Aldizkari Digitala

Euskal arrantzaleen etorkizuna kolokan

Euskal Herriko portuetan garai batean baino mugimendu gutxiago dago gaur egun. Arrantzaleen lanbideak izan duen bilakaera, eta batez ere etorkizuna, kezka iturri dira sektorean lan egiten dutenenetzat.

Euskaldunak fama handiko arrantzaleak izan dira betidanik. Erdi Aroko lehen agirietan, jada, balea arrantzatzeari buruz hitz egiten dute. Gipuzkoa, Bizkaia eta Lapurdiko itsasertzeko herrietan arrantzaz bizi ziren: arrantzaleak, saregileak, arrain-saltzaileak… Bazen mugimendua eta zarata Euskal Herriko portuetan. Pixkanaka indarra galtzen joan den lanbidea da, eta haren etorkizuna kezkaz bizi dute sektorean ari direnek, ogibide gogorra denez inork ez baitu arrantzale izan nahi.

Kezka horri buruz hitz egiteko Hondarribiko portura hurbildu gara, Gipuzkoako arrantzaleen kairik garrantzitsuenera. Han, Norberto Emezabalekin, Hondarribiko Arrantzaleen Kofradiako lehendakariarekin, mintzatzeko aukera izan dugu. Berak esan digunez, 80ko hamarkadan 970 arrantzale ziren lekuan 295 dira orain. “Itsasontziak ere 95 ziren eta 29 ditugu gaur egun”, azaldu digu. Itsasoko lehengo eta oraingo kontuei buruz jardun dugu 51 urteko hondarribiarrarekin.

Norberto Emezabal Hondarribiko Arrantzaleen Kofradiako lehendakaria da.

Eskorbutoa
Norberto Emezabalek esan digunez, balea euskal itsasertzean arrantzatzen zuten hasieran: “Ez ziren oso bale handiak eta olioa egiteko erabiltzen ziren. Gure itsasertzean balea gutxitu zenean hasi ziren Euskal Herriko arrantzaleak bidaia luzeak egiten, XVI. mendean”. 

Ternuara (Kanada) egindako bidaiak ezagunak dira, baita euskal arrantzaleek kanadar autoktonoekin izandako harreman komertzialak ere. Kofradiako lehendakariak esan digu sagardoa izan zela gakoa euskaldunak hain urrutira heltzeko: “Garai hartan eskorbuto gaitzak jota hiltzen ziren marinel asko, baina euskal marinelen artean eskorbutoa ez zegoen besteen artean bezain zabaldua. Gaixotasun hori C bitaminaren gabeziagatik sortzen zen, eta euskaldunek sagardo upelak eramaten zituztenez beren bidaia luzeetan, ez ziren gaixotzen, sagardoak C bitamina duelako. Beste toki askotako marinelek, berriz, ura eramaten zuten eta usteldu egiten zitzaien”.

Orain 295 arrantzale aritzen dira Hondarribiko portuan.

Aldaketak
Baleez gain, historian zehar, legatza, txibiak, sardinak, hegaluzea eta itsasoko beste hainbat espezie arrantzatu dituzte euskaldunek, eta, erremintak edo itsasontziak eraberritu badira ere, arrantzatzen duten arrain-mota lehengo bera da gaur egun. Baina sektoreak ez du lehen zeukan indarra Euskal Herriko ekonomian, XXI. mendean galera handiak izan baititu: “Arrantzatzen dugun arraina izan ezik, gainerako gauza guztiak asko aldatu dira. Lehen, itsasora lehiatzera irteten ginen, ahalik eta gehien arrantzatzera; orain, berriz, guztia kuota bidez neurtzen dugu, kopuru jakin bat arrantzatu dezakegu. Europar Batasunak agintzen duena egiten dugu eta, kuota jaitsi digutenez, arrainaren prezioan dago koska”. Arrainaren prezioek ez dute proportzioan gora egin eta horrek ez dio sektoreari mesederik egiten. Hala ere, arrantzale eta itsasontzi-kopurua txikitu badira ere, arrain asko arrantzatzen jarraitzen dute, kopuru horrek ez du hainbesteko beherakada izan. 

Nolanahi ere, aipatutako aldaketa horiek guztiak baino, beste kontu bat da sektorean ari direnen kezka-iturri: lanbidearen etorkizuna, hain zuzen. Izan ere, lanbide gogorra da arrantzalearena eta horregatik da hain zaila gazteak erakartzea: “Udaberrian asteburua lehorrean igarotzen dugu, baina uda osoan ez gara etxera itzultzen. Gazte batek gauez atera nahi du, udaz gozatu eta parranda egin. Udan egunero izaten da astelehena gure itsasontzietan”.

Lanbide gogorra da arrantzalearena eta horregatik da hain zaila gazteak erakartzea.

