Aldizkari Digitala

Margaret Bourke-White: fotokazetaritzan aitzindari

Margaret Bourke-White argazkilari estatubatuarra aitzindari izan zen fotokazetaritzan. Bere lana asko gustatzen zitzaionez, munduan zehar bidaiatu zuen. II. Mundu Gerran berriemaile aritu zen, eta argazkiak egin zituen nazien kontzentrazio-eremuetan. Errusian ere aritu zen lanean, alemaniar okupazioaren sasoian. Bera izan zen Gandhirekin egon zen azken kazetaria; handik gutxira hil zuten bakezale indiarra.

Margaret Bourke-White gerrako berriemaile lanetan ere aritu zen.

Margaret White 1904ko ekainaren 14an jaio zen, New York hirian, Bronxen. Baina lanean hasi zenean amaren abizena hartu zuen, Bourke, eta halaxe gogoratzen du jendeak: Margaret Bourke-White.  Emakume argia zen, eta gaztetan sei unibertsitatetan izan zen ikasle. Baina guztiz asetzen zuen gairik aurkitzen ez zuenez, argazkilaritzara hurbiltzen hasi zen, hasieran hobby modura. Aitarengandik zetorkion zaletasun hori hobetu egin zuen, hala ere, ikasgai izan baitzuen gerora Columbia unibertsitatean. Lizentziatu ostean, argazkien bidez eraikinak betikotzen hasi zen, amak oparitutako argazki-kamera batekin. Bere negozioa abian jarri eta espezializatzen hasi zen: objektuak erretratatzen zituen, industriako materialak, lantegiak, eraikinak…


Life aldizkariko azaleko argazkia


Henry Luce enpresa-gizon aberats eta editoreak Life aldizkariko ikuspegi editorialaren norabidea aldatu nahi izan zuenean, lana eskaini zion gero eta ospetsuago zen Margaret Bourke-White argazkilariari. Lifen garai berriko lehen alea 1936ko azaroaren 23an jarri zuten salgai, eta azalean Margaretek egindako argazki bat zetorren. Aldizkariak berehala lortu zuen arrakasta, eta halaxe jaio zen fotokazetaritzarako langile profesional bat,  hurrengo bi hamarkadetan aldizkarirako lan egingo zuena.

Lankideek Maggie, hautsezina esaten zioten, erronka askori aurre egin eta gauzak lortzen bera izan baitzen lehen emakumea. Adibidez, argazkien flasharekin esperimentatzen aurrenetakoa izan zen. Beraz, esan beharrik ez dago adituek garai hartako teknikaririk onenetakotzat jotzen zutela.

 

Aurrerabideek eta teknologiak liluratu egiten zuten argazkilaria. Eta grina horrek eraginda, arkitekto eta ingeniariekin batera egiten zuen lan eraikin berriak eta azken industria-berrikuntzak argazkietan islatzen. Industrializazioari buruz zuen ikuspegiari esker, bere lana ondo txertatzen jakin zuen bai kapitalismoan, bai komunismoan. Bitxia da, baina kapitalismoaren guruek oso maitea zuten, eta era berean, Sobiet Batasuneko industria-makinak argazki bihurtzeko baimena lortu zuen, 30eko hamarkada-hasieran: berak lortu zuen baimen hori beste inoren aurretik. Halaber, 1941ean alemaniarrak Errusia inbaditzen hasi zirenean, Maggie zen eremu inbadituan zegoen atzerriko kazetari bakarra.

Margaret Bourke-White Chrysler eraikineko teilatuan argazkiak ateratzeko prestaketa-lanak egiten.

Gerra-kazetari

II. Mundu Gerran gerra-kazetari izateko akreditazioa lortu zuen -horretan lehen emakume argazkilari estatubatuarra-. Estatu Batuetako armadarekin Europako borroka-guneetara joateko baimena lortzen ere lehendabizikoa izan zen. Aurrenekoa Buchemand kontzentrazio-eremuko izugarrikeriak argazkietara ekartzen, amerikarrak eremura garaile iritsi zirenean. Eta aurrenekoa ez, baizik eta Gandhirekin egon zen azken argazkilaria izan zen. Bitxia izan zen guztia: Gandhi aurrez aurre zeukan, baina soilik hiru argazki ateratzeko baimena zuen. Flasha gaizki sinkronizatu, eta aurreneko biak kale, ez ziren atera. Hirugarrena, aldiz, bai, eta historiako sinbolo bilakatu da irudia. Handik gutxira hil zuten Gandhi.

Bourke-Whitek Gandhiri egin zion argazkia historiko bihurtu da, ordu gutxira hil baitzuten bakezale indiarra.

Seguru asko, ez Gandhirena bezainbeste, baina Margaret Bourke-Whiten bizitza ere oso adoretsua izan zen. Bizitza osoan egin zuen lan Life aldizkarirako, munduan zehar bidaiatu zuen. Fotokazetaritzari egindako ekarpena begi-bistakoa da, bere grina lanbide bihurtu zuen emakume batena. Ezerk ez zuen geldiarazten emakume bidaiari eta fotokazetari nekaezin hau. Hori ematen zuen, baina 1956an, Parkinson-en gaixotasunaren lehen arrastoekin batera, itzaltzen hasi ziren poliki-poliki kazetari grafikoaren lan-ibilbidea eta bizitza. 1971eko abuztuaren 27an itxi zituen betiko begiak.


 

 
 

Comments
Login for comment

B1
Jun 3, 2019
Number: 44367856
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 211