Aldizkari Digitala

Eolias uharteak: sumendiak itsasoan

Mediterraneoan kokatuta daude Eolias uharte bolkanikoak. Haietako bat da Stromboli, eta bertako sumendiak aldian behin eztanda egiten du oraindik. Turista asko erakartzen dituen ingurua da, baina aldi berean, nolabaiteko lasaitasunari eusten diona.

Eolias uharteek, edo Lipari uharteek nahi izatera, Mediterraneoko lekurik bitxienetako bat osatzen dute. Zazpi uharte bolkaniko hauek Sizilia dute hegoaldean eta Napoli ipar-sortaldean. Paraje politak dituzte eta nahiz eta turista asko izaten dituzten, badute halako bakardade-ukitu bat. 2000. urtean Unescok Gizateriaren Ondare-zerrendan sartu zituen.

Vulkanoren tontorretik begiratuta, Lipari, Salina eta Panarea.

Lipari da uharterik handiena eta jendetsuena: 13.000 biztanle ditu. Beste uharteak Vulkano, Salina, Panarea, Stromboli, Alicudi eta Filicudi dira, baina guzti horietan ehunka lagun baino ez dira bizi. Alicudi eta Filicudi, esate baterako, oso egokiak dira erlaxatu eta giro lasai eta bakarti samarra nahi dutenentzat.
Lipari da, halaber sumendi-itxura ez duen uharte bakarra. Sumendi horiek itsas azpitik gora egin dute, eta gaur egun, adibidez, Vulkanoko Krater Handia neurri batean bizirik dagoela esan daiteke sufre-usaineko ke pila bat jaurtitzen duelako, nahiz eta eztandarik batere ez duen egiten jada. Strombolik, aldiz, egiten du, eta orduan naturak bere erakargarritasun guztia eskaintzen du.

Stromboliko sumendia bizirik
Strombolik erabateko itxura konikoa du. Itsas-azaletik gora 924 metro egiten ditu eta behera 2 kilometro itsas-hondoraino: labazko iceberga dirudi. Urrutira ez du hain bizia ematen, goian ke pixka bat besterik ez bizirik dagoen seinale. Baina tontorrera igotakoan, ikaragarria da hangoa! Ezin da esan justu zenbatero, baina aldiro eta abisatu gabe, leherketek zartako ederra ematen dute, hainbat aldiz orduero. Orduan txingar goriak jaurtitzen ditu, dozenaka metro gora egiten dutenak lurrean zabaldu aurretik.

Stromboliren kraterra, beti bizirik.

Azken leherketa 2007an izan zen. Uhartean bizi direnak ohituta daude. Ez dirudi, hasieran behintzat, leherketa horiek arriskua dutenik beraientzat, laba ateratzen denean sartalderantz joaten delako sumendian behera, inor bizi ez den aldera alegia.
Dena den, hainbat urtez behin beti izaten da leherketa gogorragoren bat jendartera bonba bolkanikoak jaurti ditzakeena. Gogorrena 1930ean izan zen, eta kalteen ondorioz, uhartea ia hustu egin zen: jende asko Australiara joan zen bizitzera. Landatzeko moduko lurrik gehiena ere galdu egin zen labaren erruz.

Bizimodua turismotik batez ere
Gaur egun Strombolik batez ere turismotik ateratzen du bizimodua, arrantzatik gutxixeago. Badakite, orain ez bada geroxeago, sumendia saiatuko dela, haserre, bertakoak kanporatzen.
Neguan 200 lagun inguru bizi dira bertan, batzuk herri nagusian eta beste batzuk Ginostra herrixkan. Bi gune horiek lotzeko ez dago errepiderik: barkuz bakarrik joan daiteke batetik bestera. Izan ere, ez dago uharteari itzuli osoa ematen dion errepiderik; ia ezinezkoa da egitea, sumendiko hormetako batek zuzenean ematen duelako itsasora.

Strombolin ez dago autorik.

Udan turistak iristen dira eta giro handixeagoa egoten da. Baina uharteak berak ez du jende askorako ematen, beraz, ezin turismoa jendetsua izan. Hotelik handienak bi solairu ditu, hortik gorakorik ez dago. Uhartean ez dago autorik eta garraioa motoz, motogurditxoz edo golfeko gurditxoen bidez egiten da. Ibilgailu hauetako asko elektrikoak dira.

Sumendira igotzeko txangoak
Sumendira nola igo araututa dago, igoera apur bat arriskutsua delako. Hogei laguneko taldeak osatu behar dira, talde bakoitzak eskarmentua duen gida bat duela. Ezinbestekoak dira mendiko botak, eta ez badituzu alokatu egiten dizkizute: ez dizute kiroletako zapatilekin joaten utziko. Kaskoa ere derrigorrezkoa da, obretakoa bezalakoa, tontorrean jartzeko. Eta kopetako linterna ere eraman behar da jaitsiera gauez egiten delako, erabateko ilunpean.
Leherketen edertasunaz erabat gozatzeko, arratsalde aldera igotzea komeni da, eta horregatik da gauez jaitsiera. Igoera bera nahiko gogorra da, denbora osoan aldapa gora atsedenik gabe 924 metroko desnibela gainditzeko. Hasieratik sigi-saga joango zara goraino, baina ez da mendizale trebatua izan behar heltzeko. Gorbeara edo Txindokira joan den edonor joan daiteke Strombolira, izerdi-patsetan hori bai. Jaitsiera ez da askoz gozoagoa belaunentzat: 20 minutu eskasean 400 metro jaisten dituzu areazko eta errautsezko aldapan behera.

Sumendiko errautsak belztu ditu Stromboliko hondartzak.

Filmetarako inspirazio-leku
Film klasiko asko egin dira Eolias uharteetan. Vulkanon egin zen Vulcano filma, Anna Magnani protagonista zela; Strombolin egin zen, Ingrid Bergman-ekin, Stromboli, Jainkoaren Lurra. Pelikula hau zela-eta harreman intimoa izan zuten aktore suediarrak eta filmeko zuzendari Roberto Rosellinik; Salinan, berriz, Postaria eta Pablo Neruda filmatu zen. Film hautean guztietan uharteak ere filmeko protagonistak izan ziren.

Salinako iparraldeko paisaia.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
May 14, 2019
Number: 43294254
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 158