Aldizkari Digitala

Paperean argitaratzen diren aldizkariek ba al dute etorkizunik?

Aldizkariak irakurtzeko ohitura aldatu den, eta kontsumitzen duguna paperean edo sarean egiten dugun galdetu dugu. Halaber, paperean egindako argitalpenak eta webgunea uztartzen dituen euskarazko proiektu bat ezagutzeko aukera izan dugu.

Prentsa arrosa irakurtzeko, zientziari edo naturari buruz gehiago jakiteko, barre egiteko, film bati buruzko informazioa eskuratzeko, etxea nola apaindu erabakitzeko… Hainbat helbururekin erosi izan ditugu aldizkariak kioskoan edo etxe alboko liburu-dendan.

Hala ere, paperean argitaratzen dena gero eta gutxiago kontsumitzen dugu, bai aldizkariak, bai egunkariak. Ohikoa bilakatu da ordenagailua, tableta edo mugikorra erabiltzea sarean nabigatuta nahi duguna irakurtzeko, gure jakin-mina asebetetzeko. Baina oraindik badago papera ukitzea estimatzen duenik.

Milioika aldizkariz betetako itsaso erraldoi horretan, baditugu euskarazkoak ere. Hala nola, Argia, Elhuyar, Gaztezulo, Bertsolari, Jakin edo The Balde. Euren zailtasunak, egoera, lan egiteko modua nahiz erronkak zein diren jakiteko, Tolosaldeko Ataria multimedia-hedabidera jo dugu. 2013. urtean, Txolarre irratia, Galtzaundi aldizkaria eta Tolosaldeko Ataria batu zirenean sortu zen proiektua: “Aldizkaria, egunkaria eta irratia biltzen ditu webgune ahaltsu batek”, horixe esan digu Eneritz Maizek, Tolosaldeko Atariko astekariko arduradunak erredakzioan egin diogun elkarrizketan.

Zailtasunak

Euskaraz egiten dute lan Tolosaldeko Atarian. Irratia eta webgunea edukitzeaz gain, 8 orrialdeko egunkari bat argitaratzen dute egunero eta, 32 orrialdeko astekaria ostiralero. “28 herritan banatzen ditugu egunkaria eta astekaria. Herri asko direnez, ez da erraza banaketa antolatzea. Izan ere, arlo ekonomikoa da guretzat zailena”, aitortu digu. Erakunde publikoen, enpresa pribatuen eta norbanakoen harpidetzen bidez osatzen dute aurrekontua; baina urtearen amaierara iristea beti da erronka 14 langilez osatutako lantaldearentzat.
Elkartu zirenetik bost urte igarota, proiektua egonkortzea da euren erronka nagusia: “Emaitzak hobetu nahi ditugu, lan-baldintza egokiak lortu, gure produktuak erakargarriago bihurtu… Hainbat kontu ditugu buruan”.

Ohitura berriak
Tolosako komunikabide horretara joateaz gain, unibertsitatera ere joan gara, ikasleek aldizkariren bat irakurtzen duten galdetzera. Bertan, hiru pertsona elkarrizketatu ditugu eta argi utzi digute ez dutela aldizkaririk irakurtzen: “Ez daukat ohiturarik eta euskarazkoak ez ditut ezagutu ere egiten”.
Ingurumari horretan, euskaraz zer irakurri nahiko luketen galdetu diegu. Hauxe erantzun digu Eukene Galvezek: “Aldizkari zientifiko bat erosiko nuke, psikologiari buruzkoa, adibidez”. Sarah Boylek, berriz, Euskal Herrian emigranteek edo emakumezkoek bizi duten egoera nolakoa den jakin nahiko luke, “nik sare sozialetan irakurtzen ditut albisteak”. Azkenik, Alaia Tolosak “modu objektibo batean herrian zer gertatzen den kontatzea nahiko nuke, historia eta gertakarien arrazoiak azalduz”.

