokamuturra, jokoak, bainuetxe batean erlaxatzea… Hainbat ekintza egiten dira.

Orduan ez zen inor mozorrotzen, lagunekin eguna igarotzen zen edo otordu bat egin. Gaur egungo ohitura horiek berarentzat arrotzak direla esan digu, ez dituela guztiz ulertzen “moda berriak”.

Egungo ohiturak
60ko hamarkadan Engraxi Zugastiri egin ez zioten bezala, gaur egun, paintball, tuppersex, sokamuturra, jokoak, upategi bat ezagutzea, bainuetxe batean erlaxatzea… Amaierarik gabeko zerrenda osatuko genuke ezkon aurreko agurretan egin daitezkeen planak zerrendatu beharko bagenitu.

Boat Trip San Sebastian enpresa aipatu ditugun moduko agurrak prestatzen aritzen da. Beraien berezitasuna: itsasontzi-zerbitzua dela, hau da, itsasontzian egiten dituztela despedidak. Negozioa duela bost urte jarri zuten martxan, eta, ordutik, talde askok kontratatzen dituzte itsasontziko zerbitzuak. “Ezkondu behar duena askotan olagarroz edo arrainez janzten dute, itsasontziarekin lotura duelako”, azaldu digu Iker Goikoetxeak, Boat Trip San Sebastianeko kudeatzaileak. “Ezkondu behar duenaren kideak ere askotan kamiseta bera jantzita etortzen dira”.

Ikerrek esan digu urrutitik ere jende asko etortzen dela beraiek eskaintzen dutenaz gozatzera.

Logroñon, horrelako festak debekatu egingo zituztela esan zuten, jende asko joaten zelako eta festa horiek hiriko lasaitasuna oztopatzen zutelako. Goikoetxearen ustez, Donostian ez da horretarako beharrik: “Kalean ez dago horrelako iskanbilarik eta guk ere ez dugu eztabaida larririk izan gure itsasontzietan antolatutako jaietan”.

Eta zuri zer iruditzen zaizu? Beharrekoa da ezkon aurreko agurrak debekatzea? Zuri egin dizute horrelakorik edo zeuk parte hartu duzu adiskide edo senitartekoren bati egindako festaren batean?

Transcription:[+] Transcription:[-]

1. Zer eskaintzen duzue? Zer egin daiteke zuen itsasontzietan?
Eskaini, denetatik (denetik) eskaintzen dugu, azkenean ez daukagu tour (bira) itxirik, baizik eta bezeroak egin nahi dituen gauzen arabera, bada, guk tour (bira) mota bat egiten dugu: bada, aizue, bisitatu nahi badute zerbait, zerbait bisitatzen dugu; arrantza egin nahi badute, arrantza; kirola egin nahi badute, kirolak… Ezkontza-agurrekin berdin: batzuk etortzen dira eta esaten dute, “ez, ba, guk nahi dugu bueltaxka (bueltatxo) bat eman, leku batzuetan bainatu, trago batzuk edan, eta bueno, lasai egon”. Beste batzuk esaten dizute “ez, ba, joe, ba, buelta bat eman, baina gero nahi dugu saltxitxa edo donuts horrekin ibili, edo wakeboard egin, edo bueno, gauza, gauza desberdinak… Jendea ibiltzen da ba horixe, dantzan, musikarekin a tope (denak emanda), dantzan txalupan… Gero ere pixka bat pozten joaten dira edaten doan (joan) ahala… Horixe ba, bainatzen eta saltxitxarekin ere, hiru dabiltza saltxitxan bueltaka, golpeak (kolpeak) ematen eta txalupan dauden beste lagun guztiak barrezka dabiltza, ezta? Bere lagunetaz (lagunengatik), eta txandaka ibiltzen dira, eta bueno, hortxe ibiltzen dira, gustura.
 
2. Nolako taldeak etortzen dira eta zer egiten dute?
Izaten dira grupo (talde) mistoak, baina gutxienekoak izaten dira, bale? Baina normalean izaten dira, edo neskak, edo mutilak. Horrelaxe izaten dira. Bueno ba denak, gustatzen zaiena denei asko da kantatzea. Ez du ematen, baina denek kantatzen bukatzen dute, garrasika, denak kantatzen eta dantzan. Hori izaten da tipikoena: azkenean, beraiek musika ekartzen dute: hau jarri, bestea jarri, eta azkenean denek kantatzen bukatzen dute. Eta bueno, kantatzen, edaten, bainatzen, barrezka, dantzatzen… Denetan, denetan. Bananarekin ez dira egoten, eskursioa (txangoa) baldin badira 4 ordu, azkenean, bananarekin edo ordu erdi egoten dira, barre batzuk eta gero, azkenean, igual Pasaia aldera joaten gara, Pasaia ikusteko; batzuetan, delfinak (izurdeak) ikusten ditugu, delfinak (izurdeak) ikusten egoten gara… Depende, depende zer giro dagoen (dagoen giroaren baitan). Gero, eguraldi txarra baldin badago, haizea edo itsasoa zakarrago, azkenean, badia barruan aktibitate (jarduera) gehiago egiten ditugu, azkenean depende ere bai zer giro dagoen, ezta? (azkenean, dagoen giroaren baitan, ezta?) Egunaren arabera, aldatu dezakegu plana, edo aizu, eskaini gauza bat hobe bestea baino…
 
3. Nongo jendea etortzen da?
Leku guztietako jendea(k) etortzen dira (da): bai estatubatuarrak, txinatarrak, nafarrak asko ere bai, Gipuzkoakoak ere bai baino… Nafarrak gehienbat, ez dakit itsasoa gertu ez daukatelako; bueno, despedidetarako puntu on bat da itsasora joatea eta horrelako aktibitateren bat egitea… Baina nafar asko etortzen dira… Eta gero, mundu osotik, mundu osotik: bai, Kanada… Leku, leku guztietatik.
Kuriosoena iruditu zitzaidan, lehengo urteko despedida batean: zegoen despedida bat, eta zeuden bi Ingalaterrako, hiru amerikano, bi Kanada (kanadar), txina(tar) bat, bestea ez dakit non (nongoa)… Joe, eta hau, zer? Ez dakit, unibertsitate batean ezagutu zirela, ikasi zutela, Estatu Batuetan ikasi zutela denek eta zeuden (zegoen) mundu osoko jendea despedida batean. Ikusten duzu eta esaten duzu que pasada (ikaragarria) . Baina azkenean leku guztietakoak etortzen dira. Bai eta frantsesak ere, frantsesak ere.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Jun 19, 2019
Number: 45024666
Dialect:
  • Batua
Duration: 00:03:50
Number of visits: 343