Aldizkari Digitala

Arantxa Lazkano, giltzurrun transplantatua

Giltzurruneko transplantea egin zioten Arantxa Lazkano zarauztarrari 90eko hamarkadan. Euskal Herrian organo-emaile izateko kontzientzia badagoela iritzi dio, "aukera gehiago ditugu organoa jasotzeko, emateko baino".

2.500 pertsonari baino gehiagori egin diote transplantea Euskal Autonomia Erkidegoan azken hamarkadan eta giltzurrun-transplantea da gehien egiten den ebakuntza. Gaiaren berri izateko, Arantxa Lazkano zarauztarrarekin geratu gara. Berak 62 urte ditu eta duela 28 urte giltzurrun-transplantea egin ziotenetik oso ongi dagoela kontatu digu. 25 urterekin gaixotu zen, eta, hamar urtez atzera eta aurrera ibili ostean, dialisian hasi behar izan zuen. Astean bitan joaten zen eta saioak gaueko hamarretan izaten zituen: “Taxia Zarautzera etortzen zen nire bila eta Donostiako ospitalera eramaten ninduen”. Gauez dialisia, eta egunez Orioko bulego batean egiten zuen lan. Horrela ibili zen bi urte eta hilabetez, giltzurrun-transplantea egin zioten arte. Hori guztia kontatu digu Alcer Gipuzkoako Giltzurrun Gaixoen Elkarteak Donostian duen egoitzan.

Arantxa Lazkano Alcer elkarteko atarian.

1. Zein da dialisiaren funtzioa eta nolakoak ziren zure saioak?
Nik uste nuen oso gogorra izango zela eta ez nuen joan nahi. Hala ere, ez zen hainbesterako izan. Gainera, nik zortea izan nuen: gehienak astean hirutan joaten ziren eta ni astean bitan. Zergatik? Dialisiaren bidez odola garbitzen digute eta gorputzeko likidoak kendu. Nik likido-erretentziorik ez nuenez, astean bitan soilik joaten nintzen odola garbitzera, eta saio bakoitzak hiru ordu eta erdiko iraupena izaten zuen.

2. Nola sentitzen zinen?
Minik ez neukan, izan ere, kolikorik ez bada, ez dago minik. Nekatuta nengoen beti eta hotza sentitzen nuen barruan, ezin nintzen berotu arropa asko jantzita ere. Horixe dut gogoan. Egia da lotura handia zela astean bitan makinari konektatuta egotea, baina guztiok bizi gara ordulariaren menpe eta hori ez zitzaidan hain gogorra egin.


Kanpainak egiten dituztenean, organo-emaile izan direnen familiak ezagutu izan dituzte askotan.

3. Eta transplantea egingo zizutela jakinarazi zizutenean, zer sentitu zenuen?
Dialisian hasi eta hiru hilabetera, medikuak Gurutzetako Ospitalera (Barakaldora) joateko esan zidan. Han probak egin eta itxarote-zerrendan jarri ninduten. Kontua da giltzurrunen kasuan, transplante bakoitzeko bi gaixo joaten direla eta bateragarriena denari jartzen diotela.

Bi urte eta hilabetez joan nintzen dialisira, ebakuntza egin zidaten arte. Gogoan dut Donostian dialisitik atera eta Gurutzetara joan ginela, beste bi lagun eta hirurok. Bi giltzurrun transplante egin behar zituzten, gutako birentzat. Zortea izan nuen eta hurrengo goizean bat niretzat izan zen! Zoriontsu nintzen! Zer poza!

4. Zuk ez dakizu noren giltzurruna jarri zizuten, nor izan zen emailea…
Organo-emaileak lortzeko kanpaina egiten dugunean, kalean informazio-mahaia jartzen dugu. Behin baina gehiagotan organo-emaile baten familiakoak hurbildu izan dira bertara, eta askotan besarkatu izan ditut beraietako batek giltzurruna niri eman izan balit bezala. Guk ez dakigu berak nori eman dion eta nik ere ez dakit niri nork eman didan, baina lotura bat sentitzen dugu geure artean, polita da.

Alcer elkartekoek Porrotxen laguntza izan zuten argazkian ageri den kanpainan.

5. Zertan lagundu dizu Alcer Gipuzkoako Giltzurrun Gaixoen Elkarteak?
Gaixotu nintzenean, pentsatzen nuen nire lehengusua eta ni ginela gaixo bakarrak. Niretzat Alcer oso garrantzitsua izan da: batetik, laguntza profesionala eskaintzen dutelako, psikologoa eta gizarte laguntzailea, besteak beste; eta bestetik, gaixook elkarrekin hitz egiten dugulako, badakigu besteek ulertzen digutela. Familian babes handia izan dut, baina azaldu egin behar izan nien zer gertatzen ari zitzaidan; Alcerreko kideek, aldiz, bazekiten.