Etorkizuna sarean
Erosketak egiteko, gertaerei buruzko informazioa jasotzeko, harremanak sortzeko, leku batera zuzen iristeko… Guztia sarean topatu dezakegu eta horrek ohitura-aldaketa handia ekarri du azken urteetan: “Argitaratzen duguna irakurtzeko edo entzuteko, jendeak badu interesik; horregatik, webguneko emaitzak onak dira. Arazoa harpidetza berriak lortzea da”. Konponbidea Internet bidezko harpidetza izan daiteke, baina “oraindik gizartean txertatuta ez dagoenez, zaila da”, esan digu Maizek.

Gazteek erabiltzen dute sarea gehien, nahiz eta gizarte osora zabaltzen ari den joera izan: “Une honetan, paperean bakarrik argitaratuta ez luke iraungo. Nire ustez, webguneak eta paperak elkar elikatu behar dute”.
Paperean edo webgunean, irakurtzen al duzu aldizkaririk? Zer aldizkari duzu gustuko? Euskarazkorik ezagutzen duzu? Zein? Zeri buruzko berriak irakurtzen dituzu edo irakurriko zenituzke gustura?

Transcription:[+] Transcription:[-]

1. Irakurtzen duzu aldizkaririk?
Alaia Tolosa: Ez, egia esan bat ere ez. Eta azkena pentsatzen dut izango zela nire herriko aldizkariren bat edo horrela…
Eukene Galvez: Oso aldizkari zalea ez naiz, baina nik uste dut Consumerra… Zeren azkenean hor harrapatzen zaituena Eroskin eta…
Sarah Boyle: Ez naiz oroitzen, ez ditut aldizkari asko irakurtzen.

2. Eta euskaraz, ezagutzen duzu baten bat?
Alaia Tolosa: Argia eta, gero, herri txikitan dauden aldizkariak: Asteasu eta Zizurkil arteko aldizkariak.
Eukene Galvez: Oraintxe ez dut bat ere ezagutzen… Ez daukat, esanez gero, ez nuke bat esango horrela bote prontoan (bat-batean).
Sarah Boyle: Euskaraz? Ez, egunkaria Berria baina ya está (besterik ez)…

3. Zer eskaintzen du Tolosaldeko Atariak?
Eneritz Maiz: Tolosaldeko Atariak Tolosaldeko albisteak biltzen ditu, eskualdeko berri horiek, gertukoak direnak, eta gure zerarik (ezaugarririk) garrantzitsuena euskaraz ematen ditugula da, nolabait medio multimedia edo esaten dugu garela: irratia daukagu, alde batetik; webgunea, bestetik; eta paperezkoan bi eduki nolabait esango genuke: astelehenetik ostegunera zortzi orriko (orrialdeko) egunkari bat argitaratzen dugula eta, ostiraletan, 32 orriko astekari bat.

4. Norengana heltzen zarete?
Eneritz Maiz: Gure nahia eskualdeko herritar guztiengana iristea da eta nik uste medio ezberdinetatik jende ezberdinarengana iristen garela. Gizarteko ohituren aldetik, gazteak uste dut internetez gehiago jasotzen dutela gure albisteen berri, baina, bueno, orokorrean, denengana iristea da helburua edo nahia, behintzat.

5. Jendeak zer informazio jaso nahi du?
Eneritz Maiz: Esango genuke arrakastarik handiena edo aurpegiek edo nolabait eskualdeko herritar horien aurpegiek dutela arrakasta gehiena edo. Baina beno, gu aktualitateko (gaurkotasuneko) albisteak jasotzen saiatzen gara eta, era berean, gai sozialak ere lantzen ditugu, beharrezkoak direlako gai horiek ere mahai gainean jartzea.

6. Aldizkariak paperean soilik argitaratuta biziraungo luke?
Eneritz Maiz: Papera bakarrik edukita zailtasunak izango lituzke. Nik uste dut  bata bestearekin elikatzen garela eta, aurretik aipatu bezala, gizarteko joerak esaten du gaur egun gazteak edo belaunaldi berriak gehienbat sare sozialetatik sartzen direla. Orduan, gazte horiengana iristeko, gaur egun, esango genuke beharrezkoa dugula webgunea eta webguneak beharrezkoa du astekari hori edukitzea eduki horiek nolabait partekatzen direlako.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
May 2, 2019
Number: 42626983
Dialect:
  • Batua
Duration: 00:03:47
Number of visits: 427