Aldizkari Digitala

Tipi-tapa, tipi-tapa, Eurokorrika

Euskal Herrian Korrika bezala, Europako beste herrialde batzuetan ere hainbat ekimen eta lasterketa egiten dituzte euren hizkuntzaren alde. Eurokorrikak biltzen ditu ekimen horiek.

Korrika ekimenak Euskal Herriko ia txoko guztiak igarotzen ditu, tipi-tapa, tipi-tapa, Korrika. Bi urtean behin, euskararen aldeko oihua herriz herri ibiltzen da hamar egunez, lasterka egiteari utzi gabe. 1980. urtean izan zen lehenengoa eta bi helburu zituen: batetik, euskara bultzatzea; eta, bestetik, ekonomikoa, euskaltegientzat eta ikasleentzat dirua lortzea. Aurten, jada 21. Korrika antolatu dute, jai-giroan karrikak euskaraz betetzeko asmoz, lekukoa eskuz esku pasatzen duten bitartean.

Bretainiarrek 2008an antolatu zuten euren lehen Korrika: Ar Redadeg izenekoa (lasterketa bretoieraz).

 

Korrikatik abiatuta eta tokiko hizkuntza gutxituak bultzatzeko, Europan beste hainbat ekimen sortu dira: Correlingua egitasmoa galizierari bultzada emateko Galizian;  Correllengua katalana indartzeko Katalunian;  Course Lingua okzitanierari laguntzeko Aran Haranean (Katalunian);  La Passem okzitaniera hizkuntza bultzatzeko Biarnon (Frantzian); Ras Yr Laith galesa babesteko Galesen;  An Rith irlandera laguntzeko Irlandan;  Ar Redadeg bretoiera indartzeko Bretainian (Frantzian) eta  Sprochrenner alemanaren alde Alsazian (Frantzian). Guztiek batera hizkuntzen aldeko lasterketen europar sarea osatu dute eta Eurokorrika izena jarri diote.

Proiektuari hasiera emateko, Ar Redadeg bretoieraren aldeko lasterketa aprobetxatu zuten, bere hamargarren urteurrenean. Lasterketa horrek Korrikaren ereduari jarraitzen dio: errelebo-lasterketa da, 2008. urtetik bi urtean behin egiten da eta irabazitako diruaren erdia bretoiera irakasten duten eskoletara bideratzen dute, eta gainerakoa hizkuntzaren aldeko proiektuak sustatzeko erabiltzen dute. 2018ko maiatzean arestian aipatutako egitasmoen arduradunak Kemperren (Bretainian) elkartu ziren, anfitrioiak urteurrena ospatzeko antolatutako mahai-inguruan parte hartzeko. Tartean zeuden Asier Amondo, Korrikako arduraduna, eta Marc Prohom, Correllenguakoa. Guk biekin hitz egiteko aukera izan dugu.

2017ko Correllenguaren hasiera-ekitaldia Tianan (Maresmen) izan zen.

Helburuak
Eurokorrikaren xedea Europako hizkuntza eta kultura gutxituei ikusgarritasuna ematea dela azaldu digu Prohomek: “Bidea hasi besterik ez dugu egin, baina gure asmoa da Europar Batasuneko agintarien aurrean milioika hiztunen eskubideak urratzen direla salatzea”. Hori bakarrik ez, esperientziak trukatzeko tresna ere bada: “Hizkuntza gutxituak bultzatzeko, ekimen arrakastatsuz betetako sarea osatzen dugu”.

Asier Amondok esan digunez, Korrikan oinarritzen badira ere, ereduak desberdinak dira: “Zaharrenak Correlingua eta Correllengua dira, baina hauetan partaideek ez dute lasterka egiten. Izan ere, Korrika kulturalaren antz handiagoa dute eta ekintzak antolatzen dituzte. Galesen edo Irlandan korrika egiten dute, bai, baina gauez ezin dute, legeak debekatzen dielako. Leku bakoitzak bere berezitasunak ditu”.

“Hizkuntza, Kultura eta Askatasuna”

Correllengua egitasmoak jendea, erakundeak eta elkarteak biltzen ditu, katalanaren erabilera sustatzeko. “1993. urtean Mallorcan egin zen lehendabizikoz, Euskal Herriko Korrikan inspiratuta. 1996an, berriz, CALek (Coordinadora d'Associacions per la Llenguak) Andorrako Printzerrra, Ipar Kataluniara eta Franjara eraman zuen beste entitate batzuen laguntzarekin. Azkenik, ACPV Valentziako Kultur Ekintza elkarteak Valentzian zehar ere zabaldu zuen”, kontatu digu Prohomek. Berak hamar urte baino gehiago darama Correllenguaren arduradun izaten, baita CALeko Idazkaritza Nazionaleko kide ere.