Duela hamabost urte, egoera orain baino okerragoa zela esan digu Emezabalek, une honetan osasuntsuago dagoela lanbidea. Arrantzaleei buruz soilik ez, saregileei buruz ere hitz egin dugu berarekin: “Sareak konpontzen 16 lagunek egiten dute lan Hondarribian”. Duela hiru urte, ikastaro bat egin zuten eta lau langile berri kontratatu zituzten: “Hemendik lauzpabost urtera arazoak izango ditugu ez dugulako sareak egin edo konpontzeko langilerik izango. Gazteek ez dute horretan lanik egin nahi, eta makinarekin eginda, ez da guk nahi bezala geratzen… Oso garrantzitsua da saregileen lana eta horrek ere kezkatzen gaitu”.

Kofradia

Arrantzaleez edo saregileez gain, arrantza-portuen inguruan enpresa eta lanbide gehiago ere sortzen dira, eta horiek kudeatzeko helburuarekin sortu zen, besteak beste, Hondarribiko kofradia 1365ean: “29 enpresa gara eta kofradiak hainbat langile ditu. Zertarako? Arraina saltzeko, kaxak eramateko edo ekartzeko, garbitzeko, erosleei saltzeko… Arrantzaleok hori mantentzeko, irabazien zati bat kofradiari ematen diogu”.
Kofradia bakoitzak bere ohiturei eusten die. “San Pedro eta Santiago egunak ospatzen ditugu, baita herriko festak ere. Udan horretarako itzultzen gara itsasotik lehorrera”.
Lanbide zaharrak indarra du oraindik ere, baina ez dakigu noiz arte. Eta zu, zerk harritu zaitu gehien? Zer etorkizun izango duela uste duzu?

Transcription:[+] Transcription:[-]

Ni Norberto Emezabal naiz; Hondarribikoa naiz; beti arrantzalea izan naiz; hasi nintzenean, 83an arrantzan; baina lehenagotik, bi urte lehenagotik, urte bat aitonarekin egin nuen txibitan eta beste urte bat osabarekin legatzetan… Eta presidentea (lehendakaria) naiz kofradiakoa 2003. urteaz geroztik. Aurten 16 urte egin ditut. 51 urte dauzkat eta nire barkuaren izena da Tukutuku.

1. Zergatik izan dira euskaldunak arrantzale onak historian zehar?
Nik uste dut gehienbat zer edaten zuten. Hori, zer gertatu zen? Jendea joaten zenean, hor barrena, zera, beste mundu baten bila eta arrantzara, jende asko hil zen, hiltzen zen ura usteltzen zelako eta euskaldunak sagardoa eramaten zuten eta ailegatzen ziren besteak ez ziren ailegatzen tokira (ailegatzen ez ziren tokira).

2. Zein izan dira euskal itsasertzeko porturik garrantzitsuenak?
Garai hartan, nik uste dut puerto (portu) denak inportanteak (garrantzitsuak) zirela. Hemen izan(du) garela 83an, 80ko buelta hori, 970 arrantzale, eta, orain, gara 295. Eta por ejemplo (adibidez) Bermeo, Bermeo; Orio ere zera handia zen; Donostia, bueno Donostia, bueno ba bazuen barkua; bai, gero bestea Lekeitio izan da puerto (portu) handia; Ondarru (Ondarroa)… Nik uste dut puerto (portu) guztiak inportanteak zirela. Ez zen, kostako arrantzaren tokian, ez zegoen besterik, ez zegoen turismorik orain dagoen bezala. Orduan arrantza zen dena.

3. Zein da arrantzaren errealitatea gaur egun?
Bai, orain damazkigu (daramatzagu) bi-hiru urte onak, eta jendea ere bertan gelditzen da. Baina orain dela 15 bat urte, nahiko lan geneukan jendea bilatzeko… Hemen izango dira atzerritarrak pues (ba) 60 bat lagun arrantzan, eta hemen puerto (portu) guztietan. Azken finean, arrantzarekin gertatu da ostalaritzan bezala. Ostalaritzan ez du inork nahi lan egin (ez du inork lan egin nahi) eta arrantzara ez zuen inork etorri nahi.

Gaur egun, gaizki dago. Gaur egunean jendeak paroa (langabezia) zuena bi-hiru urte, paroa (langabezia) jada amaitu zaio eta orain asko etorri dira berriz lehengo tokira lan egitera.

4. Belaunaldi berriek zergatik ez dute arrantzale izan nahi?
Jende gaztea oso gutxi dago: hemen ikusten da por ejemplo (adibidez), arrantzaleen semeak eta udan etortzen dira, uda bat, bigarren udan ez dira agertzen… Ez dute nahi itsasora joan (ez dute itsasora joan nahi). Gogorra da eta gazte batentzat… Niretzat gogorra da porque (zeren) gazte batek, baina zuk pentsa ezazu udan, uda guztian kanpoan, eta hori gogorra egiten zaio 18 urteko, 19 urteko mutil bati, bere lagunak denak juergan (parrandan) eta bera han egotea, porque (zeren) han ez dago ez iganderik, ez larunbatik, egunero-egunero astelehena da. Eta nahiko gogorra da, gogorra da.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Jun 13, 2019
Number: 44743460
Dialect:
  • Batua
  • Nafarrera
Duration: 00:03:33
Number of visits: 420