Horrez gain, elkarteko kideok emaileak lortzeko kanpainak egiten ditugu, ikastetxeetan eta beste hainbat lekutan hitzaldiak ematen ditugu, komunikabideetan agertzen gara…

6. Nahiko organo-emaile daude? Euskal gizartea kontzientziatuta dago?
Pertsona bat hiltzen denean organo-emailea bada, gorputzeko organo guztiak ematen dira; hortaz, transplante asko egiten dira. Giltzurrunen kasuan, gainera, bi dira, eta bakarrarekin bizi gaitezkeenez gero, beste organo askoren kasuan baino transplante gehiago egiten dira. Nahikoa? Ez dakit sekula nahikoa izango den. Hala ere, Euskal Herrian jendea oso mentalizatuta dago eta jende askok du organo-emailearen txartela.

Txartela izan arren, pertsona bat hiltzen denean, familiak du azken hitza, haiek erabakiko dute hildakoaren organoak eman ala ez. Horregatik, kanpainan gaudenean eta norbaiti txartela egiten diogunean, beti gauza bera errepikatzen diogu: etxean eta lagunartean bere nahia zein den esateko. Izan ere, momentua iristen denean, zaila da senide bat hil zaigula jakin bezain azkar, bere organoekin zer egin erabakitzea.

Kanpainetan, Alcerren webgunean, farmazian, anbulatorioan… Eskaera egin eta organo-emaileen txartela etxera iristen da.

7. Edonork egin dezake organo-emailearen txartela?
Txartela edonork egin dezake, baita adin txikikoek ere, gurasoen sinadurarekin: kanpainetan, Alcerren webgunean, farmazian, anbulatorioan… Eskaera egin eta txartela etxera iritsiko zaigu. Esan dudan moduan, gure ingurukoei adieraztea garrantzitsua da, gure nahia zein den jakiteko.

Dena dela, aukera gehiago ditugu organoa jasotzeko, emateko baino. Izan ere, emaile izateko, hiltzerakoan baldintza batzuk bete behar dira; baina hartzaile izatea errazagoa da... Nork daki zer beharko dugun etorkizunean?
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

Arantxa Lazkano naiz, zarauztarra naiz, orain 62 urte dauzkat eta gaixotu nintzen 25ekin edo horrela. Eta transplantea, aurten egingo ditut 28 urte transplantatuta. Orduan, 25etik gutxi gorabehera 35erako tartean egondu (egon) nintzen gaixorik. Orain ere hala naiz, baina bueno, ni ez naiz kontsideratzen gaixo nagoenik, oso ondo nagoelako.

1. Noiz gaixotu zinen?
Ni gaixotu nintzen udaran (udan), Galiziatik etorri nintzenean, hasi nintzen gaizki sentitzen. Lanera joaten nintzen eta mareatzen (zorabiatzen) nintzen, normalean digestioak,  digestio txarrak bezala. Orduan ez zen analitika (analisi klinikoetan) normaletan ez zen ikusten giltzurrunen funtzioa. Eta orduan niri ez zidaten nabarmentzen giltzurrunak ez zidala ondo funtzionatzen.

Horrela gutxi gorabehera ibili nintzen irailetik hurrengo urteko udaberrira arte edo horrela, batik bat, nekatuta eta gaizki sentituz. Gero jada udaberrian batek esan zidan hemen Donostiako mediku batengana etortzeko. Hark segituan, ikusita bakarrik ere, ikusi zituen analisiak baina esan zidan “ez, hemen falta da… Niretzako zuk daukazu zerbait giltzurrunekoa, esaten didazun sintomagatik”. Gero, nefrologoarengana joan nintzen, egin zizkidaten proba batzuk, esaten zidan bueno oraindikan (oraindik) zerbait funtzionatzen dizu giltzurrunak, baina iritsiko zara dialisira eta abar. Eta bueno, egia esan behar bada 25 urterekin hori esaten dizute eta  mundua goitik behera.

2. Eta dialisira joan behar zenuela entzun zenuenean…
Orduan hasi zen borroka bat: “Ni ez naiz dialisira sartuko eta egin behar dena egingo dugu!” Eta pasa nituen ziren petrikilo, mediku, partikular, ez partikular… Ziren guztiak. Esaten zidaten dena egiten nuen… Horrela, bat zela bestea zela, 8 urte edo… Dialisian hasi nintzen gainera ni suertedun (zortedun) bat izan nintzen: normalean dialisia egiten dute astean hirutan, nik astean bitan egiten nuen.

3. Dialisira noiz arte joan zinen transplantea egin aurretik?
Ni hasi nintzen martxoan, eta bi urte eta hilabete. Handik bi urtera, apirilean, niri aurrenengo aldiz deitu zidaten, lanean ari nintzen eta deitu zidan medikuak, iluntze hartan dialisia egitera joan behar nuen… Eta deitu zidan medikuak eta esan zidan: “Arantxa, gaur etortzen zarenean dialisira, hemendik Bilbora zoaz, giltzurrun bat dago zure tipajeko (klaseko) zera… Hurrengo goizean, bat niretzako zen! Nik argi neukan, ahal baldin bazen, transplante bat behar nuela.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
May 16, 2019
Number: 43433338
Dialect:
  • Batua
Duration: 00:03:27
Number of visits: 582