Ekintzaile edo idazle bat omentzen dute urtero: “Bere lana aitortzen dugu eta aitorpen-ekitaldiak antolatzen ditugu. Gure leloa ‘Hizkuntza, Kultura eta Askatasuna’ da eta, pertsona ospetsu batek egindako adierazpena ere urtero irakurtzen dugu”.

Miquel Gelabert aktoreak irakurri zuen 2017ko Correllenguaren adierazpena.

Ekimen bakoitzak bere erritmoa du: batzuk bidea hasten ari dira (Alsaziarren lehenengo lasterketa 2020. urtean izango da); beste batzuk beteranoak dira (Korrikak 21 aldiz zeharkatu ditu Euskal Herriko kaleak); eta ziur oraindik ere gehiago sortuko dituztela.
Antzekotasunak eta desberdintasunak alde batera utzita, Eurokorrikak hizkuntza-eskubideak aldarrikatzea du helburu eta geratzeko asmoz sortu den ekimena da.

Eta zuk, Korrika ezagutzen zenuen? Eta ezagutzen zenituen Europako beste bertsioak? Bazenuen Eurokorrikaren berri? Zer iruditu zaizu? Garrantzitsua iruditzen zaizu hizkuntza-eskubideak errespetatzea? Zergatik?
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

1. Europako hainbat hizkuntza txikik Eurokorrika osatu duzue: hizkuntzen aldeko lasterketen europar sarea. Zein helburu du?
Hizkuntza txiki horiek presentzia bat izatea ere Europan, ez? Ikusaraztea jendeari bueno, pues (ba) hizkuntza ezberdinak daudela, Europan, hizkuntza(a) nagusi horien menpe ez daudenak, ez daukatenak zerikusirik eta bueno, gauzak ere egin ditzakegula elkarrekin.

2. Horientzat Korrika da eredua, baina erritmo desberdinak ditu lasterketa bakoitzak…

Hor bildu ginenok izan ginen batzuk berez jada bageneuzkan gure Korrikak edo gure esperientziak abiatuta; beste batzuentzat, La Passem, Biarnokoentzat, eurek egin zuten lehenengoa ekainean; alsaziarrek egingo dute 2020an lehenengoa… Orduan badago hor, ez dakit, esango nuke eferbeszentzia bat egon badagoela, horrelako hizkuntz(a) txikien lasterketekin, ez? Gero jakin izan dugu ere bai pues (ba) Kaledonia Berrian ere zer edo zer egiteko asmoa dagoela, maputxeek ere zer edo zer egiten dute Ameriketan… Orduan, badago hor zer edo zer egon badago, hizkuntz(a) gutxituek erreferentzia moduan Korrika hartu dute eta haien aldarria egiteko hizkuntz(a) gutxitu edo txiki horren aldarria egiteko Korrikaren moduko lasterketak edo ekimenak bideratzen ari dira, bai?
Orduan, asmoa zen Europa mailan foro bat sortzea: foro horretan, gutxieneko koordinazio bat egotea; guk gure gauzen berri ematea; haiek euren gauzen berri ematea; eta dena konpartitzea, zelan da? Sare sozialetan, kasu honetan Facebook batean; baina bueno, komunikazioa zabalik mantentzea; eta apurtxo bat denok ere begiak adi izatea besteek zer egiten duten ikusteko; eta konpartitzeko batez ere esperientziak eta ekimenak.

3. Nolakoa izan zen Bretainian (Frantzia) maiatzean egindako topaketa?

Bueno, asteburu bat egon ginen Bretainian, Kemperren. Eta, claro (noski), egia esan, guk uste dugu haiek baino urte batzuk aurrerago goazela, ez? Aldarrietan, pentsakeratan (pentsaeratan)… Ez haiek igual, ba bai, hori izan dute hizkuntzarena, baina igual apurtxo bat aletargaturik (lozorroan) izan dute eta orain konturatu dira aldarria zein izan behar duen, nondik jo behar duen… Zeren hor, batzuekin komentatzen, pues (ba) batzuen ideiak eta guk igual ateratzen genuenean beste gai bat, esaten ziguten: “Jo, zuek bazaudete gu ez gauden tesitura (egoera) batean, ez? Askoz urte gehiago daramatzazue, askoz aurreratuago zaudete, ez?
Orduan helburua batez ere koordinazioa eta irizpide batzuk markatzea hizkuntza(a) txiki horiek normaltzeari begira, ez? Europa mailan zer edo zer egin baleike (baliteke) pues (ba) egin ahal izateko. Eta claro (noski), errealitateak oso desberdinak dira, abiatzeko orduan ere bai. Alsaziarrek zeukaten diskurtsoa edo geuk eduki ahal duguna oso desberdina zen: haientzat lehenengo Korrika izango da datorren urtekoa; eta guretzat  hogeita bigarrenaren atarikoa izango da.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Apr 4, 2019
Number: 41340626
Dialect:
  • Batua
Duration: 00:03:51
Number of visits: 353