Aldizkari Digitala

Mayi Pelot, euskaraz zientzia-fikzioa idazten aitzindari

Euskal literaturan zientzia-fikzioa aipatzean Mayi Pelot-en izena agertzen da. Literatura-genero hori lantzen lehenengotarikoa izan zen. Euskara 23 urterekin ikasita, ipuin-bilduma eta eleberri labur bat, saiakera bat eta olerki ugari argitaratu zituen. 2019an, bere obra osorik berrargitaratu dute liburuki bakarrean.

Mayi Pelot Talencen jaio zen, Bordele ondoan, 1947ko apirilaren 12an. Miarritzen (Lapurdin) egin zituen, ordea, bere bizitzako urterik gehienak, eta han hil zen 2016ko urriaren 6an, 69 urterekin.
Ikasketa klasikoak egin zituen: frantsesa, latina eta greziera. Gramatikako agregazioa pasatu ondoren, Miarritzeko kolegio batean irakasle aritu zen aipatutako hiru hizkuntzak irakasten. Baionako euskal unibertsitatean ere eman zituen ikastaroak. Baina irakasle izateaz gain, idazlea ere bazen: zientzia-fikzioa eta ipuin futuristak ziren bere gogoko literatura-generoak, eta arlo horietan euskaraz idazten aitzindaria izan zen.
Euskara 23 urterekin ikasi zuen, bere hitzetan: “Betidanik  hona, herrira, itzuli nahi nuen eta noski, hemengo mintzaira ikasi”. Aurretik erdaraz idazten zuen, baina euskaraz idaztea zen bere nahia, eta ez zuen uste lortuko zuenik; hala esan zuen, euskarazko bere lehenengo liburua argitaratu ondoren, Argia astekarian egin zioten elkarrizketan: “ez zitzaidan iduritzen euskaraz idazten ahalko nuela”.

Maiatz taldean sorreratik
Ipar Euskal Herriko Maiatz taldean aritu zen hasieratik, eta izen bereko literatur aldizkaria sortzen parte hartu zuen. Euskaraz zientzia-fikzioa eta ipuin futuristak idazten hasi zenean, aldizkari horretan bertan argitaratu zituen horietako asko. Ipuin horiekin osatu zuen bere lehen liburua, Biharko oroitzapenak ipuin-bilduma, 1985ean Maiatz argitaletxeko Uhargi sailean argitaratu zutena. Bi urte beranduago, Teleamarauna eleberri laburra kaleratu zuen argitaletxe eta sail berean. Kontakizunez gain, poesia ere landu zuen eta hainbat olerki argitaratu zituen, horiek ere Maiatz aldizkarian.
Fikziozko ipuinak idazteko arrazoiak aipatuz honela esan zuen Pelotek Argiako elkarrizketan: “Lurra ezagunegia iduritzen zait. Bestetik, geroa nolakoa izango den asmatzea oso interesgarria zait”. Irrati-formatuan ere kudeatu zituen fikziozko saioak Gure Irratiaren lehen urteetan. Isaac Asimoven lanetatik hartutako testuak erabiltzen zituen, eta batez ere, Richard Wagnerren opera ezagun batzuk egokitu zituen antzezteko.


Hinduismoan interesatua
Hiztegigintzan ere aritu zen. Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) bideratutako Nola erran hiztegian, frantsesezko adibideak gainbegiratzen aritu zen.
Musika asko gustatzen zitzaion: klasikoa, opera eta baita herri askotako folk-musika ere, Indiakoa, bereziki. Musikaren bitartez bakarrik ez, beste modu batzuetara ere erakutsi zuen Indiarekiko interesa; esate baterako, yoga egiten zuen egunero, eta hinduismoaren inguruko saiakera bat argitaratu zuen 1992an: Hinduismoa, monoteismo mila aurpegiduna. Hinduismoa ulertzeko azalpenak emateaz gain, hari lotutako arazo eta eztabaidak ere biltzen ditu aipatutako liburuak.


2019ko martxoan omenaldia egin zion Sareina taldeak, Maiatz elkartearen eta Baionako Zizpa gaztetxearen laguntzaz. Omenaldi hori baliatu zuten Peloten obra osoa tomo bakarrean jasotzen duen liburua aurkezteko: Olerki, ipuin eta eleberriak. Maiatz argitaletxeak berrargitaratu du lana. Halaber, omenaldi horren harira, Josune Muñoz ikertzaileak nabarmendu zuen: “Pelotek euskara berria, batua, edozein gaitan erabiltzeko erreparoa gainditu zuen. 70eko eta 80ko hamarkadetan hizkuntzan zein literaturan bide eta molde berriak  zabaldu nahi zituzten idazleen artean dago. Irudimen handiko idazle ausarten artean kokatuko nuke”.
Itxaro Borda idazleak ezagutu zuen Pelot, eta haren “umiltasuna” azpimarratu zuen. “Deigarria egiten zait eta zitzaidan orduan ere, bere fantasiak sortzean, nola euskara asmatzen zuen, eliptikoa, espazioan desagertuko balitz bezala”.
Bizitza diskretua egin zuen Pelotek, ez zuen jendaurrean agertzea gustuko. 2016ko urriaren 6an hil zen Miarritzen, minbiziaren ondorioz.

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Apr 8, 2019
Number: 41516619
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 275